Elkarrizketa
Jean-Pierre Massias
Zuzenbideko katedraduna, justizia trantsizionalean aditua

«Itsasuko horma-irudiaren krisiak memoriaren inguruko tentsio bat azaleratzen du»

Iparretarrak (IK) taldeko kide izan zen Txomin Olhagaray gogoratzeko Itsasun egindako muralaren inguruan sortutako polemikaz mintzatu da Jean-Pierre Massias, IFJD justizia eta demokraziaren aldeko Louis Joinet institutuko presidentea eta justizia trantsizionalean aditua dena.

Jean-Pierre Massias.
Jean-Pierre Massias. (Patxi BELTZAIZ)

Iragan abuztuaren 25ean Itsasuko Sanoki aretoaren aurrealdean Iparretarrak taldeko (IK) militante izan zen Txomin Olhagarayren omenezko horma-irudia inauguratu eta bi egunera, auzitegietara jotzea erabaki zuen Pirinio Atlantikoetako prest berriak, Simon Fetetek, eta herriko alkateari eskatu zion irudia ezaba zezala. Haren ustez, udal-eraikin bat apaintzen duen inskripzio horrek «ageriko asmo hiltzaileak zituen eta huts egin zuen atentatu bat goresten du», eta zigor arloko kalifikazio bat izan lezake. Hilaren 29an Baionako Fiskaltzak iragarri zuen ikerketa bat irekiko zuela, «terrorismoaren apologia» egon daitekeela iritzita.

Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko zuzenbide irakasle eta justizia trantsizionalean espezializatutako Louis Joinet IFJD institututuko presidenteak, Jean-Pierre Massiasek, uste du eztabaida hori afera «orokorrago» baten adierazgarri dela. Berak ordezkatzen duen gobernuz kanpoko erakunde hori, hain zuzen, Euskal Herrian egiaren batzorde bat ezartzeko aukeraren inguruan ari da hausnarketa egiten, eta udazken honetan aurkeztu beharko lituzke bere proposamenak.

Zer azaleratzen du Pirinio Atlantikoetako prefetak Itsasuko muralaren inguruan izandako erreakzioak?

Euskal Herrian memoria auzi gatazkatsua dela erakusten du. Itsasun gertatzen ari denaren esanahia fresko bat debekatzeko edo ezabatzeko prefetaren erabakitik harago doa. Udal-eraikin batean fresko bat egiteak horrelako polemika bat pizten badu, Euskal Herriko bakearen eraikuntzan elementu bat falta den seinale da.

Arazoa ez da horman idatzita edo margotuta dagoena, arazoa da horman idatzitakoa ez dela inoiz eztabaidatu. Gatazka guztietan, bakearen ondoren, egiari eta memoriari buruz hausnartu behar da.

Igandean inauguratu zen horma-irudia, Itsasuko besten testinguruan. (Guillaume FAUVEAU)

Pentsa daiteke prefeta prefet gisa jokatzen ari dela. 

Bistan da prefeta bere rola betetzen ari dela. Arau-hausteren bat egin dela uste badu, auzitara jo dezake, mural bat debeka dezake, baina ezin du historia epaitegietara eraman eta ezin du historia debekatu. Inor ez da historia horren jabe eta esango nuke Estatua, gatazka horren parte izan zen heinean, are gutxiago. Gaur egun, Estatuaren benetako lana ez da modu batera edo bestera hitz egin dadila eragoztea, baizik eta modu baketsuan hitz egitea ahalbidetuko duten baldintzak antolatzea.

Errepublika indartsu batek ez du memoria ezabatzen, memoria zabaltzeko eta eztabaidatzeko baldintzak antolatzen ditu.

Ezin da besterik gabe adierazpen grafiko bat debekatzeko neurri bat hartu, auzia hain garrantzitsua eta hain orokorra denean.

Zein litzateke erantzun egokia egoera honen aurrean?

Gaur egun, ez dugu memorien gerrarik behar, gune independente bat behar dugu, non kontakizun guztiak, erantzukizun guztiak, biktima guztiak aldi berean entzungo diren. Gatazka honek hildakoak utzi ditu, jende askok sufritu du alde guztietan. Inplikatutako pertsona guztiek beren egia azaltzeko gune bat partekatzeko aukera izan behar dute.

