
Zaharrak berri Euskal Herria zatitzen duen mugan. Ceutako gertaerak aitzakitzat hartuta, kontrol poliziala (baita militarra ere) are estuagoa egin du Gobernu frantsesak, eta astelehen honen arratsaldean agerraldi berezia egin dute horren berri emateko, Biriatuko mugan. Prefekturaren idazkari nagusia egon da bertan, besteak beste, eta egungo egoera «oso larria» dela eman du aditzera.
Adierazi dutenez, 2025ean migrazioaren aurka abiatutako neurriak gogortu egingo dituzte, ez besterik, baina kuantitatiboki jauzi nabarmena emanez. Guztira 400 polizikide eta soldadu izango dira Pirinioen barneko igarobideetan, etorkinik hortik pasatzea ekiditeko.
Azken urteotan oso egoera lazgarriak eragin ditu presio polizialak: dozena bat etorkin hil da Euskal Herrian, hegoaldetik iparraldera pasatzeko asmotan zebiltzala, kontrol polizialari izkin eginez, gehienak Bidasoan itota, eta hiru lagun ere trenak harrapatuta, Ziburun.
Arrisku egoerak maiz suertatzen dira: adibide modura, duela bi aste zabaldu zen pertsona bat desagertua zegoela mugan diren zubi batetik Bidasoako uretara salto egin ondoren. Irungo Harrera Sareak zortzi urteko bidea egina du, elkartasun lanetan.
Militarrak barne
Orain abiatu berri den estutzeak noiz arte iraungo duen ez da zehaztu, baina kontrol polizialak bertan iraunkorra izaten jarraituko duela argi utzi du Prefekturaren idazkari nagusiak, orain arteko emaitzak oso onak direla argudiatuz.
Orain arteko emaitzak ikusita pozik ageri da Prefekturaren idazkari nagusia: muga osoan zehar egunero 10-11 lagun atxilotzen ari direla argudiatu du
Zenbait datu eman ditu. Egunero Estatu espainoletik frantsesera muga zeharkatu nahian dabiltzan 10-11 lagun atxilotu dituztela aipatu du. Frantses lurraldetik kanporatzeko agindua jaso dutenen pertsonen kopurua biderkatu egin da: 2024an 575 izan ziren eta 2025an, ordea, 1.100. Beste 1.300 lagun Espainiaratuak izan dira zuzenean.
Momentuz, hirukoiztu egingo dute polizikideen kopurua, bi estatuen arteko muga osoan zehar. Sentinelle Operazioa delakoaren barruan 50 soldadu ere arituko dira lan honetan, eta horiekin batera bi unitate mugikorren 120 polikizide eta Armadako kide, 200 polizikide horretarako bereziki trebatuak, muga-zaintza arloko 20 ajente...
Honi guztiari izaera prebentiboa eman zaio. Izan ere, ez dago Ceutatik Euskal Herrira etorkin bakar bat ere etorri denaren inguruko zantzurik. Afrikako hirian bertan ez dakite momentuz Marokotik pasatako zenbat lagun geratu diren bertan; ehunka batzuk izan litezkeela uste dute, eta gehienak hango mendietan noraezean omen dabiltza oraindik. Lakuako Nerea Melgosa sailburuak astelehehean aipatu duenez, ez dago datu argirik momentuz. Honengatik ere, zinez adierazgarria da frantses Gobernuak mugen kontrola gehiago estutzeko hartu duen erabakia eta zein azkar inplementatu duen.

Ester Muñoz, desde Madrid al rescate de la alicaída txosna del PP en Bilbo

Hernani y Errenteria responden con hechos a las insinuaciones de Insausti sobre el sinhogarismo

Revuelta de carros en Donostia para denunciar que «cenar no es un delito»

«Guk nahi dugun jai eredua lortzeko hau da bide bakarra»



