«Dokumental beroa da, gogorra, bira halakoa izan zelako»
Kontzertu bira handi batetik pataila handira egin du jauzia Fermin Muguruzak (Irun, 1963). Biratik haratago doan dokumentala estreinatuko du ostegun honetan Belodromoan: musikak, aldarriek eta zentsurari aurre egiteko borrokak bat egingo dute ordu eta berrogei minutuan.

2024-2025ean egindako kontzertu bira dokumental bilakatu du Fermin Muguruzak, bere poz eta bere min. Ostegun honetakoa ospakizun handi bat izatea nahi du, horregatik Xanti tabernatik abiatuko dute kalejira second line estiloan, eta 19.00etan irekiko dira Belodromoko ateak; sarrerak amaituta badaude ere, Zinemaldiak 100 sarrera jarriko ditu arratsaldeko 17.00etan leihatilan.
‘Muguruza 40 FM Tour’ izenburua duen dokumentala estreinatuko duzue. Bira hori beste leku batetik bizitzeko aukera bat da?
Horrelako abentura bat dokumentatu egin behar dela uste dut. ‘Brigadista Sound Sistem’ diskoa egin nuenean, Bernardo Atxagak esan zidan izugarrizko pena zela grabatu ez izana, eta ez dakizu zenbat aldiz pentsatu dudan horretan. Pena da, munduan zehar ibili nintzelako, baina ez nuen baliabiderik grabatzeko. Horregatik, 2006an Jamaikako diskoa egin nuenean dokumentatu behar nuela pentsatu nuen gero dokumental bat egiteko. Hala egin nuen, eta ikus-entzunezkoetan nire abiapuntua izan zen, hortik aurrera 20 urte daramatzat ikus-entzunezkoetan. Bira hau pentsatzerakoan erabaki nuen dokumentatu beharra nuela, hau delako bira guztien ama. Ondare bezala ere balio duelako, zer dela eta sortu zen hau, zergatik gertatu zen... Nola eta zergatik batu den belaunaldi guztietako jendea kantuan. Eta nik pertsonalki azaltzeko zein balore defendatzen ditudan.
Ander Merinori deitu nion, eta niretzat ere garrantzitsua zen bere baiezkoa, beste zuzendari bat egotea nirekin, beste belaunaldi batekoa, musikaria dena baina bideogintzan buru-belarri dabilena.
Oihana Barrenarekin zuk zeuk duzun elkarrizketa da hari narratiboa. Aizkoraz gain zerk elkartzen zaituzte?
Bira bukatu eta gero, materiala ikusten asko pentsatu izan dut nola egituratu eta eman izaera narratiboa. Dokumentalgintzan road movie asko daude, nik bereziki dokumental musikala landu izan dut, eta zerbait ezberdina kontatu nahi nuen.
‘Black is Beltza II, Ainhoa’ Belodromoan ikusi eta gero idatzi zidan Oihana Barrenak esanez bere ahizparekin ikustera joan zela, ikusi zutela emakume arrazializatu bat zela protagonista eta erabat ahaldunduta itzuli zirela etxera. Aizkolaria zela esan zidan eta edozein proiektutarako berarekin kontatzeko; nire ikonografian, aizkorak indar handia izan du eta hori kontatzen dugu bion artean, solasaldi bat sortzen da nik egindako azken lanen artean. Dokumentala ataletan egituratu dugu aizkora bat nola forjatzen den azalduz, uste dut hor ere badagoela metafora bat.
«Euskal Herria ez da anitza izango, Euskal Herria anitza da»
‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentalean ere hari narratiboa emakume gazte bat da; Amets San Millan, ama Dominikar Errepublikakoa eta aita euskalduna du. Orain istorio denak lotzen dituena Barrena da, aita euskalduna eta ama Cabo Verdekoa duena. Ikusgarritasuna ere badago hor: Euskal Herria ez da anitza izango, Euskal Herria anitza da.
«Lau hamarkada zentsurari aurre egiten, 40 urteko bizi ibilbide musikalaren ospakizuna». Ospakizuna, zentsura eta aldarriak, guztiak ageri dira pantailan. Garrantzitsua al da aurpegi guztiak erakustea?
