Carlos Garaikoetxea hil da
Carlos Garaikoetxea, diktadura ondoren Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakari eta Euskal Herriaren batasuna eta independentzia ipar zituen abertzalea, hil da Iruñean, 87 urte zituela. Lakuako Gobernuak hiru eguneko dolua ezarri du. Hil kapera asteazkenean irekiko dute Ajuria Enean.
Carlos Garaikoetxea Urriza, nafarra, diktadura ondoren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen lehendakari eta urte luzez euskal politikako lehen mailako protagonista, hil da astelehen honetan Iruñean, bihotzekoak jota, 87 urte zituela. EiTBk zabaldu duenez, ohi zuen bezala igeri egitera joan da eta igerilekuan izan du ezbeharra. Suspertzen saiatu badira ere, hil egin da. Hilabete eskas falta zitzaion 88 urte betetzeko.
Garaikoetxearen gorpua Iruñeko San Alberto beilatokian egongo da astearte honetan. Asteazken goizean, berriz, hil kapera irekiko dute Ajuria Enean, 1980 eta 1985 artean bizitoki izan zuen jauregian. Imanol Pradales lehendakariak bertan behera utzi du aste honetan Italiara egitekoa zuen bidaia eta adierazpen instituzionala irakurriko du astearte honetan. Lakuako Gobernuak hiru eguneko dolua ezarri du, astelehen honetatik hasita.
Garaikoetxea Iruñeko Arrotxapea auzoan sortu zen 1938ko ekainaren 2an. Orendaingo (Gipuzkoa) Eskolapioen Seminarioan eta Iruñean lehen ikasketak eta batxillergoa egin ondoren, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatu zen. Londresen eta Parisen zabaldu zuen bere prestakuntza akademikoa. 1970eko hamarkadan enpresa kudeatzaile jardun zuen, aldi berean Nafarroako ikastolen mugimenduko partaide zela. Garai hartan ikasi zuen euskaraz. Bere euskaltzale jarduna dela eta, 2015ean Nafarroako Ikastolen Elkarteak omendu zuen, Jesus Atxa, Jorge Cortes Izal eta Jose Maria Satrustegirekin batera.
1975ean Nafar Buru Batzarreko presidente izendatu zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak, eta 1977an, Euzkadi Buru Batzarreko presidente. 1979an, Nafarroako parlamentari hautatu zutenean, abokatu lana utzi zuen politikan bete-betean jarduteko, eta urte bereko ekainean Eusko Kontseilu Nagusiko presidente izendatu zuten, Ramon Rubialek kargu hura utzi ondoren. 1980an, Gernikako Estatutua Madrilekin negoziatu ondoren, Gasteizko Gobernuko Lehendakari izendatu zuten. Legegintzaldi hartan Kontzertu Ekonomikoa berreskuratzu zen, eta Osakidetza, EiTB eta Ertzaintza sortu ziren.
1984ko Parlamenturako hauteskundeen ondoren berriro izendatu zuten lehendakari. Ez zuen asko iraun kargu horretan, ordea, 1985eko urtarrilean kargua utzi baitzuen EAJren zuzendaritzarekin zituen desadostasunak zirela eta.
1986ko azaroaren 30ean, Eusko Alkartasuna alderdi sortu berria Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetara aurkeztu zen. Manuel Ibarrondo zuen presidente eta Carlos Garaikoetxea zerrendaburu. EAk 13 eserleku lortu zituen. Hurrengo urteko apirilean, euskal alderdi sozialdemokrata eta independentista gisa eratu zeneko kongresuan, Garaikoetxea hautatu zuten alderdiko presidente. 1990, 1994 eta 1998ko legegintzaldietarako ere parlamentari hautatu zuten. 1987tik 1991ra bitartean Europako Parlamentuko diputatua izan zen bi aldiz, EA, ERC eta PNG alderdiek osatutako Herrien Europaren aldeko Koalizioarekin. 1999an lehen lerroko politika utzi zuen.
