Nor ote da hiltzailea? Modako buru-hausgarriak, Murdokuak
Hamaika pertsona ari dira haien detektibe zentzumenak garatzen korapiloak askatu eta susmagarrien artean hiltzailea nor den jakin ahal izateko. Murdokuak dira modan dauden buru-hausgarriak, heriotza baten baitan sortutako sudokuak dira, eta dendetara heltzen diren unean saltzen dira.

Gorpu bat topatu dute, hil egin dutenaren zantzuak ditu, hiltzailea ordea ez da inondik ageri. Susmagarri ezberdinak daude, eta bakoitzak pista bat dakar, ikertzaileak beraz, pistak eta asmakizunak ebazteko logika erabili beharko ditu hiltzailea nor den jakiteko. Erruduna topatzen denean aldiz, honek ez du zigorrik jasoko, ez da kartzelara joango; orria pasa eta beste gaizkile baten bila hasi behar da. Horiek dira hain ezagun egin diren Murdoku jolasen helburua, orri bakoitzeko hiltzailea nor den jakitea.
Ingelesezko “murder” eta sudoku hitzak elkartuz sortzen den izenburua dute buruhausteak eragiten dituzten asmakizun hauek. Sei bider sei, bederatzi bider bederatzi, hamabi bider hamabi edota forma ezberdinak dituzten sudoku hauen helburua hiltzailea nor den topatzea da. Gelek ezaugarri ezberdinak dituzte, batzuek etxe bat irudikatzen dute, edo ezkontza bat, edo mekaniko baten garaje bat, bestea beste. Susmagarri bakoitzak pista ezberdinak eskaintzen dituzte, eta horiek kontuan hartuz eta ilara eta zutabe berean bi susmagarrik koinziditzea debekatzen duen araua jarraituz, hiltzailea zein den jakingo du jolasten duenak.
Azken hilabeteetan ahoz aho eta eskuz esku ari dira zabaltzen “Murdokuak”, toki batzuetan erostea ere zaildu da eskakizunaren gorakadaren aurrean. «Guk hasieran ez genekien zer zen, eta bezero asko hasi ziren etortzen liburuxka hauen eskean, beraz begira hasi ginen eta ale batzuk ekarri genituen eta momentuan denak saldu ziren. Gu asko harritu gintuen», kontatu du Orereta-Errenteriako Maitexa dendako langileetako batek.
Jokalarien gehiengoak sare sozialen bidez izan du jokoaren berri, hala azaldu du Ainhoa Mendizabal Erkiziak: «Youtubeko bideo batean ikusi nituen lehen aldiz, eta arreta deitu zidan. Sudokuak baino errazagoa ziruditen eta probatu nahi izan nituen». Kontatu du etxean beti amona ikusten zuela sudokuak egiten, eta bera egunkarietako gurutzegramekin saiatzen zela; zailak egiten zitzaizkion ordea. «Sudokuetatik datozela ikusita, baina ikerketatik ere bazuela kontuan hartuta probatu nahi izan nuen», gehitu du.
«Lehen aleak ziztu batean saldu genituen, eta gaur egun ere hala gabiltza, ekartzen ditugunak azkar saltzen dira, eta gaur adibidez, lau pertsonak eskatu dizkigute oporretan egiteko»
Onintza Agirre Arana ere logika jokoen maitalea da txikitatik, eta hori horrela izebak aipatu zion joko hauen inguruan zerbait, baina informazio gutxi zuen: «Izebak esan zidan heriotzekin lotutako sudokuak zeudela, baina ez zuen informazio askorik, eta nire lehen aldia zen horien berri entzuten nuela. Denbora gutxira lagun batek zer zen ondo azaldu zidan zer ziren Murdoku jolasak». Buru-hausgarriaren berri izan ondoren erostea erabaki zuen, paperean jokatzeko.
Herriko dendetako batera jo zuen, zehazki, Maitexara, eta dendariak azaldu bezala, ez zuen alerik topatu, gehiago eskatu behar izan zituzten Agirrerentzat. «Lehen aleak ziztu batean saldu genituen, eta gaur egun ere hala gabiltza, ekartzen ditugunak azkar saltzen dira, eta gaur adibidez, lau pertsonak eskatu dizkigute oporretan egiteko, eta gabe gaude», zioen dendariak.
Mendizabalek ordea, paperean erosi beharrean mugikorrerako aplikazio bat bilatu zuen, nahiz eta ez Murdoku markarena izan bertan hasi zen jolasten eta gustatu bazitzaizkion ere errazak iruditu zaizkio: «Ez dakit ziur aplikazioagatik den eta paperean zailagoa izango den, baina errazak dira eta egia da agian horrek ilusioa pixka bat galdarazi didala». Aipatu du mailarik zailena jarrita ere, ez duela sudokuak egiteko behar adina denbora erabiltzen.

Agirre ordea oso gustura dago erosketarekin, batzuk espero baina zailagoak egin baitzaizkio eta «asko gustatzen zaio denbora inbertitzea korapiloak askatzen». Gaineratu du pixkanaka egiten ari dela udan liburua aprobetxatu ahal izateko: «Laster kanpinera noa eta bertan egiteko asmoz ari naiz orri asko gordetzen». Gainera, azaldu du bi liburuetako bat erosi duela berak, eta bestea lagun batek duela, horrela, amaitzen dutenean liburuxkak aldatzeko aukera ere badutela.
Paperean zein mugikorretan, era ezberdinetan baina jende asko ari da Murdokuen tranpan erortzen, eta Agirrek gehitu du hark arkatzez egiten dituela igarkizunak, inguruko norbait ere mundu honetan eroriz gero, lagunerekin aldatu baino lehen berrerabili ahal izateko.
Esperientzia desberdinak
Iritzi ezberdinak dituzte erabiltzaile biek, Agirre oso pozik dago erosketarekin, baina Mendizabal ez dago hain gustura: «Hasieran gustatu zitzaizkidan, ezberdinak dira, baina erraztasuna kontuan hartuta agian nahiago dut sudokuekin burua hautsi». Hala ere, esan du agian paperekoa frogatu beharko duela erabat ziur egoteko, edota Murdoku marka ofizialaren webgunean egin. «Bi aukera horietako bat frogatuko dut, agian nik dudan aplikazioa errazegia da eta», zioen barre artean.
Paperean batzuk egin ondoren, Agirrek argi du liburua amaitzen duenean bestea egin nahi duela: «Bi atal daude gaur egun, agian gehiago aterako dituzte, eta badakit lagunarekin aldatuko dudala beste liburua egiteko, asko ari baitzait gustatzen». Erabiltzaile eta dendariek argi dute modan dagoen jolasak badituela arrazoiak puri purian egoteko, nahiz eta saltzaileek dioten ez dakitela zenbat iraungo duen, moda bat izanik.
Bitartean, txoko ezberdinetan jende asko ari da detektibe mozorroa janzten eta hiltzaileak zeintzuk diren asmatu nahian. Orriz orri, susmagarriak mapetan kokatzen, eta hildakoak gela norekin partekatzen duen analizatzen. Modagatik zabaldu den jolasa bada ere, buruari eraginarazi dio jende askori.

Sabino Ormazabal, Euskal Herria maite zuen bakezale amorratua, zendu da

Ertzaintza y ultraderecha: la contradicción de Zupiria

«Pertsona normalek» Donostiaz gozatu dute 21. Irrikitaldian, «pirata malapartaturik gabe»

Cuatro hombres detenidos en Bizkaia acusados de agredir sexualmente a una menor de 14 años
