
San Sebastian Eguneko eguerdian Donostiako kaleak girotuko dituen Haur Danborradaren aurkezpena egin dute astearte honetan udaletxean. Jon Insausti alkateak eta Kultura zinegotzi Ana Lopezek ongietorria egin diete Haur Danborradako Danbor Nagusiari eta pertsonaiei eta honako mezua zuzendu diete: «Eskerrik asko zuen ilusioa eta gogoa hiri osoari erakusteagatik. Horrek egiten du benetan handia San Sebastian eguna».
Aurtengo San Sebastian eguneko eguerdian 4.630 haurrek parte hartuko dute Haur Danborradaren desfilean. Hiriko 38 ikastetxek eta elkartek osatzen dituzten 45. konpainietako 2.486 neskak eta 2.144 mutilek Sarriegiren martxak joko dituzte erdialdeko kaleak zeharkatzen dituen desfilean. Konpainia horien guztien buru Intxaurrondo Haur Danborradako Argoitz Echezortu San Jose egongo da. Berak emango dio hasiera desfileari udaletxeko balkoitik.
Eguerdiko hamabietan irtengo da balkoira Danbor Nagusia, eta bi laguntzaile izango ditu alboan: Alkatea eta Notarioa, Intxaurrondo Haur Danborradako Valentina Errante Santos eta Odei Albarca Lopetegi. Haiekin batera, Jon Saizar Viles Jenerala eta Ane Martin Lopez Laguntzailea egongo dira.
Laurak, Haur Danborradako gainerako pertsonaiekin batera, karroza handi batean aterako dira, palafrezainak aurretik kalesa batean dituztela. Pertsonaia guztiak Intxaurrondo Haur Danborradaren ordezkariak izango dira.
Ayleen Kristen Siavichay Lopez izango da Easo ederra, Elena Pascual Loi eta Nahia Abal Aldaz Damak, Aimar Benavente Briones Hiritarra; Aitor Ponce Prieto Arrantzalea, Paola Errante Santos Irulea, Ekaitz Fernandez Otegi Artzaina, Ibai Redondo Lerones Dendaria, Ariane Valderrama Aldasoro Urketaria, Ander Bermejo Gomez Mandazaina, eta Leo Pina Castro, Mateo Lasa Santos, Oihan Benavente Briones, Elene Celestino Creo, Bruno Larramendi Cruz eta Unax Manzano Irigoien izango dira Palafrezainak.
Auzoetan
San Sebastian Egunaren aurretik hasiko dira haur danborradak auzoak girotzen, hiriko hainbat ikastetxek eta elkartek antolatuta.
Hala, urtarrilaren 16an, ostiralarekin, Mendiola HLHIko ikasleek hasiera emango diote jaiari Bidebietan.
Larunbatean, hilaren 17an, Eskibel Ikastetxeak, Arantzazuko Ama Ikastolak, Jakintza Ikastolak eta Intxaurrondo Hegoa ikastetxeak girotuko dituzte Ibaeta, Martutene, Antigua eta Intxaurrondo auzoak.
Astelehenean, hilaren 19an, arratsaldean, hamabi haur danborradak alaituko dituzte kaleak: IGE Larrun (Amara), Altza-SJC (Altza), Axular Lizeoa (Aiete), Harri Berri Oleta Ikastetxea (Altza), Elaienea ikastetxea (Antigua), Intxaurrondo Ikastola (Intxaurrondo), Zuhaizti eskola publikoa (Gros), Gaztelubide Txiki (Parte Zaharra), UA 150 Haur Danborrada (Parte Zaharra), Kresala Txiki Danborrada (Parte Zaharra), eta aurten lehen aldiz aterako den Kañoyetan Txiki haur danborrada (Parte Zaharra).
Urtarrilaren 20an, eguerdiko desfilearen ostean, arratsaldez Amaratarra Txiki Danborradak emango die amaiera aurtengo Haur Danborraden irteerei.
Herri Ametsak 50 urte
Aipatzekoa da aurtengoa egun berezia izango dela Herri Ametsa ikastolako danborradarentzat, izan ere, 50 urte beteko ditu Haur Danborradan parte hartzen. Egun Bidebieta auzoan kokatuta dagoen ikastolak 1976. urtean parte hartu zuen lehen aldiz desfilean. Ikastola gisa parte hartu zuen lehen ikastetxea izan zen. Hortaz, aurten 50. urteurrena ospatzeko oroitzapen gorbata jasoko du.
Eguraldi txarra balitz, 25ean
Eguraldi txarra egingo balu, Haur Danborradaren irteera igandean, urtarrilaren 25ean egingo litzateke; 2026ko azkeneko aukera izango da.

Zubietarrak eta iturendarrak, joare soinuz naturaren ernatzea irudikatzen

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak

Osakidetza ha administrado vacunas caducadas a 253 personas, la mayoría bebés

El ‘Reloj del Juicio Final’ marca 85 segundos, más cerca que nunca del fin del mundo
