Arraun Lagunak nagusi Zierbenan, berriz ere estu hartu duen Tolosaldea menderatuz
Bezperan Bilbon bi ontzi onenak izan ostean, gaur Zierbenan ere Tolosaldea izan da Arraun Lagunaken aurkari gogorrena. Biak ohorezko txandan, borroka estua izan dute, baina donostiarrek azken txanpan sei segundoko zuloa ireki dute. Amaia Eguren izan da gaur patroia.
Donostia Arraun Lagunakek Euskotren Ligako hirugarren garaipena lortu du Zierbenan, bertan jokoan jarri den Petronor bandera bereganatuz. Larunbatean Bilbon gehien gerturatu zitzaion ontzia, Tolosaldea, txandakide izan du gaur, eta berriz ere lehia estua izan dute biek.
Zierbenako estropada eremua engainagarria da, erronbo formakoa, eta begi hutsez ezin da erreferentzia fidagarririk izan ziabogara arte. Baina GPSak ez zioen gezurrik, eta maniobran bi segundoko aldea zegoen Arraun eta Tolosaren artean.
Itzulerako luzean, olatuak baliatzeko borrokan, aldeak ez dira asko handitu, baina egia da beti Arraun Lagunak aurretik ibili dela. Ohikoa duen azken txanpa bikainari esker, donostiarrak 10:48.02ko denborarekin nagusitu dira, tolosarrei 6,50 segundoko tartea ateraz.
«Nire estrenoa zen Euskotren Ligan eta pozez zoratzen nago. Esan didate Nagorek eta Juan Marik estropada eremu berezia dela, ez fidatzeko ikusten nuenaz eta erreferentziak pinganillotik jasoko nituela. Gure sentsasioez fidatzeko. Hala egin dugu eta ongi atera zaigu», adierazi du Amaia Eguren patroiak.
Txandako beste bi ontziak, Hibaika eta Orio, oso azkar geratu dira atzean. Hibaikaren kasuan saritzat har daiteke ohorezko txandan aritzea eta bosgarren geratu da sailkapenean. Orioren kasua kezkagarriagoa da, azken postuan amaitu duelako jardunaldia –ziur asko kale txarrenetik joanda, hori ere egia da–.
Izan ere, lehen txandan, Astillero izan da denborarik onena lortu duena: 10:59.62. San Juanekin borroka polita izan dute kantabriarrek eta amaieran aldea segundo bakarrekoa izan da. Hibaika bera ere San Juanengandik 80 ehunenekora geratu da, dagoen parekotasunaren erakusgarri.
Beheko borrokan, gaur Donostiarrak Zumaia atzean uztea lortu du lehen aldiz, sailkapen nagusian amore emateko asmorik ez duela argi utziz.
X. PETRONOR BANDERA
1. Donostia Arraun Lagunak 10:48.02
2. Tolosaldea 10:54.52
3. Astillero 10:59.62
4. San Juan 11:01.14
5. Hibaika 11:01.94
6. Donostiarra 11:04.52
7. Zumaia 11:06.78
8. Orio 11:12.10
EUSKOTREN LIGA - NAGUSIA
1. Donostia Arraun Lagunak 24 puntu
2. Tolosaldea 18 p.
3. Astillero 15 p.
4. Hibaika 13 p.
5. Orio 13 p.
6. San Juan 12 p.
7. Zumaia 8 p.
8. Donostiarra 5 p.