
Getariako uretan jokatuko da igande honetan Euskadiko Traineru Txapelketa, denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Egutegi aldaketa egin zenetik arraunzale askori estropada hau horren goizo jokatzea arraroa egiten zaion arren, Euskal Herriko ontzi onenak ikurrina bereganatzen saiatuko dira.
Badirudi, gainera, itsasoak gatza eta piperra gehituko dizkiola estropadari. Prebisioek ia bi metroko olatuak markatzen dituzte, periodo altuarekin, eta Getarian ohikoa den trabeskako olatuak asko zailduko dizkie lanak arraunlariei.
Gizonezkoen lehia 12.00etan hasiko da. Lehen txandan Zierbena, Santurtzi, Getaria eta Hondarribia irtengo dira, Bizkaia eta Gipuzkoako Txapelketetan hirugarren eta laugarren postuetan sailkatu ziren ontziak. Ondoren, bigarren txandan, Bermeo –Bizkaiko txapelduna–, Orio –Gipuzkoako txapelduna–, Isuntza eta Donostiarra neurtuko dira.
Iaz egin zutena ikusita, eta taldea mantendu eta akaso indartu egin dutela kontuan izanda, Orio jotzen da faborito nagusitzat, baina egia da aurreko astean, Gipuzkoako Txapelketan, Donostiarra ozta-ozta menderatu zuela. Iker Zabalak eskifaian egiten dituen aldaketak ere aztertzekoak izango dira.
Ordu bete beranduago, 13.00etan, hasiko da emakumezkoen estropada. Lehen txandan Ondarroa, Isuntza, Tolosaldea eta Hondarribia irtengo dira; bigarrenean Kaiku –Bizkaiko txapelduna–, Arraun Lagunak –Gipuzkoako txapelduna–, Deustu eta San Juan. Kasu honetan, Arraun Lagunak izango da faborito nagusia.
Estropadak ETBk zuzenean eskainiko ditu eta datorren asteburuan Meiran jokatuko den Espainiako Traineru Txapelketarako txartelak ere jokoan izango dira. Hor ere ikusi egin beharko da zein talde dauden joateko prest.
Orio jaun eta jabe Lekeition
Euskadiko Txapelketak itzal egin arren, Lekeitioko Ikurrina gaur jokatu da Bizkaiko herrian. Guztira 25 traineruk hartu dute parte eta Orio nagusitu da bai gizonezko eta bai emakumezkoetan.
Gizonezkoetan San Juan izan da bigarren, 9 segundora, eta Zarautz hirugarren, 11ra. Atzetik sartu dira Isuntza, Ondarroa, Deustu, Zumaia, Kaiku, Busturialdea, Hondarribia B, Portugalete, Hibaika, Arkote, Deustu B eta Mutriku, ordena horretan.
Emakumezkoen estropadan, oriotarrek 14 segundo sartu dizkiete Hibaikari eta 20 Zumaiari. Sailkapena osatu duten traineruak Tolosaldea, Zarautz, Kaiku, Hondarribia, Deustu, Isuntza eta Portugalete izan dira.

Igor Uriarte preso ohi gasteiztarra zendu da

Cuatro detenidos, militares con simbología nazi agredidos y diversos altercados en la final

«El lehendakari Urkullu debería leer mejor la historia del Gobierno Vasco»

Ertzaintzaren «bortizkeria eta jazarpen poliziala» salatu dute Donostiako Karmengo jaietan

