«Utopia ez da arkadia zoriontsu bat»
‘Sorbatza’ izena du Markel Sanchezen (Durango,1991) lehen literatur argitalpenak. Iraultza baten eta beste iraultza baten arteko garaian kokatua, heriotza baten inguruko ikerketa materiala topatuko du orrialdeetan irakurleak. Eta lerro artean, hainbat hausnarketa: belaunaldi talka, zaintza, artea...
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ariketa espekulatibo bat egin du Markel Sanchezek bere lehen eleberrian. Etorkizun hipotetiko batera bidaia egin du; 2054. urtera eta, ustez, Euskal Herriaren tankera duen lurralde batera. Sorbatza, Eraldaketa Handiaren iraultzaren osteko gizartearekin kritiko izanik, artea erabiliz eragin nahi duen taldea da. Heriotza arraro batek ordea, jomugan jarriko ditu kideak. Irakurleak hainbat herritarren testigantza eta taldearen batzarren aktak irakurriko ditu, zer gertatu den deskubritzeko.
Eleberri berezia da ‘Sorbatza’ (Elkar). Liburuaren premisa, edukia eta forma ere hala direlako. Zer zenuen buruan bueltaka liburuarekin hasi aurretik?
Imajinazio ariketa bat izan zen. Saiatu nintzen pentsatzen edo irudikatzen nolakoa izango litzatekeen kapitalismoa gainditu duen gizarte bat, zapalkuntza nagusienak behintzat gainditu dituena, teknologikoki aurreratua dena. Baina ez hainbeste nolakoa izango litzatekeen teknikoki edo funtzionamendu aldetik. Interesgarriagoa iruditzen zitzaidan imajinatzea zein baldintza berri sortuko liratekeen arterako, sormenerako, literaturarako eta batez ere zein gatazka, zein debate, zein arazo edukiko lituzketen horrelako gizarte batean.
Orduan hasi nintzen apurtxo bat horren inguruko istorio batzuk pentsatzen, asmatzen, gaur egun ez ditugun zein eztabaida edukiko lituzketen, zein antropologia berri sortuko litzatekeen... Eta hortik tiraka istorio batzuk sortzen hasi nintzen.
Ikusi nuen bazegoela nobela baterako bidea eta hortik hasi nintzen probatzen, irudimen ariketa horretatik. Hiru urteko bidea izan da. Agian espero baino luzeagoa egin zait, azkenean, eskatu didalako irudimen ariketa handi bat egitea eta agian ez nuen nondik jan edo edan. Azkenean gauza asko irudikatu behar izan ditut.
2054ko etorkizun hurbil batera garamatzazu, Euskal Herrian. Zergatik kokatu zenuen hemen eta ez beste inon?
Bada eta ez da Euskal Herria, hori da kontua. Hemendik irudikatu dut, Euskal Herritik, baina egia da ez dela Euskal Herri honetan gertatzen. Hau da, leku-izen ugari agertzen dira, guztiek daukate euskal doinua edo euskal toponimiako doinua, baina ez dira benetako lekuak. Hitzaurrean Harkaitz Canok ‘Auskalerria’ deitu dio. Gustatu zait hitza. Egia da irakurleak jarraian ulertzen duela Euskal Herria dela eta euskal gaia jorratzen dela. Baina ez nuen nahi ipini Durango, Donostia, Donapaleu edo Tafalla, horrek azkenean irakurlea hemendik irakurtzera eramaten duelako, eta nik irakurlea Euskal Herri imajinario batera eraman nahi nuen, hemendik abstraitu eta ez leku batera eraman.
Iraultza batek zerbait badakar, iraultza berri baten beharra al da?
Liburuaren hasieran pare bat aipu gehitu nituen. Bat Ursula K. Le Guinena da. Dio iraultzaren seme-alabak beti direla esker txarrekoak eta iraultzak eskertu behar lukeela hori horrela izatea.
Ez dut uste normalean hori gertatzen denik, behintzat aurreko mendeko iraultzei begiratuz gero. Gatazka izaten da horrekin. Azken finean iraultza berri batean suposatzen da mundu berri bati ateak irekitzen zaizkiola, baina iraultza horrek behar izaten dute egonkortu, epika bat sortu eta iruditegi berri bat sortu. Eta ez handik eta urte gutxitara norbaitek hori inpugnatzea eta gatazkak sortzea. Agian aurreko mendean ere ikusi dira halakoak Kuban edo Sobietar Batasunean eta horrelako lekuetan. Halako kontraesan bat iraultza berri horrek bide bat hartzean batzuetan kritika batzuk ongi etorriak ez izatea.
Baita iraultza liberaletan ere. Adibidez, Frantziar Iraultzan hilabeteei izen berriak ipini zizkieten, 10 orduko egunak ezarri eta halako gauza arraroak egin zituzten mundu berri bat zela erakusteko. Iraultza batek markatzen duen mundu berriaren hasiera horretan beti dago begi onez ikusten ez duenik kritika edo osoko emendakinik egotea, behintzat urte gutxi pasa direnean. Eta talka hori da eleberrira eraman dudana, baina etorkizuneko balizko iraultza batera.
Liburuan mugak agertzen dira, fisioak zein mentalak. Beti dago ‘bestea’, bestearen beharra?
