«Jai Alai Liga irabazteari ez diot ematen onena izatearen kategoria»
Xabier Barandikak (Gernika-Lumo, 1990) hirugarrenez jantzi du urrezko gerrikoa, Jai Alai Ligako txapeldun bezala, aurten Basque-rekin batera. Gernikarra umiltasunez mintzo da eta atsedenerako tarterik gabe, jantzita dauka lanerako buzoa: Munduko txapelketa eta Winter Series berri bat ortzimugan.

Denboraldi bat bukatu eta hurrengoari begira jarri dira Jai Alai Ligako puntistak. Gernikan elkartu ziren atzo, Winter Serieseko edizio berri bat ortzi-mugan. Txapelketako bikoteak aurkeztu zituzten: Urreisti-Atain, Goixerri-Lekerika, Laduche-Manci, Erkiaga-Salegi, Goitia-Oyhenard, Barandika-Basque, Olharan-Gorka eta Johan-Ibarluzea.
Aukera probestuz, NAIZek Xabier Barandikarekin hitz egin zuen. Gernikarrak hirugarren aldiz irabazi du Jai Alai Liga, hirugarren aldiz ekingo du denboraldia urrezko gerrikoarekin eta berarekin aztertu ditugu azken hilabeteak.
Basque bizkartzain zuela irabazi du Jai Alai Liga eta berarekin bikotea osatuz hasiko du denboraldia. Iazko Winter Seriesean finalerako txartela lortu zuten baina ukalondoko lesioak finala jokatzea eragotzi zion gernikarrari. Johan Sorozabalek, bere izenean, Basque atzelari zuela, garaipena eskaini zion baina kantxan irabaztea bezelakorik ez dago. Ekainean berragertu zen eta udaran geldiezin aritu da, Donibane Lohizune, Pau eta Gernikako Grand Slamak irabazita, besteak beste.
Asteleheneko garaipena barneratzeko astirik eduki duzu?
Ez, egia esan ez dugu denbora askorik. Asteazkenean jada entsegua egin genuen Euskal Selekzioarekin, Mundiala prestatzeko. Deskantsu gutxi, burua oso zentratuta kantxan berriro.
Nola baloratzen duzu denboraldia?
Oso pozik. Egon naiz lauzpabost hilabete kantxatik kanpo, baina itzulera oso positiboa izan da. Emaitza oso onak pilatu ditut eta balorazioa oso positiboa da.
Aipatu izan duzu errehabilitazioan eta min hartuta zeunden bitartean egin duzun lana gogorra izan dela.
Oso gogorra egin zitzaidan. Esan zidaten gogorra izango zela eta horrela izan da. Asko sufritu dut, baina, beti izan naizenez burugogorra, oraingoan ere ez da izan gutxiagorako, eta egunero aritu naiz jo eta ke lanean.
«Asko sufritu dut [errehabilitazioan] baina beti izan naizenez burugogorra, egunero aritu naiz jo eta ke lanean»
Kantxara itzulitakoan nahiko solte ikusi zaitugu, beldur gutxirekin. Belauneko lesioaren ostean, akaso, bai nabaritu zitzaizun zalantzati, baina, oraingoan, askoz gutxiago.
Lesio ezberdinak dira. Belaunarekin bai ematen dizu beldur gehiago, mugimendu batean berriz ere hautsi dezakezulako; beldur horiek beti daude. Ukalondoarekin ez dut eduki horrelako sentsaziorik. Egia esan, molestiak bai izan ditudala partidetan. Orain, gehien igartzen dudana, lurrera bota beharra dudanean da; bai edukitzen dut beldur antzeko bat, edo behintzat burura etortzen zait ukalondoa nola daukadan. Bestela, jokoan, ez diot buelta askorik ematen.
Hiru aldiz irabazi duzu urrezko gerrikoa. Zer esan nahi du horrek? Egungo aurrelaririk onena zarela, horrelako txapelketak jokatzen dakizula, udaran iristen dela zure maila gorena?
