Aktualitateko erredaktorea

Vueltako protestengatik auzipetuei elkartasuna adierazteko dozenaka lagun bildu dira Bilbon

Bilbon Vueltako helmugan Israel Premier-Tech taldearen parte hartzearen aurka egindako protesten harira, lau lagunek deklaratu dute Bilboko Justizia Jauregian. Auzipetuen absoluzioa eskatu dute Palestinarekin Elkartasuna eta Gernika-Palestina plataformetatik.

Auziperatuek babesa jaso dute epaitegira sartu aurretik.
Auziperatuek babesa jaso dute epaitegira sartu aurretik. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Palestinaren aldeko elkartasun uholde batek hartu zituen errepideak iazko irailean, Vueltako etapak Euskal Herritik pasa zirenean. Israel Premier Tech txirrindularitza taldearen presentzia salatu zuten milaka herritarrek. Haatik, hainbat txokotan atxilotuak egon ziren, hala nola Bilbon, Larrabetzun eta Irunberrin.

Asteazken goiz honetan, hiru lagun deklaratzera deitu dituzte Bilboko epaitegietara, ikertu gisa, Bizkaiko hiriburuan Vueltaren baitako protesten harira. NAIZek jakin duenez, azkenean, beste pertsona batek ere deklaratu du epailearen aurrean, beraz, guztira, lau dira auzipetuak. Epaileak autoritatearen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea leporatzen die.

Pertsona hauei babesa adierazteko elkarretaratzera egin du Palestinarekin Elkartasuna plataformak goizeko 11.00etan. Aurretiaz, 10.30ean, Gernika-Palestina ere kontzentratu da epaitegiaren aurrean, Palestinaren aldeko aldarriekin. Plataforma biek auzia bertan behera gera dadin exijitu dute.

«Absoluzioa eskatzeko hurbildu gara asteazken honetan Bilboko epaitegira, Palestinaren aldeko aldarria ez dezaten kriminalizatzen jarraitu. Oldarraldi handia ikusten ari gara elkartasun horren aurka Europan, aitzitik, ez da ikusten horrelako ahaleginik Israelen kontra», salatu du Luis Artola Palestinarekin Elkartasuneko kideak.

Jakinarazi dutenez, atxilotuak ez dira plataformako kideak, Israel Premier-Tech taldearen presentzia salatzeko eta Palestinar herriari elkartasuna adieraztera joan ziren herritarrak baizik. Halaber, salatu dute kalez jantzita zeuden ertzainek bortizki jipoitu zituztela manifestariak, hauek atxilotuz.

Asteazken honetan aurkeztu dira, aurrenekoz, epailearen aurrean. Deklarazio azkarra izan da, baina, horren ostean, auzipetuek ez dute hedabideekin hitz egin. Aurrerantzean, epaileak erabakiko du prozedura judiziala ireki ala bertan behera geratuko den. 

Elkartasun kanpaina martxan

Era berean, Palestinarekin Elkartasunak kanpaina bat abiatu du, «sionismoaren aurkako ekimenetan parte hartzeagatik hainbat ekintzailek jasaten duten errepresioaren harira».

Bilboko auzipetuez gain, badira beste auzi ireki batzuk: Zinemaldian egindako ekimen batengatik, Vueltako hamargarren etapan Irunberrin egindako protesta batengatik eta Enekurin egindako errepide mozketagatik.

«Ariman mina hartu zuten Aburtok, Pradalesek eta Zupiriak. Israelen aurrean isilik geratu zituztenak haserre jarri ziren, Bilboko irudia zikindu omen genuelako. Baina, konplizeen aurka altxatu zirenak ari dira epaitzen. Horregatik, hemen bildu gara elkartasuna adierazteko, ezin dugu onartu Israelen presentzia, ezta Israelekin harreman komertzialak mantentzea ere», salatu du Artolak.