Nobelak Eraldaketa Handia osteko mundu batera eramaten gaitu, baina egia da badagoela mundu osoan leku bat oraindik aurreko gizarte ereduarekin jarraitzen duena: Liberty City. Testigantzetako batek jasotzen du Sorbatzako kide batzuk hara joan zirenekoa. Bidaia hori kontatzen digute pista batzuk ematen dituelako. Eta hor bestearen auzi horrekin jokatzen da. Zer gara gu eta nortzuk dira besteak. Aurrekoan lagun batek esan zidan liburua irakurtzean, behin istorioan sartuta zegoela, etorkizuneko gizarte horretako begietatik ikusten zuela. Eta orduan, Liberty Cityra joaten zenean arroztasun puntu batetik ikusten zuela bertako gizartea, baina noski, jakitun gure gaur egungo gizartea dela. Hori zen bilatu nahi nuena, beste begi batzuekin begiratzea gure gizartea, haientzat ia-ia distopikoa dena, baina guretzat egunerokoa.
«Utopia arteari eta literaturari utzi behar zaizkio. Eragile sozialek, mugimendu politikoek, pentsamendu utopikoa izatea apur bat arriskutsua ere izan daiteke»
Harkaitz Canoren hitzaurrera bueltatuta, «esperimentua kutsatu duten orainaldiko partikula» horiekin borrokan ibili zara?
Ekidinezina da. Gure garaitik idatzi dudanez, hemendik idazten nabilen heinean eta beste guztia irudipena izanik, orainaldiaren partikula horiek hor daude beti, edukietan eta formetan. Adibidez, Sorbatza taldearen batzarreko aktetan agertzen diren debate batzuk gaurkotasun handikoak dira eta beste batzuk, gaur egun ikusiak, gauza arraroak dira, edo ia imajina ezinak. Bi gauzak daude liburuan.
Esango nuke, nik idaztean bezala, moduren batean irakurleak ere konektatzen duela. Forma aldetik, batzarrak batzarrak dira. Gaur egungo beste edozein batzarretan dauden arazo eta kontu batzuk ikusten dira, baina agian eztabaidatzen diren gaiak ba ez dira gure garaikoak. Egia da 2054a ez dagoela hain urrun ere. Mundua asko aldatu daiteke baina, aldi berean, beste gauza batzuk apenas.
Egungo gizarteaz askotan helduleku falta dagoela esaten da. Halako ariketa espekulatibo gehiago behar al ditugu gure gizartean?
Bai, baina. Egia da azken urteoran teorizatu dela eta jendeak asko hitz egin duela eta idatzi direla liburuak utopia falten inguruan. Zineman, telesaietan, literaturan, saga distopikoekin... Gaur egungo gizarteari kritika egiteko tresna moduan erabili izan da distopia, baina atzetik ideia bat izanda: oso erraz irudikatzen dugu etorkizun distopiko bat, baina zein zaila den etorkizun hobe bat imajinatzea.
Fredic Jamesonen esaldiak zioen bezala, errazagoa baita munduaren amaiera imajinatzea, kapitalismoaren amaiera baino. Eta hori egia da, eta bai, behar ditugu horrelako ariketak eta behar dugu artean, zineman edo literaturan utopiak. Uste dut apurka-apurka geroz eta gehiago ikusten direla, baina aldi berean halako boom txiki bat dago utopiarekin kontuarekin. Ondo daude, baina bere neurrian. Utopia arteari eta literaturari utzi behar zaizkio. Uste dut eragile sozialek, mugimendu politikoek, pentsamendu utopikoa izatea apur bat arriskutsua ere izan daitekeela.
Hitz egin dezagun liluraz. Hori izan da zure bilaketa konstantea.
Gaur egun jendea ez dut bereziki liluratua ikusten. Ez dakit etsita esango nukeen. Jendea engaiatzen da gauzekin, baina liluratuta, ez nuke esango. Elementu hori sartu nahi nuen, behintzat pertsonaia batzuen kontatzeko moduetan. Batzuk agian apur bat ansiosoak dirudite kontatzerako orduan, baina liluratuta daude diotenarekin eta gauzak beste modu batean bizi dituzte. Gaur egun agian holako pasioarekin bizitzen besteak politika, artea, ez dakit hain begi onez ikusita dagoen. Irudikatu nahi nuen horrelako etorkizun batean gauza normala dela eta jendea, ez dakit zoriontsuagoa ote den, baina behintzat gauzekin liluratzen dela gehiago. Eta uste dut badela munduan egoteko modu polit bat.
Nobela anti-utopikoa dela esan zenuen aurkezpenean. Jarraitzen duzu etiketarekin konforme?
Esan nuen batez ere anti-utopikoa zela uste dudalako nobelaren funtsa utopiari kritika egitea dela. Utopia. Aurreko mendeetan aurkezten zen ez bezala, ez da halako arkadia zoriontsu bat. Azkenean, gizartea dagoen neurrian gatazka dago eta zapalkuntzak, handiagoak edo txikiagoak izango dira, baina egongo dira. Eta hori problematizatu behar da. Utopia bertatik bizi duzunean jendeak ez du ikusten hori utopia bezala, agian fantaseatuko du utopia berriagoekin edo hobeekin, ezta? Horregatik esaten nuen nobela anti-utopikoa dela eta utopiari kontra egiten diona. Eta bai, egia da, etiketa bat hautatzekotan hori hautatuko nukeela, behintzat zeresana ematen duelako. Amu bezala balio dit.