Erregulartasun baten emaitza da. Oso pozik nago irabazteagatik. Final Fourra txapelketa bat da, bertara sailkatutako edonork irabazi ahal du; egia da niri hiru aldiz egokitu zaidala irabaztea. Oso pozik egotekoa da, baina ez diot haratagoko garrantzirik ematen, ez diot ematen onena izatearen kategoria. Nik txapelketa bat irabazi dut, oso pozik nago Ligako txapelduna izatearren, baina rankingeko lehen sailkatu horiek akaso meritu gehiago daukate.
Hala ere, udaran erakutsi duzun maila oso gutxik erakutsi dute.
Inoizko udara onena eduki dut, esango nuke denboraldia ere inoizko onena izan dela. Gernikan ilusio asko egiten zidan irabazteak, lehen aldiz irabazi dut Donibane Lohizuneko Grand Slama, Pauen ere bai... Pena Urrezko Xisteran finalerdietan kanporatu nindutela, baina, tira, argi zegoen ezinezkoa dela dena irabaztea. Balorazioa oso positiboa da. Irabazteak ere konfiantza hori ematen dizu. Irabazten ari zarenean gauzak errazago ateratzen dira, ez dago zalantzarik... Galtzen ari zarenean buruhausteak handiagoak dira. Hor ere zortea eduki dut. Partidak ondo joan direnez, konfiantza puntu gero eta altuagoa daukat, eta balizko desenpateetarako oso garrantzitsua izaten da konfiantza.
Pazientziaz jokatzen duzu: tantoa egiteko aukeraren zain egoten zara. Jokatzeko modu horretan, Basquen topatu duzu aliaturik onena.
Txikitatik erakutsi didate tantoak landu egin behar direla, eta, aukera dagoenean, amaitu egin behar dela. Hori egitea gustatzen zait. Basqueri ere horrela erakutsi diote. Lanera ateratzen garen bi pilotari gara eta inoiz ez dugu galdutzat ematen pilota bakar bat bera ere. Erakutsi dugu urte osoan zehar nola jokatzen dugun eta gure estrategia zein den.
«Txikitatik erakutsi didate tantoak landu egin behar direla, eta, aukera dagoenean, amaitu behar dela. Hori egitea gustatzen zait»
Sari bezala ikusten duzu Euskal Selekzioaren deia Munduko Txapelketa jokatzeko?
Nazioen Liga meniskoa hautsi osteko itzulera horretan jokatu zen, eta ez dakit aukeratua izango nintzatekeen ere, ze Eñaut [Urreisti] eta Aritz [Erkiaga] maila oso onean zeuden. Oraingoan ilusio handiarekin jaso dut Euskal Selekzioarekin joatea; egia esan, kristoren ilusioa egiten dit Munduko txapelketa Euskal Selekzioarekin jokatzea. Lehen aldia da eta guretzat oso garrantzitsua da.
Handik bueltan, Winter Seriesean jarriko zarete buru belarri. Basque-rekin osatuko duzu bikotea.
Ez dago deskantsurik hemen. Txapelketa honek presio puntu hori ere sartzen dizu. Ez duzu astero jokatzen, baina tokatzen zaizunean topera egon behar duzu. Bosgarren edizioa da, eta argi daukagu dagoeneko nola funtzionatzen duen. Txapelketa oso garrantzitsua da eta edozer pasa daiteke. Faboritoak ere askotan jausi dira lehendabiziko errondan, eta oso kontzentratuta egon behar da; presioa alde batera utzi eta lanerako buzoa jarri.
Uruguain Basque aurkari edukiko duzu seguraski.
Bai, Frantziak ere talde oso indartsua dauka. Laduche eta Basque izango dira titularrak. Han ere ea nola moldatzen garen. Frontoi berria da, errebotea kristalezkoa da eta ez dakigu nola erantzungo duen. Gogoekin gaude eta datorrela datorrena.

Una violenta y fuerte tormenta inunda calles y provoca cortes de luz en Bilbo

«Puta», grabado en la espalda con un cúter; el detenido ha quedado libre

Etxebizitza eskubidearen aldeko aldarria Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Las derechas tumban los decretos de vivienda y dejan tocada la legislatura de Sánchez

