NAIZ

Euskal Sagardoaren uzta, oparoa baina espero baino txikiagoa

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duten sagardo-ekoizleek 4 milioi kilo sagar baino gehiago bildu dituzte, eta, horri esker, 3 milioi litro sagardo baino gehiago egin ahal izan dira.

Gasteizen astearte honetan egindako aurkezpena.
Gasteizen astearte honetan egindako aurkezpena. (EUSKAL SAGARDOA)

2025eko uzta oparoa izan da aurrekoarekin alderatuta, baina espero zena baino txikiagoa. 2023an 6 milioi kilo fruta bildu ziren eta 4 milioi litro sagardo ekoiztu ziren. Iaz Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duten sagardo-ekoizleek 4 milioi kilo sagar baino gehiago bildu zituzten, eta, horri esker, 3 milioi litro sagardo baino gehiago egin dituzte.

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura osatzen duten 47 sagardotegiek 2025 uztako sagardoa aurkeztu dute astearte honetan Gasteizko Matxete plazan. Unai Agirre Jatorri Deituraren koordinatzaileak zehaztu duenez, 112 produktu egin dituzte, 170 ekoizleren sagar autoktonoak erabiliz.

Orain arte txotxean dastatu ahal izan diren sagardoak dira, eta botilan merkaturatzen hasi dira. Eta, haren esanetan, 2025eko uztak sagardo orekatu, fresko eta aromatikoak sortu ditu, baina, oro har, aurreikusi zitekeena baino gorputz gehixeago dute.

Dena den, azken urteotan produktu bereziak merkaturatzen ari dira ere: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, ondutakoak, egurrean garatuak, eta abar. Horrez gain, sagardo apardunak jatorri deituran sartzeko pausoak eman dira eta laster izatea aurreikusten da. Bide horretan sagardo apardunak ere ekoiztu dituzte hainbat sagardotegik eta baita izotzezko sagardoak, suzkoak eta bestelako sagardo desberdinak ere.

Sagardo Eguna, larunbatean Gasteizen

Euskal Sagardoak Arabara ekarri du aurkezpena, Topa! Gasteizeko ekitaldien barruan. Helburua da ostalariek sektorea eta produktua ezagutu dezaten eta «izen eta abizenak» dituzten sagardo-kartak izatera anima daitezen. 

Zentzu honetan, gaurko afariaz gain, profesionalei zuzenduta dagoena, larunbatean, ekaiaren 6an, Sagardo Egun herrikoia ospatuko da Gasteizko Matxete Plazan. Egun osoan zehar, jatorri-deiturako hamairu sagardo dastatuko dira, Mikel Garaizabalen eskutik. 

Musikak ere izango du bere lekua ekitaldian, kaleko musika eguerdiz eta DJ Malandro izango baita arratsaldez. Horrez gain, Eusko Label produktuen dastaketa ere izango da Txomin Parrillaren eskutik.