NAIZ

Gure kulturaren Sormenaldia izango da Lekeition eta Markina-Xemeinen

Loraldia Plazak hauspotuta, lau urtez Lekeition burutu izan den euskal kulturaren emanaldien zikloak Sormenaldia izena hartuko du eta aurten Markina-Xemein batu da ekimenera. Bi herri, bi aste, olatu bera ekainaren 24tik 26ra, Lekeition, eta uztailaren 1etik 3ra, Markina-Xemeinen.

Mixel Etxekopar eta Zuberoako musika izango dira protagonista Markinan.
Mixel Etxekopar eta Zuberoako musika izango dira protagonista Markinan. (Guillaume FAUVEAU | FOKU)

Loraldia Plazaren baitan kokatzen da Sormenaldia 2026 egitarua eta aurten jauzi kualitatiboa emango du: Lekeition errotutako ibilbideari Markina-Xemein gehituta, bi herrietan sei eguneko kultur-programazio trinkoa eskainiko da. Ekainaren 24tik 26ra bitartean burutuko da Lekeition; eta uztailaren 1etik 3ra Markina-Xemeinera egingo du jauzia.

Duela lau urte Loraldiak antolatutako Lekeitioko Sormen Astean errotu zen, eta ordutik «alez ale, hostoz hosto» ari da sorkuntza sustatzen kostaldeko herrian; arnasgune bat da itsaso ondoko plaza horretan. Aurtengo edizioak ideia hori indartzen du eta berritasun estrategiko nagusia dakar, Markina-Xemein programazioan sartzen dela, uztailaren 1etik 3ra bitarteko hiru kultur proposamenekin. Zuberoa izango da iparrorratza: dantza, musika eta sorkuntza garaikidearen bidez.

Sormenaldia 2026k diziplina ugari bilduko ditu: musika, teatroa, bertsolaritza, literatura, zinema, performancea eta dantza tailerra. Bertsolari eta musika elkartuko ditu ‘Hezur Berriak’ (ekainak 24, Ikusgarri Aretoa, 20.00) ikuskizunak. Ane Labakaren poema-testuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak tartekatuko dira; musikaz Ines Osinaga arduratuko da, eta bertsoetan Uxue Alberdi eta Onintza Enbeita. 

Lekeition antolatu diren beste ekimen batzuk: ‘Ipuin bat kantatua’ (ekainak 25, Azkue Aretoa, 19.00) Eider Rodriguezek aukeratutako ipuin baten irakurraldia eta Anariren kanten hautaketa; eta  ‘Anton Abadia. Dublinetik Hendaiara’ (ekainak 26, Ikusgarri Aretoa, 20.00): Anje Oregiren bakarrizketa eta zuzeneko soinu-banda Xabi Zeberio, Mixel Ducau eta Alaia Phillipseekin.

Markina-Xemeinen Zuberoa izango da protagonista. Uztailaren 1ean, Zuberoako dantza tailerra izango da Mixel Etxekoparrekin (uztailak 1, Uhagon Kulturgunea, 18.30) eta ‘Xiberoa kantuz loraturik. Txoriekin hizketan’ film laburraren emanaldia (19.30): zinema eta solasaldia (30 min + 15 min). Sormen prozesuaren ikus-entzunezko begirada eta lekukotza gisa aurkeztuta. 

Uztailak 2an Mixel Etxekoparren performance musikatua izango da (Uhagon Kulturgunea, 20.30) eta uztailaren 3an ‘Lur’, Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberioren kontzertua (Uhagon Kulturgunea, 20.00). 

Ekintza batzuen sarrera doakoa da eta beste zenbaitetan aurretiaz sarrera atera behar da.