«Arraun egiteko estiloa ez dago klub bati lotuta orain»
Arraun egiteko hiru estilo zeuden garai batean: Oriokoa, San Juangoa eta San Pedrokoa. Gero, Jose Manuel Francisco galiziarrarena gehitu zitzaien. Orain ez dira hainbeste bereizten, egungoen oinarrian haiek badaude ere. Hori gizonezkoen kasuan; eta emakumezkoetan, bai al da estilorik edo eskolarik?
Orioko plazaren albo-albotik igarotzen da Oria ibaia. Edo zehatzago esanda, Oria ibaiaren alboan eraiki zuten plaza aspaldi batean. Auskalo zenbat gora eta behera egin dituen Rafa Gonzalez de Txabarrik (Orio, 1966) bere herriko ur emari horretan. Eman ere asko eman dio hark arraunari: arraunlari, entrenatzaile eta prestatzaile fisiko... eta pentsalari, aztertzaile, ikerlari. Hor dabil oraindik ere, sasoi honetan San Pedroko Libia traineru mitikoan, adiskide eta kide Patxi Frances entrenatzailea alboan duela. Plazako taberna baten kanpoaldean hasi da solasaldi hau, eta kazetariak gaia berriz aipatu dionean, aurreneko galdera bukatzen ere ez dio utzi. Beraz, galderarik gabe hasiko da elkarrizketa hau, Gonzalez de Txabarriren gogoeta batekin, gaiari azkar asko helduta:
Arraunean egiteko estiloak azaltzen hasi aurretik, teknika zer den kontatu behar da. Teknika eredu bat da, eredu homogeneo bat, batera arraun egitea, bila joatea, etzatea... denentzat berdina, eta hori lantzeko zientzia eta teknologia behar dira. Kirol ziklikoa da arrauna: ontzi batek zenbateko energia behar duen abiadura batean mantentzeko. Ahal den gutxiena erabiltzea da errendimendua, edo alderantziz, energia berarekin, azkarrago joatea. Hori da teknika ona edo txarra izatea. Aldiz, estiloa da teknikaren egokitzapena egitea arraunlariarekin. Klub bakoitzak bere estiloa zehazten du, modu egokienetik bakoitzak egiten duen egokitzapena neurri antropometrikoen arabera.
Nola sortzen da estilo bat?
Garai batean, hiru estilo zeuden: Oriokoa, San Juangoa eta San Pedrokoa. San Juangoaren ezaugarriak ziren asko etzatea, eta oso gutxi joatea bila, gorputzaren mugimenduari dagokionez. San Pedrokoa guztiz kontrakoa zen, bila asko joaten ziren, gorputzarekin asko sartzen ziren, eta arraun palaren aurreko angeluak handiak izaten ziren. Oriokoa bi horien artekoa zen: bila ez zen hain aurrera joaten, eta etzan gutxiago egiten zen. Hiru estilo horien atzean hiru izen azaltzen dira: Jose Luis Korta Orion, Paco Prieto San Juanen, eta Julian Osa San Pedron.
Hiru estiloen arteko lehia ere izan zen?
Momentu batean, bai. Zeinek estropada gehiago irabazi, estilo hura zen onena.
Estilo horiekin batera sailka daiteke Jose Manuel Franciscorena?
Bai. Galiziatik etorri zen, formatua eta ikasia, eta arlo biomekanikoan asko zekiena. Egonaldia egin zuen uda batean Euskal Herrian, Orioko, San Juango eta San Pedroko arraun estiloak aztertuz. Gero, bere estiloa zehaztu zuen, baina betiere, traineru barruan zeuzkan arraunlari indartsuek baldintzatuta. Beste hiru estiloetatik jasotakoarekin osatu zuen berea: gorputza oso gutxi mugitzen zuten, baina uretan, besteek egiten ez zutena egiten zuten, indar handia sartzea, arrauna oker-oker eginda uretan oso indartsu pasatzea.
Estiloekin lotuta dago materiala. Nola aztertzen duzu uztartze hori?
Franciscoren estiloa azaltzea edo sortzea eta materialetan zuntza sartzea ia aldi berean gertatu ziren. Estiloan eta teknikan aldaketak ekarri zituzten material berriek.
Lehengo hiru estilo haiek erabiltzen dira oraindik?
