NAIZ

EH Bildu: «Ezinbestekoa da subiranotasunaren printzipioa munduko herrien bakea defendatzeko»

‘Autoritarusmoaren aurrean: Euskal Herria’ adierazpena kaleratu berri du EH Bilduk, nazioarteko azken gertakarien harira. «Subiranotasun printzioa, autodeterminazioa eta munduko herri eta nazio guztien bakea defendatzea» eskatu du aipaturiko oharrean.

EH Bilduko Mahai Politikoa, artxiboko irudi batean.
EH Bilduko Mahai Politikoa, artxiboko irudi batean. (Gotzon Aranburu | FOKU)

Mundua hankaz gora dagoen honetan, nazioarteko azken gertakarien harira, Euskal Herriko bi alderdi nagusiak ezegonkortasun horri begira jarri eta euren kezkak adierazi dituzte astelehen honetan. EH Bilduk ‘Autoritarismoaren aurrean: Euskal Herria. Burujabetza, autodeterminazioa, bakea’, adierazpena adostu du astelehen arratsalde honetan Mahai Politikoan. EAJko presidente Aitor Estebanek ere ‘Onda Vascan’ egindako elkarrizketan AEBei begira egoten uzteari deia egin du.

2026. urtea hasi orduko, ezker suberanistak baieztapen bat egin du: «Autoritarismoa mehatxu erreala da munduko herrientzat eta demokraziarentzat». Azaldu du testuinguru ekonomiko eta sozialarekin erabat lotuta dagoela munduan zehar gailentzen ari den gerra klima, eta bien bitartean «Europa Batasunak eta bere inguruan diharduten eliteek atzera egitea erabaki» dutela, «proiektu propioaren gabezia are gehiago sakonduz».

«Venezuelaren subiranotasunaren aurkako erasoa, nazioarteko zuzenbidearen urraketa eta presidente baten bahiketa argi eta garbi salatzeko gai ez direnengandik, edota Palestinan genozidioa amaitzeko Israeli aurre egin eta modu eraginkorrean isolatu ez dutenengandik, ezer gutxi espero dezakegu», ohartarazi du. Gaineratu du militarizazioaren apustuak eta diplomaziari zein elkarrizketari uko egiteak gatazken konponbidea atzeratu soilik egiten duela.

Ezer subiranistak argi du zein den bidea: «Elkarrizketa eta akordioa, diplomazia eta negoziazioa beste irtenbiderik ez dago. Ezinbestekoa da subiranotasunaren printzipioa, autodeterminazioa eta munduko herri eta nazio guztien bakea defendatzea».

Eta era berean, ohartarazpen bat egin du, Donald Trumpen anbizio inperialista eta esku-hartzailea bere Segurtasun Nazionaleko Estetagian jasota dagoela. Eta horrez gain, Europako Batasuneko hauteskundeetan esku hartu eta eskuin muturreko alderdien alde egiteko asmo argia ere jasotzen dela estrategia horretan. «Euskal Herriaren kasuan, bitan banatutako estaturik gabeko nazio gisa, bultzada ekarriko lieke horrek Agrupazio Nazionalari Ipar Euskal Herrian, eta VOXi eta PPri Hego Euskal Herrian», eta herri gisa erantzuteko deia egin dute.

Euskal Herriak baldintza politiko, sozial, historiko eta ekonomikoak badituela behar den mailako erantzuna artikulatzeko adierazi du EH Bilduk: «Gauza handiak egin ditzakegu olatu autoritarioa geldiarazteko, badago egiazko alternatiba, eta Europako beste proiektu bat posible da».

«Interes partikularrak alde batera uzteko beharra» aldarrikatu du ezker subiranistak eta munduari zabaldu dio gerraren eta itxaropenik ezaren aurrean alternatiba badagoela: «Beste era bateko Europa posible da. Herrien subiranotasuna eta horrekiko errespetua egon behar dira alternatibaren oinarrian». 

Esteban: «Trump XXI. mendeko Neron da»

EAJko presidente Aitor Estebanek Onda Vascan egindako elkarrizketa batean munduko ordena zalantzan ikusten duela aitortu du, batez ere Amerikako Estatu Batuetako Donald Trump presidentearen inguruan: «Gizon honen nortasuna oso nartzisista da, XXI.mendeko Neron berriaren aurrean gaude». Adierazi du ez dakigula «zertan eboluzionatuko» duen mundu mailako ordenak. Bere ustez, AEBko presidentearen arrazoibidea «Putinek erabiltzen duen eta Txinak erabil dezakeen bera da». Europaren eta Estatu Batuen arteko harremana birpentsatu beharra nabarmendu du, eta kasu batzuetan Europak «argi eta garbi» hitz egin behar duela uste du: «AEBri esan behar dio: ez zaitugu behar eta ez dugu zurekin ezer jakin nahi».

«AEBrik gabeko akordioak eraikitzen» hastearen beharra azpimarratu du Estebanek, «ez dakigu hiru urte barru zer gertatuko den, baina ezin zara fidatu. AEB guztiz ezberdina da jada». «Venezuelako herritarrek beren etorkizuna askatasunez aukeratu ahal izatea nahi dugu; baita groenlandiarrek eta munduko toki guztietako biztanleek, euskal herritarrentzat ere izatea nahi dugun bezala», gehitu du.

Bestalde, Groenlandiaren aurkako mehatxuen inguruan NATOn hitz egin behar dela adierazi zuen: «Esan beharra dago: hau txantxa bat da edo benetan da? Eta benetan bada, zer egiten dugu hemen? disolba dezagun hau. Zuek jarraitu zuenarekin eta guk gurearekin. Begiak itxi ditzakegu momentu batez, baina baldintzak ez dira aldatuko eta argi dago Neronek bi gauza bakarrik ulertzen dituela: bat, aurre egin diezaioten, eta bi, aurre egiten dion horrek indarra izan dezala. Horregatik, honaino esan behar zaio berari batetik, eta bestetik Europak batu egin behar du».