Autodeterminazioa eta abertzaleen batasuna
Garaikoetxeak frankismoaren amaieran eta batez ere haren ostean izan zituen ardura politikoak, diktadurarekiko hausturarik ezak eta gatazka politikoaren adierazpide armatuek markatutako testuinguru eta giroan. 1978an, EAJk lehen aldiz ETAren jardun armatuaren aurkako manifestazio batera deitu zuen Bilbon, bera alderdiko presidente zela, eta hainbat urte geroago aitortu zuenez, abertzale askorentzat «astindua» izan zen manifestazio hura, EAJko kide askok alderdia uzteraino. 1981eko martxoan, errege-erregina espainiarrek Gernikako Batzar Etxera egin zuten bisita zela eta, hainbat hautetsi abertzalek “Eusko Gudariak” abestu zuten bertan; Joxe Arregi zizurkildarra polizia etxean egin zizkioten torturen ondorioz hil zen eta, egun batzuk geroago, estatu-kolpe ahalegina izan zen. Hurrengo urteetan, ETAren ekintza etengabeek eta, beste aldetik, estatu terrorismoa, errepresioa, torturek jarraitu zuten. Behin baino gehiagotan salatu zuen Garaikoetxeak tortura, eta salatu zuen denek zekitela ohiko praktika zela. Hala berretsi dute ikerketa ofizialek azken urteotan.
Beti gatazkaren irtenbide negoziatuaren alde, haren aldeko zenbait proposamen egin zituen, lehendakari gisa nahiz EAko buru gisa. 1988an Ajuria Eneko Ituna sortu zen eta EA haren partaide izan zen; hala ere, Garaikoetxeak duela zenbait urte esan zuen ez zukeela sinatuko. Bera ospitalean zegoenean sinatu zen, eta honela azaldu zion Elixabete Garmendia kazetariari bere desadostasunaren arrazoia: «Itunak esaten zuen ideia guztiak defendatu zitezkeela demokrazian; ados, baina horri gehitu behar zitzaion beste hau: ideia horiek –independentziaren aldarrikapena barne– zabalik izango zutela legezko bidea, euskal herritarren gehiengoaren borondatearen arabera gauzatzeko. Biolentziaren estrategiaren gaitzespenean ados nengoen, jakina; baina zertarako balio du esateak indarkeriarik gabe idea politiko guztiak defendatu ahal izango direla, gero horretarako bide legalak ezartzen ez badituzu?» (“Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari”. Berria-Elkar-Jakin, 2018). 2002an, bere oroitzapen politikoak jaso zituen liburuan, Jose Antonio Ardanza lehendakariari bidali zion gutuna argitaratu zuen. Besteak beste hauxe zioen: «Gatazka politikoa da, sinplifikazioak eta topikoak saihestu eta irtenbide negoziatu batez pentsatu beharra dago. Ehunka preso, etengabeko atxiloketak, erbesteratuak eta abar ohiz kanpoko egoerako dozenaka mila herritar izango lirateke Estatu espainolaren eskalan. Bakartze eta enfrentamendu politikak ez darama inora».

Autodeterminazioarekin batera, indar abertzaleen batasuna aldarrikatu zuen, eta 1998an Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren aldeko apustua egin zuen. Akordioa bertan behera geratu zenean, ETAren jarrera gaitzetsi zuen, beti egin izan zuen bezala; hala ere, hitzarmenak iraun zuen bitartean egin zuen irakurketa jakinarazi zuen, «estatu arrazoiak» konfrontazio armatua nahiago zuela iritzita, nazionalisten bateratasuna baino: «... PPren Gobernua askoz gehiago kezkatzen zuen Euskal Herritarrok barne zuen eta ETAren indarkeriaren amaierarekin posible zen euskal indar nazionalisten arteko akordio batek aurreko egoerak baino. (...) Arrazoibide latz horren ondorioak ere izugarriak ziren: hobe litzateke su-etena leherraraztea, nazionalismoa berriro zatitzeko» (“Euskadi: la transición inacabada. Memorias políticas”. Planeta, 2002).