Hain zehaztuta eta hain argi ez daude. Bereizi daitezke, baina ez daude herri edo klub bati lotuta. Orain, entrenatzaileak ematen dio bere estiloa arraun egiteko moduari. Baina oso berdintsuak dira. Kanpotik begiratzen bazaie, ez da alde handirik. Berritzen ari dena Getaria da. Estilo aldetik freskotasuna ari da ekartzen, eta gauza berriak egiten ez aurten bakarrik; adibidez, ziabogak egiteko modu berri hori, patroia eserita. Dauzkan arraunlarien ezaugarrietarako, ikaragarri pila dabil, eta egiten du zerbait besteek egiten ari ez direna.
Egungo entrenatzaile batek esana: «Lehengoak ziren onak. Material harekin, jakinduria gehiago behar zen. Guk arraunlariak beren lekuan jarri, eta askoz gehiago ez dugu egiten». Zer diozu zuk?
Lehengokoen aldean, oraingoek askoz ordu gehiago sartzen dituzte. Teknologia ere askoz gehiago dago gauzak aztertzeko. Buruari eragin eta eragin aritzen dira oraingoak, eta oso jende azkarra da. Ia profesionalak edo profesionalak dira. Orain, gutxienez, liga nagusietako hamasei entrenatzaile ari dira arraun egiteko moduak aztertzen lehen baino oinarri sendoago baten gainean. Eta beheko ligetakoak ez ahaztu. Lehen, hiruzpalau asko jota.
«Argi daukat kirolean pena ez duela ezerk eman behar. Oraingo hau lehen eraikitako hartatik dator, azterketa eta teknologia gehituta. Eta azkarrago dabiltza traineruak, azken urteetan hain azkar ez badoaz ere»
Lehengoek gauzak nola aztertzen zituzten lotuta zegoen herri jakinduriari, belaunaldiz belaunaldi igarotako eta ikasitako altxor horri. Oraingo teknologia ez al zen hura?
Ez dira gauza bera. Lehengoa zabarragoa zen. Arraunean kale edo bale egiten zen, 'asmatuko diagu', esaten zen orduan. Eta horrek esan nahi du ez zegoela ikertua eta aztertua; orain, aldiz, bai, lehengo aldean gehiago bai, behintzat. Lehen, asmatu edo ez asmatu sekulako aldea egoten zen traineruen artean, eta orain, ñabardura txikiekin hamar-hamabost segundo hobetu daitezke, baina aldea ez da lehen bezalakoa.
Ez al da penagarria lehengo herri jakinduria hura galtzen joatea edo galdu izana?
Argi daukat kirolean pena ez duela ezerk eman behar. Oraingo hau lehen eraikitako hartatik dator, azterketa eta teknologia gehituta. Eta azkarrago dabiltza traineruak, azken urteetan hain azkar ez badoaz ere.
Bada zer aztertu hor.
Inoiz baino gehiago zaintzen dira arraunlariak, prestatu ere inoiz baino hobeto, baina hemen galdera da arraunlariak ea gero eta hobeak diren. Zaila da, gutxiago daudelako, eta onak ateratzeko aukerak gutxituta daude.

Dani Perez Zierbenako entrenatzaileak iaz berripaper honetan esandakoa da hau: «Orain, ez dauzkagu 1.90 metroko arraunlariak, baina haientzako materialarekin segitzen dugu».
Ba atera kontuak zer gertatzen den emakumezkoekin, neurriz txikiagoak izanda, materiala batez beste 1.60 metroko arraunlarientzat izaten ari denean.
Ba al da estilorik emakumezkoen arraun egiteko moduan?
Bilatzen ari dira. Arraun Lagunakek badu zerbait zehaztuta, arraunlari indartsuetan oinarritutakoa. Kontuan izan behar da materiala bera dela emakumezkoena eta gizonezkoena. Emakumeen kasuan, traineru bateko arraunlarien batez besteko pisua 65-68 kilokoa da, eta gizonezkoena, hamar gehiago. Horrek esan nahi du emakumeen trainerua gutxiago sartzen dela uretan. Ondorioz, arraunen neurriak eta tostak aldatu egin behar dira nesken ezaugarri fisikoetara, uretara ondo iritsi daitezen arraunarekin. Igotzen denean tosta, arrauna ere urrutiratu egiten da uretatik, eta palankak ere aldatu egin behar dira. Zailtasun handiena horixe da emakumezkoen arraunean.
