
Lau hamarkada ezberdinetan errepresioa jasan duen Ramon ‘Xenpe’ Sagarzazu Olazagirre oiartzuarra zendu da igande honetan. Jazarpen horren aurrean hartutako jarrerak ezaugarritzen du bere ibilbidea, eta bereziki 1996. urtean egindakoak: Euskal Herriko Nortasun Agiria (EHNA) agiri bakartzat hartuta, deportazioa apurtu eta Ipar Euskal Herrira itzuli zen, Karlos Ibargurenekin batera. Senperen egin zuten agerraldia, ustekabean, ekintza politiko ausarta eta oihartzun handikoa lortuz.
«Oso argi geneukan borroka-urratsa zela, aurrera egiteko ibilbide berritua –gogoratu zuen 7Kri emandako elkarrizketa batean, 2020. urtean–. Hendaian hartu genuen apartamentua emazteak eta biok eta hegoaldera etorri ginen hura gaixotu zitzaigunean. EHNArekin bizitzeko erabakia hartua genuen: euskal herritar gisa bizi nahi genuen, eta dendetan, gasolindegietan, aurrezki kutxetan gure nortasuna erakusten zuen agiria erabiltzeko deliberoa hartu genuen. Zailtasun handiak zeuden; adibidez, banketxeek ez ziguten uzten kontu korrontea irekitzen eta denda askotan trabak jartzen zizkiguten. Baina lortu genuen, besteak beste, Dijonen preso sartu zuten semeari bisita egitea EHNA erabiliz. Azken finean, gure espektatiba ia bakarra herrira itzultzearekin batera borrokan gure alea jartzea baino ez zen».
Aurretik Aljerian, Cabo Verden eta Kuban deportatua egon zen, hiru kontinentetan beraz. Ibilbide gorabeheratsua baina gogorra betiere: «Hartu gintuzten herriak arrotz egiten zitzaizkigun. Aljerian hizkuntzaren muga nabaria zen, are eta frantses apurrak ez zuenean batere laguntzen kolonizazioak eragindakoagatik; etsaiaren hizkuntza zen frantsesa. Ez zuten oroitzapen onik, jakina. Merkatura joan eta frantsesez hasi ordu zeharkako begiradak berehala sumatzen genituen. Cabo Verden kreolera zen bertako hizkuntza, nahiz eta portugesez hitz egiten zuten eta egokitzapena behar izan genuen, normala den bezala; aldiz, Aljerian ez bezala, han lagunak egin genituen. Kuban ez genuen arazorik izan hizkuntzaren aldetik; gainera, Cabo Verden bezala (gobernu ezkertiarra zuen) hurbiltasun ideologikoa tarteko, erosoago sentitu izan naiz herri hauetan. Jendea xumea eta herrikoia zen, eta bi herriek borroka egin zuten askatasuna lortzeko; bagenuen haiengandik hurbil sentitzeko arrazoirik».
1936an Bilbon jaio zen Sagarzazu baina Oiartzun hartuko zuen bizitoki. 1971ean alde egin behar izan zuen Ipar Euskal Herrira, ETAk egindako zenbait lapurretaren ostean. Gero etorri ziren deportazioaren urte luzeak, eta azkenean itzulera, lehenik Lapurdira, eta gero, 2003. urtean, etxera.
2007. urtean ere atxilotua izan zen, Auzitegi Nazionalaren aginduz, 1993an ‘zerga iraultzailea’ delakoa kobratzea egotzita, baina aske utzi zuten jarraian.
Izen bera duen semea ere preso izan du. Oztopoak oztopo, familiak eta herriak emandako laguntzarekin pozik joan da ‘Xenpe’ Sagarzazu: «Familiari dagokionez, deportazioaren urteetan hausturan bizi da, han eta hemen zer den oso ongi definitua dago. Aldiz, loturak ez du inoiz etenik izan nire kasuan, gure familia, deportazioak iraun duen bitartean, bat izan delako, seme-alabak nahiz emaztea. Ni zorteko izan naiz horretan».

Muere Peón Kurtz, fundador del grupo Def con Dos

Ningún militar puede llevar una camiseta de un partido neonazi

El apoyo a Sertorio pudo desencadenar la destrucción del poblado vascón de Irulegi

Desahucian a una familia con dos menores en Gasteiz
