NAIZ

Mubil elektromugikortasun zentroa eraikitzeko obrak hasi dituzte Zubietan

Mubil Gipuzkoako elektromugikortasun zentroa eraikitzeko obrak inauguratu dituzte ostiral honetan Eskuzaitzetako poligonoan, Zubietan. Orotara, lanek 14,2 milioi euroko aurrekontua eta 15 hilabeteko iraupena izango dute.

Mubil zentro berriaren irudi digitala.
Mubil zentro berriaren irudi digitala. (MUBIL)

Mubil Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroa eraikitzeko obrak inauguratu dituzte ostiral honetan Zubietako Eskuzaitzeta poligonoan, Donostian. Obrak Moyua eta Amenabar enpresei esleitu dizkiete 14,2 milioi euroren truke eta 15 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da.

Mubilek ohar baten bidez azaldu duenez, «eraikin horretan hiru teknologia laborategi egongo dira, etorkizuneko ibilgailuetarako funtsezko osagaiak testatzeko: energia biltegiratzea, power train eta hidrogenozko erregai pila)». Eraikin berriari esker, Mubilek uste du Gipuzkoak azpiegitura teknologiko «diferentziala eta oso aurreratua» izango duela.

«Eraikin berri hau baliagarri izango da Mubil gunearen potentzial teknologikoa osatzeko eta biderkatzeko eta, beraz, Gipuzkoan eta Euskadi osoan mugikortasun adimendun eta jasangarriaren sektorea babestu eta bultzatzeko aukerak osatu eta biderkatuko ditu», nabarmendu du Gipuzkoako ahaldun nagusia den Markel Olanok.

Obrak amaitu ostean, datorren urte amaiera bueltan, laborategiak instalatzeari ekingo diote. Beraz, 2024rako Mubilen Zubietako zerbitzuak martxan egotea espero dute.

Ana Camacho Lakuako Industria eta Trantsizio Energetikorako zuzendariaren esanetan, zentro berria «erreferentziazko gunea» izango da mugikortasun jasangarri eta adimendunean, «gaitasun zientifiko-teknologikoak eta industrialak lerrokatzeko gai izango dena». Gainera, Camachok nabarmendu du Mubilen Zubietako zentroak «jarduera ekonomiko berria sortzeko, ezagutza transferitzeko mekanismoak bultzatzeko eta negozio eremu berriak sortzeko» balioko duela.

Instalazioen ezaugarriak

Eraikinaren ezaugarriei dagokienez, egoitza berriak ia 10.000 metro karratuko espazioa izango du. Eraikin nagusiak 4.900 metro koadro izango ditu, lehenengo laborategiak (energia biltegiratzekoak) 2.200 metro koadro, eta bigarren eta hirugarren laborategiek (power train eta hidrogenozko erregai pilak) 2.500 metro koadro guztira.

Horretaz gain, Mubilek jakinarazi du zentroaren egoitzaren inguruan Aldundiak 38.326 metro koadroko partzela bat erosi diola Donostiako Udalari, mugikortasun berriaren garapenarekin lotutako enpresak jartzeko. Espazio hori, beraz, «mugikortasun berriko poloa sortzera» bideratuko dela jakinarazi du Mubilek, mugikortasun jasangarriari lotutako proiektu berritzaileak eta jarduera ekonomikoak garatzeko.