Emakumezkoen arraun egiteko estilo bat sortzeko ezinbestekoa izango da emakumeentzako material propioa izatea?
Uste dut pixkanaka sortuko dela, betiere oso kontuan izanda arraunaren etorkizuna, larri gabiltzalako. Baina egonkortzen denean emakumezkoena, talde gehiagorekin-eta, sortuko da estilo bat.
Baina sor daiteke materiala aldatu gabe?
Ez dago beste aukerarik. Aldatzen ez diete utziko. Hasteko, traineruen ereduak aldatu beharko lirateke, eta zeinek ordaindu hori guztia? Zein ontziolak egin? Traineru berriak egitea molde berriekin ez da egun batetik bestera egiten. Araudia ere aldatu egin beharko litzateke, emakumezkoentzat beste bat sartuz materialen ezaugarriekin, neurriekin eta abar.
«Uste dut pixkanaka emakumezkoen estiloa sortuko dela, betiere oso kontuan izanda arraunaren etorkizuna, larri gabiltzalako. Baina egonkortzen denean emakumezkoena, talde gehiagorekin-eta, sortuko da estilo bat»
Nolako bilakaera izango du estilo kontu honek, betiere arraunak kirol bezala irauten badu?
Teknologiatik etorriko da bilakaera. Hemen, Orion, egin genuen saialdi bat, baina erotu egin nintzen. Azkenean, profesional bat behar da zeregin horietarako, eta makina horiek guztiak erabiltzeko formakuntzarekin. Egitura handi bat ere behar da.
Formazioa aipatuta, ez al da beharrezkoa Euskal Herrian arraunaren espezialitate bat sortzea kirol irakaskuntzaren barruan? Galizian badaukate, adibidez.
Hemen, unibertsitatean, Herri Kirolen barruan sartzen dute arrauneko zerbait, baina ez da nahiko, oso motza izaten da. Maestria deitzen zitzaien lehen, eta horrelako zerbait ondo legoke, ikertzen segitzeko, gehiago pentsatzeko arraunaz eta abar. Eduki zientifiko bat osatzea litzateke. Gero, praktikan jarri beharko litzateke pentsatu, ikertu eta aztertutako hori guztia.
Batzuek bazabiltzate horretan.
Gailu teknologiko batzuekin egin izan dira probak hemen, eta ibili izan gara. Bizpahiru sistema ezberdin daude aulki mugikorretan erabiltzen dituztenak: azelerometroa da bat, eta zehaztasunez ematen dizu GPSrekin batera, nolako azelerazioak dituen traineruak, eta horren arabera, zenbateko indarra ematen ari diren arraunlariak. Bestea da arraun bakoitzari jartzea galga bat, jakiteko zenbateko indarra eta non egiten duen arraunlari bakoitzak. Hainbat sistema daude horretarako. Azelerazioa arraunari ematen zaion indarrari lotuta dago, eta hamahiru pieza behar dira, bat arraunlari bakoitzeko. Oso garestia da. Gainera, logistika zaila dauka, jarri eta kentzeko egun oso bat behar delako, eta hasi zaitez estropadetara eramaten. Guk toleteetan jartzen genuen galga hori, indarra neurtzeko. Teknika neurtzeko da hau guztia. Baina ez da erraza, aulki mugikorrean bezain zehatza. Izan ere, hainbeste aldagai daude estropadetan: itsasoa ez da ur leuna, olatuak daude eta abar.
Arrauna irekita dago horrelako berrikuntzetara?
Zaila da. Asko falta zaigu oraindik. Tradizioak pisu handia dauka. Gainera, bakoitzak berea egiten du, eta emaitza onak badira hori eginda, ez da erraza entrenatzaile edo klub hori hortik ateratzea. Getariarena horregatik aipatu dut lehen, ari delako freskotasun haizea ekartzen, nire ikuspuntutik. Jon Lasa ingeniaria berrikuntzen oso zalea da, eta patroirik gabeko itsasontziak egiten ari da, adibidez. Lan asko ari dira egiten itsasoarekin lotutako arloetan. Baina ez da erraza. Arraun munduko jendea berezia gara izaeratik, eta esango nuke norberaren egoa handi samarra daukagula.