NAIZ

Burdin Hesiko IV. lasterketa egingo dute larunbatean, 1.200 parte-hartzailerekin

Antolatzaileek aitortu dutenez, harrera «arrakastatsua» izango du lasterketaren laugarren edizioak. Izan ere, 500 lagun geratu dira itxaron-zerrendan. Hori dela eta, datorren urterako bikoiztuko dute dortsalen kopurua.

Antolatzaileek prentsaurrekoa eskaini dute, Bilbon.
Antolatzaileek prentsaurrekoa eskaini dute, Bilbon. (BURDIN HESIKO LASTERKETA)

Eperlanda Kultur Elkarteak ostegun goiz honetan jakitera eman duenez, datorren larunbatean, ekainak 20, frantziar Estatuko, Moldaviako, Italiako eta Marokoko kirolariak etorriko dira Burdin Hesiko lasterketaren laugarren ediziora. Lortutako diru-sarrerak BioBizkaira bideratuko dira, gaixotasun neuropediatrikoen ikerketara zuzentzeko.

Eperlandako kidea den Saioa Landak jakinarazi duenez, 500 lagun geratu dira itxaron-zerrendan, eta, horregatik, datorren edizioari begira dortsalen kopurua handituko dutela iragarri du.

Ildo horretan, Landak nabarmendu du ekitaldi horrek sortzen duen «eragin ekonomiko eta turistikoa»: «Handitu da jatetxeen eta hotelen okupazioa, eta, tokiko eskualdeari ez ezik, hurbileko eremuei ere mesede egiten dio, hala nola Gernikari».

Ainhoa Zugastik, Lakuako Gobernuko biktimen eta giza eskubideen zuzendariak, aitortu du lasterketa hau «erreferentea» dela memoria demokratikoari dagokionez. «Burdin Hesikoa ez da karrera hutsa, 1937an Burdin Hesian askatasunaren alde borrokatu zutenen oroitzapena bizirik mantentzen du», azpimarratu du.

Probak hiru formatu eskaintzen dizkie parte-hartzaileei: 37 kilometroko traila, 1.700 metroko desnibela duena; 13 kilometroko traila, 500 metroko desnibela duena; eta 13 kilometroko ibilaldi herrikoia. Egun osoko egitaraua prestatu dute ere, ekitaldi ugarirekin.

Lasterketak kultura, memoria historikoa, kirola eta natura batzen ditu, baina, batez ere, lasterketa solidarioa da. Oraingo honetan, antolatzaileek lasterketaren «izaera ekologista» aldarrikatu dute. Aurkezpenean iragarri zuten bezala, datorren neguan, 1.500 zuhaitz landatuko dituzte lasterketaren ondarea mantenduko duen etorkizuneko baso batean.