EHBTN 2026 (IX) Larraun-Lekunberriko saioaren laburpena

EHBTN 2026 (IX) Larraun-Lekunberriko saioaren laburpena

Loading player...
Amets Arzallusek irabazi zuen lehen finalaurrekoa
Amets Arzallusek irabazi zuen lehen finalaurrekoa (Bertsozale elkartea)

Pasa den larunbatean Amets Arzallus gailendu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehen itzuliko lehen saioan. Lekunberriko Plazaola kirolgunea jendez beteta zen, beste behin ere, sarrerak agortuta. Ia 1.500 lagun bilduta aritu ziren kantuan Amets Arzallus bera, Beñat Gaztelumendi, Saioa Alkaiza, Xabat Galletebeitia, Xabat Illarregi eta Gorka Pagonabarraga. Hauxe izan zen sailkapena:

    Amets Arzallus Antia____________746.5
    Beñat Gaztelumendi Arandia______733
    Saioa Alkaiza Guallar____________689.5
    Xabat Illarregi Marzol____________674.5
    Xabat Galletebeitia Abaroa _______664
    Gorka Pagonabarraga Agorria_____624

Finalaurreko honetako lehen saioak hainbat berritasun ekarri zituen berekin: hasteko, ariketen aldaketa. Ganbarako lanik ez eta puntuka aritu ziren gainera bertsolariak. Bakarkako gaietan zehaztasun handiagoa nabaritu zen eta gauzak horrela ohiko baino saio azkarragoa izan zen. Hori bai, akatsak akats eta puntuazioan aldeak alde, bertsolari guztiek egin zuten saio ona.

NAIZ irratia zuzenean

Pasa den larunbatetik abenduaren 20ko finalera bitarte, NAIZ irratiak zuzenean eskainiko ditu bertso saio guztiak. Larunbat honetan Eibarren ospatuko da saioa. Bertan ariko dira kantuan Alaia Martin, Asier Aspiroz, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. 16:30ean hasiko da zuzeneko emankizuna Ipurua kiroldegitik. Asteburu honetako sarrerak  ere agortu egin dira. NAIZeko harpidedunek bina sarrera bikoitz eskuratzeko aukera izango dute Harpidedunen Txokoan sartu eta zozketan parte hartuz gero.