NAIZ
GASTEIZ

Sakabanaketarekin amaitzeko beharrean bat etorri dira Etxerat eta Urkullu

Iñigo Urkullu EAEko Gobernuburuak Etxerat elkartearen ordezkaritza bat hartu du gaur, lehen aldiz, Lehendakaritzan. Bat etorri dira sakabanaketa politikarekin amaitu behar dela eta presoen senideen sufrimendua aitortza beharrezkoa dela.

Etxerateko ordezkariak, Urkullu, Fernandez eta Hernandorekin. (IREKIA)
Etxerateko ordezkariak, Urkullu, Fernandez eta Hernandorekin. (IREKIA)

Eguerdian hartu ditu Etxerat elkarteko hiru ordezkari –Nagore Lopez de Luzuriaga, Maider Alustiza eta Jose Angel Aramendi– Iñigo Urkullu lehendakariak. Jonan Fernandez Lakuako Bake eta Elkarbizitzarako idazkari nagusia eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria ere bileran izan dira.

Maider Alustizak bukaeran kazetariei adierazi dienez, bilera positiboa izan da eta sakabanaketa bukatzeko elkarlanean aritzea adostu dute EAEko lehendakariarekin. Halaber, bat etorri dira presoen senideen sufrimenduaren aitortza beharrezkoa dela.

Alustizak gaineratu duenez, gaurko hitzordua «adierazpen hutsaletan» gera ez dadin adostu dute bi aldeek. Hala, bigarren bilkura bat hitzartu dute datozen eguneratako. Aipatu bilkuran, asteazken honetan adostu dituzten kontuetan sakonduko lukete.

Gaurko bilkuran Lakuako Gobernuak garatu dituen Zuzenbidea eta Hitzeman programak jaso dituzte Etxerateko kideek.

Lakuako Gobernuak oharra kaleratu du eta batzarra «modu adeitsuan eta eraikitzailean» egin dela esan du. Sakabanaketak presoen senideentzat dituen ondorioen «alde humanitarioa» aztertu dute eta, hitz egindakoari jarraiki, Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza nagusiak «Etxeratekin hartuemana izaten jarraituko du, Euskadin bizikidetza normalizatu batean sakontzeko lan esparruak aztertzeko».