
Tomas Soraluze Balentziaga Azkoitiko Epelde baserrian sortu zen 1945ean. Inguruko herrietan ‘Porrua’ goitizenez ere ezaguna izan den arren, jaiotetxearen izenarekin izan da ezagun trikitixaren munduan. Larunbat honetan hil da, 81 urte zituela, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak jakinarazi duenez.
Urola bailarako garaiko etxe ugaritan bezala, familiatik jaso zuen berak ere herri-musikarekiko zaletasuna. Aita eta aitona dultzaineroak zituen, aitak panderoa ere jotzen zuen tarteka, baina anaia batek ekarri zuen aurrenekoz soinu bat etxera. Hala hasi zen bera soinua astintzen 8 urte zituela.
‘Epelde, mende baten soinua’ liburua idatzi zuen Xabier Gantzarainek Soinuaren liburutegia bildumarako 2004an. «Dultzaina jotzeko asko putz egin behar zen», esaten zuen bertan Epeldek.
Bere kasa ikasitakoa zen: «Entzun eta ikasten jardun. Ahaztu ere egiten ituan majo!», jasotzen da ‘Errautsak hauspotzen’ biografian.
Larrañagarekin hiru disko
Anjel Larrañagarekin batera, Epelde eta Larrañaga bikote artistikoa osatuz hiru disko grabatu zituzten Elkar disko etxearekin: ‘Elkarren ondoren’ (1999koa, sona handia lortu zuen ‘Kupela’ kantua bertan jaso zuten), ‘Noiz arte?’ (2001) eta ‘Agur’ (2004).
Euskal Herriko Trikixa Elkarteak pieza berrien sorkuntza bultzatzeko argiratutako ‘Geure kolkotik’ disko bildumarako ere hiru pieza sortu zituen, Iturbide zenak panderoarekin lagunduta, 2011ko edizioan.
Gutxi izanen dira bere musika hartu ez duten Euskal Herriko plazak eta horregatik, hainbat omenaldi egin dizkiote azkoitiarrari, besteak beste bere jaioterrian, Oñatin eta Aizarnazabalen. San Josetako trikiti jaialdian ere bai 2022. urtean. Jo ere hainbatetan egin du jaialdi horretan.
Trikitilari txapeldun, 1972an
Hainbat aldiz parte hartu zuen Euskal Herriko Trikitixa Txapelketan, eta 1972an garaile izan zen Luziano anaiarekin batera, Donostiako Trinitate Plazan.
Azkoitiko Carmona beilatokian egingo zaio beila astelehen honetan, 16.00etatik 20.00etara, eta asteartean, 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik hiletaren ordura arte. Andre Mari Jasokundeko parrokian izango da hileta elizkizuna, asteartean, 19.00etan.

Ester Muñoz, desde Madrid al rescate de la alicaída txosna del PP en Bilbo

Revuelta de carros en Donostia para denunciar que «cenar no es un delito»

Ane Lindane a Abogados Cristianos: «Un par de gaupasas y se os pasa la tontería»

La huelga de técnicos condiciona una Aste Nagusia modificada para salvar el concierto de ETS