Bere pentsaerarekin kontsekuente
Estatutua «Euskal Herriaren oraingo une historikorako baliozko autogobernu maila arrazoizkotzat» jo zuen 1979an; alabaina, 2010ean GARAk esaldi hori gogorarazita, argitu zuen: «Horrek esan nahi zuen, gutxi gorabehera, sendabide bat zela, norbait ia arnasgabe dagoenean bezalako egoeran. Une honetan, eta niretzat beharrezkoak eta zitezkeen bakarrak izan ziren urrats haiei uko egin gabe, Estatutua gutxi gorabehera agortuta dagoela ulertzen dugu».
Izan zuen «atsekabe politiko handienetakoa» izan zen Nafarroa, bere sorterria, Estatututik kanpo gelditu izana: «Nafarroako Alderdi Sozialistaren traizioa izan zen. Nafarroan zehar ibilia nintzen haiekin, gure ikurrinekin, Erriberan zehar mitinak ematen, Estatutuaren proiektu politiko berrian Hego Euskadiren lurralde-batasunarekin konprometitutako Alderdi Sozialista baten mezuarekin bat egiten zuen jendearekin (...). Bada, haiek bizkarra eman ziguten gero». Eta bere ibilbideaz, hauxe esan zuen: «Eusko Alkartasuna sortu zenean, lehenengo artikuluak hau zioen: euskal estatua osatzeko autodeterminazioa eta bide politikoak eta giza eskubideak, hiru hitzetan esatearren. Gaur berdin pentsatzen jarraitzen dut, orduan egin genuenarekin kontsekuente sentitzen naiz».
Izan ere, ETAk bere ibilbide armatuaren amaiera iragarri zuenean, abertzaleen batasuna gauzatzearen alde egin zuen bere alderdiarekin. 2009an abertzaleen indar metaketaren aldeko dokumentuaren aurkezpenean parte hartu zuen EAko eta ezker abertzaleko beste buruzagi batzuekin batera. Bilduren hautagaitzari sostengua eman zion eta ondoren bere alderdiak, Sortuk, Aralarrek, Alternatibak eta independenteek osatu zuten EH Bildu ezkerreko koalizio subiranistari, «batasun abertzaleranzko eta subiranotasuneranzko urrats berri baterako garaia» zela iritzita.
2017tik aurrera, EAk EH Bildun zuen eragina zela-eta bi sektoreren arteko liskarra sortu zenean, Koalizio subiranistaren barruan «pisu» handiagoa eskatzen zutenek Garaikoetxearen babesa izan zuten.
Ipar Euskal Herriaren bilakaera baikor samar sumatzen zuen, Euskal Herriaren kontzientzia sumatzen baitzuen bertan; hala ere, kezka zuen «turismoaren kolonizazioa, inbasioa».
Kataluniako prozesua txalotu zuen, aldarrikapen subiranistaren indarrak hunkituta, eta herri haren independentzia prozesuaren kontrakoek statu quoa inposatzen dutela salatu zuen. Prozesu hari dagokionez, Europaren jarrerarekin oso haserre agertu zen, eta euskal erakundeen jarrera «penagarria» iruditu zitzaion (“Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari”. Berria-Elkar-Jakin, 2018).
Urte askoan ardura politiko garrantzitsuak izan zituen, instituzioetan nahiz instituzioetatik kanpo, eta ardura horietan gorabehera asko bizi izan zituen, momentu larriak ugari, onak ere bai. Bere aberriari bizitza bateko lana eman zion abertzaleak horrela irudikatu zuen etorkizuneko Euskal Herria, GARAk eskatuta: «Desio dudan bezala imajinatu nahi dut, eta mundura zabaldutako herria izan ledin nahi nuke, kultura guztietara, baina bere nortasun ezaugarriei eutsita».