Txikitik handira, ilusiotik ardurara; euskal pilota mundura begira
Azken asteetan Euskal Herritik Mundura txapelketa antolatu du Euskadiko Pilota Federazioak, urrian Argentinan jokatuko den Mundialera prestaketa saio moduan. Asteburu honetan jokatuko dira finalak: pala Sopelan, esku pilota Zumarragan eta zesta-punta Burgelun. Protagonistekin hitz egin du NAIZek.

Emakumezkoen esku pilota ez da Argentinako Munduko txapelketan lehiatuko. Nobedade horrekin egin dugu topo Olatz Arrizabalagarekin hitz egiterakoan. Euskal Herritik Mundura txapelketan finalera iritsi da eta Enara Gaminde izango du aurrean, azken urtean garaitezin aritu den laukiztar gaztea. Zentzu horretan, kolpetxoa eraman dute biek ala biek, «gurean jada normalizatua daukagulako emakumezkoak esku huskan aritzea, borrokatu dugu jada, baina oraindik ere nazioartean borrokatzen jarraitu behar dugu».
Nazioen Ligan erakustaldi bezala aritu ziren –urrezko domina poltsikora zuen Euskal Selekzioak– eta Munduko txapelketara joateko lehen urratsa izan zitekeen. «Argentinak antolatzen du txapelketa eta selekzio bakoitzak ere begiratzen die bere interesei. Emakume gutxi gara oraindik ere eta lanean jarraitu beharko dugu». Kolpeak kolpe, Arrizabalaga zein Gaminderentzat aberasgarria izan da oso Federazioak antolatu duen txapelketa. «Polita izaten ari da, asko motibatu gaitu», dio Gautegiz Arteagako aurrelariak. Erronka bezala hartu du, urtean zehar oso gutxi jokatzen dutelako Lau eta Erdira eta sentsazioekin topatu nahi zuen.
«Hobetzeko txapelketa bat izan da, sekulako maila egon da, lehiakortasun handia», dio Gamindek, eta igande honetan ginga jarri nahi dio: «Denbora da Olatz mendean hartzen ez dudala». Arrizabalagarentzat, aldiz, Laukizkoa da faboritoa: «Azken urte eta erdian finaletan egon da, dana irabazi du, eta denok nahi dugu bera menperatu. Ikusi da txapelketan zehar zer nolako maila daukan, nola dabilen jokatzen, konfiantzaz beteta dago eta asko laguntzen dio berari. Bera izango da faborito, presioa berari botako diot. Ni disfrutatera aterako naiz».

Lehiakortasuna igotzeko eta disfrutatzeko txapelketa izan da Euskal Herritik Mundura. Hogeita sei jaialdik osatu dute, bost asteetan zehar banatuta, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 23 herri ezberdinetan jokatu da. Zentzu honetan, Federazioko presidente Joxe Mari Mitxelenak aitortza bat ere egin nahi izan die herri horiei, bai eta bertako pilota elkarteei, pilota bizirik jarraitzeko ezinbesteko hauspo direlako.
Hiru modalitetan jokatu da: esku huska (emakumezkoen Lau eta Erdi, gizonezkoen Banakako eta Binakakoa), zesta punta eta pala (paleta larruz eta pala motza). Ekhi Irribarriak Carregalen aurka jokatuko du gizonezkoen Banakako finala: «Asko borrokatu beharreko partida izango da». Aramarrak ondo ezagutzen du Zumarragako pilotalekua eta beraz, pilotari asko emanaz, min egiten saiatuko da.
Arduratik ilusiora
«Esperientzia positiboa» izan da gipuzkoarrarentzat, txapelketa hasiera ezustekoz hartu bazuten ere, «maila sekulakoa» izan delako eta hobetzeko aukera eman dielako. Honek bai Mundiala dauka helburutzat: «Gure ametsetako bat da, Euskal Selekzioaren lehen Mundiala izango da eta hori irabaztea historikoa litzateke».
«Ardura» hitza erabili du, bestalde, Ihart Arakistain sopelaztarrak: «Gure herria ordezkatzea kriston ardura da denontzat, ahalik eta hoberen ematen saiatzen gara. Esperientzia izugarria da kamiseta hau janztea. Presioa ere badago, ze herri bat ordezkatzea ez da erraza, ez dugu inoiz bizi izan. Baina presioa baldin badago esan nahi du oso aukera polita dela».

Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren bidean protagonista izatea ohoretzat daukate eta argi utzi oraindik ere badela zer borrokatu: zazpi herrialdeak ordezkatzea izan behar delako helburu. 36 metroetako Nazioen Ligan Euskal Selekzioarekin aritu zen Ihart Arakistain, eta iazko ekainean, 54ko pilotalekuan, Helena Barrenetxea. Zilarrezko domina bana erdietsi zuten. «Mundiala, halere, gauza serioa da», dio durangarrak, eta motibazio iturri izan dela tanto bakoitza borrokatzeko.
Igande honetan, 17.00etan, elkarren aurka arituko dira Burgeluko finalean, lan ona egin osteko sari bezala. Barrenetxearentzat, Arakistainek indarra eta esperientzia baliatu ditzake baina bere aldetik, partida luzatzen saiatuko da, fisikoan estutuz. Dena dela, esperientziak batu eta ikasten joateko baliatu dute azken asteetako lan saioak. «Banaka ez dugu askotan jokatzen, 36 metroan, kantxa asko kubrtiu behar da, zeu bakarrik zaude, errebotera erraz iristen da; batez ere, errebotea lantzen egon gara, asko ikasi dut. Pilotak datozen moduan sartu behar duzu, zu moldatu behar zara pilotara», kontatu du.
Irakaspenetik hauspo izatera
Palaren egoera, bestalde, oso gordina dela kontatu diote NAIZi Erik Zubiri eta Markel Sierra palistek eta txapelketa honek nolabaiteko arnasa eman diela. «Niretzat esperientzia izugarria izan da. Izugarria izan da maila honetako palistekin entrenatu eta lehiatzea», kontatu du sopelaztarrak. Era berean, txapelketa hauek palaren ikusgarritasunean ere laguntzen dutela adierazi du.

Etxean jokatuko du paleta larruzko finala, Madariagarekin bikotea osatu eta Landeta-Ibai Perezen aurka. Erik Zubirik, bestalde, pala motzean, Olazabal izango du bizkarzain eta Gaubeka-Gordon eskarmentu handidun bikotea aurkari. Ilusioz mintzatu da armintzarra Mundialera begira, «oinak lurrean», baina 2018ko garaipena gogoan: «Ni saiatuko naiz Argentinara joaten. Eta joaten banaiz, irabazteko da; ezagutzen ditut aurkari guztiak. Bartzelonan jokatu nuen 2018an, han irabazi ahal izan nuen eta helburua irabaztea da. Gainera, orain aukera daukagu geure kamiseta janzteko eta askoz ilusio handiagoarekin irabaziko nuke».

Estebanen iritziaren aurka, BBBk Ibone Bengoetxea hautatu du Bizkaiko ahaldun nagusigai

El TSJPV da la razón a EHU en la causa por la nota de euskara en la PAU

Sánchez, Abdul-Jabbar y una carrera por la pole entre EH Bildu y PNV

Pide judicialmente no repetir curso con tres suspensos, tras la polémica resolución de la PAU