Ezbairik gabe, ezin zen dokumental epel bat izan, dokumentalak beroa izan behar zuen, bira halakoxea izan zelako, dokumentala gogorra da. Ordu bat eta 40 minutuan azken bi urteetan bizitakoa kontatu behar genuen, baita zergatik ari naizen ni horrelako bira bat egiten.
Esaterako, Latinoamerikan leku handietan jotzen ari naiz ibilbide oso bat egin dudalako hor, edota Dublinekoa, ni ez nago Dublinen musikaria naizelako bakarrik, engaiatua egon naizelako bizitza osoan eta nagoelako nago; eta horregatik ezagutzen dugu jendea, izan musikan, izan mobilizazioetan.
Ehun pertsona baino gehiago izan ziren elkarrizketatuak, bilatzen genuen gainera ahal zen neurrian beti grabatzea kontzertua eta gero, akelarre antifaxista horiek eta geroko berotasunean: amorrua eta poztasuna nahasita jendeak esaten zuena biltzeko.
Era berean, etengabeko jazarpena egon da, Martuteneko kontzertua egiten dugunetik ia amaierara arte. Eraso horiek pizgarri bat ere izan ziren lehenengo kontzertuak egiteko. Valentziako Belreguar hiriko institutuan mural bat eskaini zidaten eta bertako zuzendariek deklaratzera joan behar izan zuten. Oscar sarietarako hautatzen naute eta hiria kartelez betetzen da, Meridako Voxeko zinegotziak ETAko kolaboratzailea naizela esaten du… Hori guztia biraren erdian, eta nire salaketarako modua dokumentalean sartu eta horretaz barre egitea zela pentsatu genuen. Batzuetan hausnarketak egin behar dira, baina umorearekin ere horrelakoak gezurtatzea ongi dago.
«Kontatu nahi nuen zein hauskorra naizen, bizitzak horrenbeste kolpe eman dizkit askotan armadura bat jantzi dudala»
Kontzertuaren atzeko aldea ikusi dugu, normalean gutxien ikusten dena; horrek bertigorik ematen al du?
Ez asko, taldean gaude eta. Hor ikusten da zein polita den, batzuetan kamerino diminutoetan gaude eta bat-batean kantuan hasten gara guztiok. Kontzertu aurreko tentsioak eta ateratzen diren erokeriak ikusten dira, baina horri ez nion bereziki bertigorik, iruditzen zaidalako polita dela.
Nik bertigoa batez ere nire biluzteari nion, hainbat momentutan egiten dut, batez ere hasieran, eta esaten dut: ‘Nik hau pertsonalki kontatu nahi dizuet, nahiz eta kontzertuetan menderaezinaren irudia eman, pertsona oso hauskorra naiz’. Etengabe jende onez inguratuta nago, eta hori da nire indarra eta babesa. Kontatu nahi nuen zein hauskorra naizen, bizitzak horrenbeste kolpe eman dizkit askotan armadura bat jantzi dudala, baina armadura horrek ere zati asko ditu zulatuta, eta batzuetan lehertu egiten da.
Belodromora itzuliko zarete. Zer eragiten dizu horrek?
Negu Gorriak-en ospakizuna Belodromoan egin genuen, eta ‘Black Is Beltza II’ ere bertan estreinatu genuen, eta karga sinboliko handia zuen Iñigori eskaintzen niolako, animazioaren bidez bizitza berreskuratzen genuelako.
Kutsu politikoa ere badu Belodromoak, baduelako batez ere ezker abertzalearen bueltan pisu politiko handia. Jabier Salutregik merezi zuen omenaldi erraldoia egin ahal izan genion Belodromoan, izan ere ni ‘Egin’-eko langilea nintzenean bera zen zuzendaria eta ‘Black is Beltza II. Ainhoa’-n pertsonaia bat bilakatu nuen. Niretzat hori dena da Belodromoa. Eta horregatik esan nuen, proiekzioaz gain zerbait gehiago antolatu behar genuela, esan behar genuela kalea gurea dela. Aldarrirako tartea egongo da, bira guztian egon den komunitate espiritua eta ospakizuna.

Ningún militar puede llevar una camiseta de un partido neonazi

Desahucian a una familia con dos menores en Gasteiz

El Real Madrid y Juanma Castaño se enzarzan y en medio atacan a GARA

En libertad con cargos los jóvenes detenidos por la agresión a los militares en Berriozar


