
Iñaki Artolak 16 tantoan edo gutxiagoan utzi behar zuen Javier Zabala Buruz Buruko Txapelketaren finalerdietara sailkatzeko, eta hain zuzen ere 22-16 irabazi du Tolosako Beotibar pilotalekuan. Baina emaitza bezain harrigarria izan da hura lortzeko bidea: alegiarra 0-8 eta 4-10 galtzen hasi da, 13-15ean Zabalak bi tanto nahikoak zituen txartela eskuratzeko, baina Artola izan da saria lortu duena 9-1eko azken partzial bati esker.
Beraz, finalerdiak horrelaxe geratzen dira: Artolak Lasoren aurka neurtuko ditu indarrak datorren larunbatean Donostian, eta Dariok Larrazabalen aurka jokatuko du igandean Logroñon. Finala Nafarroa Arenan maiatzaren 31ean.
Nork esan hasiera ikusita...
Ez da erraza izaten tanto jakin batzuk egitera jokatzea. Gainera, Javier Zabalak bazituen aurrekari okerrak antzeko egoeretan, pare bat aldiz esku-eskuan zuen saria galdu izan baitu urduritasunen erruz. Horregatik, Iñaki Artolaren lehen lana partidari hasiera ona eman eta errioxarra neurketatik ateratzen saiatzea zen.
Bada ez, juxtu kontrakoa gertatu da. Zabala oso lasai ikusi dugu demaren lehen tantoetan. Aurreneko sakea berari egokitu zaio eta oso erasokor jokatuz 0-8 aurreratu da markagailuan. Bi aldiz pentsatu gabe, errioxarrak horma-bikoa bilatu du etengabe, eta hasiera horretan dena ongi atera zaio, baita jokaldirik aldrebesenak ere.
Partida amaieran Artolak berak aitortu duenez, alegiarrak ez zuen espero horrelako jarrera aurkariarengandik, eta ezustean harrapatu dio jokamolde horrek. Kosta egin zaio sakea berreskuratzea eta bere jokoa egiten hastea.
Denbora kontua zen, eta azkenean Zabalak behera bota duen horma-biko bati esker lortu du lehen tantoa Artolak, eta gipuzkoarra gai izan da "reset" egin eta bere jokoari zukua ateratzen hasteko.
Kanpora alde egin dion gantxo baten ondoren, emaitza 4-10ekoa zen Zabalaren alde, baina hortxe etorri da Artolaren lehen takada luzea. Sakearekin asko asmatuz eta errematera ausart joanez, zazpi tanto segidan egin ditu alegiarrak, markagailuan 11-10 aurreratuz.
Emozioa azken unera arte
Baina gaurkoa partida berezia zen, Artolak ez zuen nahikoa 22ra iristearekin, aurkaria 16an edo gutxiagoan utzi beharra zeukan, eta markagailura begira egon behar horrek sekulako tentsioa sortu du.
Artolari zabalera alde egin dion gantxo batekin Zabala 13-15 aurreratu da, esaterako. Une horretan errioxarrak bi tanto besterik ez zituen behar finalerdietara sailkatzeko, baina orduan iritsi da Artolaren partzial epikoa, harmailetan eromena nagusitzen zen bitartean.
Iñakik zortzi tanto egin ditu jarraian, 13-15etik 21-15era igaroz. Tanto bakoitza bultzada ikaragarria zen Artolarentzat, eta aldiz kilo batzuk gehiago jartzen zituen Zabalaren motxila astunean. Errioxarra, zurbil-zurbil eginda, bere onera etorri ezinean zegoen, aitak behin eta berriz lasaitzeko eskatzen zion arren.
Unerik zailenean, dena galdutzat ematen zuenean, Zabalak sekulako tantoa egin du boleaz horma-bikoa jota. Sakea berreskuratu du eta tanto bat behar zuen txartela lortzeko. Baina azken tanto horretan ere Artolak zuzenago jokatu du eta Zabalari ezker-airea kanpora joan zaio.
Sekulako eromena harmailetan eta baita kantxan ere, Iñaki Artola oso gutxitan bezala ikusi dugulako harmailetara oihuka garaipena ospatzen.
«Meritu doblea»
Arnasa hartuta, ohiko patxada berreskuratu du alegiarrak eta partida nola bizi izan duen azaldu du: «Aurreko egunak ez dira errazak izaten, ez da erraza izaten tentsioa kontrolatzen, baina horixe aipatzen genuen, egoera honetan finalerdietara sailkatzea lortzen banuen meritu doblea izango zuela, modu epikoan lortuko genuela, eta halaxe izan da».
«Hasieran hankaz apur bat lotuta sentitu naiz. Gaizki ez, pilota mugitzen nuela ikusten nuen, baina Zabalak jokaldia azkar bilatzen zuen eta hori ez nuen espero. Baina nire jokoa egiten hasi naizenean hobeto sentitu naiz. Sakearekin asko asmatu dut, errestoan ere bai, eta gero errematea. Ohiko gakoak izan dira gaur ere erabaki dutenak», gaineratu du.
Eta pozik agertu da aurretik duen erronkarekin. «Lasoren aurka, Atanon. Larrazabalen aurka galdu nuenean ez neukan esperantza gehiegirik. Ez galtzeagatik bakarrik, sentsazioengatik ere bai, baina orain aukera ederra daukat etxetik gertu».
FITXA
Pilotakadak: 265. Partidaren iraupena: 59 minutu. Markagailua: 0-8, 3-8, 3-9, 4-9, 4-10, 11-10, 11-14, 13-14, 13-15, 21-15, 21-16 eta 22-16. Sakez: 4 Artolak eta 2 Zabalak. Jokoan egindakoak: 14 Artolak eta 9 Zabalak. Galdutakoak: 5 Artolak eta 4 Zabalak. Gertaerak: 712 pertsona Tolosako Beotibar pilotalekuan. Iker Iriarte izan zen Artolaren botileroa eta Javier aita Zabalarena. Lehen sakea, urdin.

Una herida grave en Errekaleor tras un ataque que ven instigado por la Ertzaintza

El «centro» de la secta sedevacantista de Argiñao acoge a 55 niños sin escolarizar

En libertad provisional el presidente del club de rugby de Igorre tras 137 denuncias

Entre lo incomprensible y lo irresponsable