Kontua ez da dena maila berean jartzea, dena balioztatzea, biktima bat edo bestea deskalifikatzea edo gainbalioestea, baizik eta esatea denek dutela adierazteko eskubidea. Izan Iparretarretakoak edo izan ETAkoak, izan ekintza bortitzetan erailak izan diren poliziak, izan bortizkeria legal edo ilegalaren biktimak... Bada sufrimenduaren berdintasun mota bat, baina horrek ez du esan nahi denak balio duenik eta pentsatu behar dugunik berdinketa historiko handi baten moduko zerbait denik.

«Gaur egun ez dugu memorien gerrarik behar, gune independente bat behar dugu, non kontakizun guztiak eta biktima guztiak aldi berean entzungo diren»

Era berean, garrantzitsua da egiaren gune horretan gertatutakoaren esanahiaz, bereziki esanahi politiko eta sozialaz, galdetu ahal izatea. Izan ere, Txomin Olhagaray bonba bat jartzen saiatu bazen eta horretan hil bazen, horrek esan nahi du Euskal Herrian, urte haietan, jende batzuek uste zutela egoera horrek klandestinitatera, indarkeriara jotzea justifika zezakeela, eta, beraz, bizitza galtzeko arriskua hartzea.

Arrazoi dutela edo oker daudela pentsa dezakegu, baina hori datu bat da. Indarkeria politikoaren atzean auzi politikoak daude, eta horiek ere ez dira baztertu behar.

Nire ustez, memoria-mekanismo baten helburua litzateke gertatutakoa aztertzea, agian biktimei erreparazioak proposatzea, gertatutakoa oroitzea, baina baita gauzak berriro gerta ez daitezen zer egin beharko litzatekeen ikustea ere. Hori da Louis Joinetek «ez errepikatzeko bermeak» deitzen dituen horien baitan proposatzen duena. 

Hain justu, Louis Joinet IFJD institutuak misio bat izan du arlo horretan. Zein da egiaren batzordearen proiektua?

Bake Bideak, bere ibilbidea amaitzean eman zigun misioaren harira, Ipar Euskal Herrirako egiaren batzorde bat sortzea proposatuko dugu. Udazken honetan proposamen oso zehatzak egingo ditugu haren eraketari buruz. [2011ko urriaren 17an egin zen] Aieteko Nazioarteko Konferentziaren 15. urteurrenaren kariaz, mekanismo hori abiarazteko ekitaldi bat antolatuko dugu.

Euskal Herriak bakea modu oso originalean antolatu du, gaur egun eredu bihurtzen duen gizarte zibilaren inplikazioarekin. Harago joan behar da. Euskal Herriak bakea ez ezik, egia baketu bat ere eraiki behar du. Egiaren batzordea Estatuak eta erakundeek babestu dezakete, baina gizartetik ere sortu behar da.

Arazoari irmotasunez heltzen ez badiogu, tentsioak birsortuko ditugu. Urte haietako tentsioen ondoren, urte haietako memoriaren inguruko tentsioak sortuko ditugu, eta hori alferrikakoa eta arriskutsua da.

Proposamenak egingo dituzue; horrek esan nahi du batzorde horren aukera juridiko eta politikoei buruz hausnartu duzuela?

Bai, erabat, bere bideragarritasuna aztertu dugu. Asmoa da justizia trantsizionalerako bide frantses bat asmatzea. Pixka bat paradoxikoa da, Louis Joinet, Frantziako magistratua, justizia mota honen aita izan zelako.

«Euskal Herrian gatazka bat egon dela aitortzea ez da ezinbestean batzordea eratzeko aldez aurreko baldintza, agian haren ondorioetako bat baizik»

Horretarako, Euskal Herrian gatazka politiko bat izan dela aitortu beharko luke Estatuak?

Idealki, pentsa genezake Estatuak, gatazka bat izan dela aitortuta, egokitzat jotzea batzorde bat martxan jartzea. Gu pragmatikoagoak gara; nahi dugu Estatuak ekimen bati lagundu ahal izatea.

Munduan, 1990eko hamarkadatik hona, 160 egia-batzorde inguru sortu dira. Erdiak baino gehiago Estatu demokratikoetan sortu dira, non ez dugun egiaztatutako genozidiorik edo horrelako gauzarik. Batzorde horietako asko gizarte zibiletik sortzen dira; ingelesez, commission from below esaten zaio. Kasu horietan, Estatuak egiten uzten du.

Hemen, pentsa genezake Estatuak lagundu dezakeela, agian, Estatuak bultzatu dezakeela, baina batez ere Estatuak prozesu hori garatzen utzi eta lagundu dezakeela. Euskal Herrian gatazka bat egon dela aitortzea ez da ezinbestean batzordea eratzeko aldez aurreko baldintza, agian haren ondorioetako bat baizik.