NAIZ

Bertze 33 ziztada kasu gehiago jakinarazi zituzten bart Baionako bestetan

Larunbateko gauean Baionan giro lasaia nagusitu zela nabarmentzeko agiria plazaratu du gaur goizean Pirinio Atlantikoen Prefeturak, baina bertze 33 pertsonek ziztadak jaso zituztelakoan osasun zerbitzuetara jo zuten.

Bestetako 90. urtemugari eskainitako Corso izeneko gurdien desfileak baionarrak liluratu zituen bart.
Bestetako 90. urtemugari eskainitako Corso izeneko gurdien desfileak baionarrak liluratu zituen bart. (Guillaume FAUVEAU)

«Aparteko gorabeherarik ez». Esaldi horrekin laburbildu du Pirinio Atlantikoen Prefeturak bart Baionan nagusitu zen giroa. Baina segurtasun-bilana arreta deitzen duen zenbakia jaso du Prefeturak: 33 herritarrek, gehienetan emazteak, ziztada salbaiak jaso zituztela oharrarazi zuten.

Hala ere, kasu bakar batean bide eman zioten osasun zerbitzuek kexari, pertsona horri odol analisiak egiteko agindua emanez.

112 kasu azkeneko lau egunetan

Azkeneko lau egunetan bildutako datuek zer pentsa eman behar lukete.

Besten irekieraren egunean, asteazkenean, 16 abisu jaso ziren eta lau herritarrei analisiak egiteko erabakia hartu zuten osasun arduradunek. Jakin behar de unitate berezia ezarri dutela aurten pikura salbaien aferari buruz artatze egokia bermatzeko.

Ostegunean, berriz, 24 abisu jaso ziren, beti ere Prefeturak egunero plazaratzen duen bilanean jaso zuenez. Bi emazteri analisiak egiteko erabakia hartu zuten.

Ostiral gauean, aldiz, 39 lagunek ohartarazi zuten ziztadak jaso izana eta bederatziri analisiak egin zizkieten.

Orotara 112 kasu azalaratu dira baina gaur gaurkoz emaitza positibo bakar bat ere ez da jakinarazi. Nehork salaketarik ez zuela jarri  adierazi zuen ostegunean Prefeturak. 

Bestak hasi aurretik segurtasun egitasmoa aurkezteko Suprefeturaren egoitzan eginiko agerraldian, ordurarte, Ipar Euskal Herrian izandako besta ezberdinetan, 30 bat kasu azaldu zirela jakinarazi zuten.

«Bakar bat ere ez dela baieztatu» gaineratu zuten segurtasun arduradunek «beldur irrazionala sor dezaketen zurrumurruak barreiatzeko arriskuari buruz» oharra egin zuen, bere aldetik, Jerome Bourrier prokuradoreak.

Jendetza handia Baionako karriketan

Estatu ordezkaritzak gaur mahaigaineratu duenez, ostiralean bezala, bestazale anitz metatu ziren bart Lapurdiko hiriburuan. Oroitzearren, Herriko Etxeak eskainitako datuen arabera 300.000 herritar inguru joan ziren ostiralean besta egitera Baionara.

Ostiralaz geroztik 10 euro ordaindu behar dira besta eremuan sartzeko, Baionan.

Gaur Iruñearekin Baionak duen senidetzea ospatzeko eguna da Lapurdiko hiriburuan. Banden desfilea eta, oro har, karrikako ekimenak nagusituko dira. Patxa plazan, berriz, errepresaliatuen elkartasunean bazkaria eginen dute. Gaur gauean Corso izeneko gurdien agerraldiarekin amaituko dira bi urteren lehorteari amaiera emanez Baiona bost egunez zuri gorrian jantzi duten bestak.