INFO

Hondamendiaren ondoren, elkartasuna Gasteizko Triskaritik

Nepal eta Tibet arteko hondamendia gertatu zenetik aste bi joan dira, baina elkartasun premia handia da oraindik. Edozein laguntza, txikia izanda ere, baliagarria da. Hala uste du Gasteizko Triskari taberna gobernatzen duen Manojek, datorren iganderako bertan bermut solidario bat antolatu duenak.

Manoj Dhungana Triskari tabernan (Endika PORTILLO | FOKU)

Aste bi dira Nepal eta Tibet artean uholdeek eta lur-jausiek hondamendia eragin zutela, batez ere Nepal aldean. Gertatuarekiko arreta gutxituz doa, baina tragediaren datuak gero eta ikaragarriagok dira. Milatik gora hildako zenbatu dira, eta desagertuak 4.000 inguru dira, azken datuen arabera. Elkartasuna funtsezkoa izaten da horrelako gertakarien ondoren, eta Gasteizen ere bada Himalaiako inguru harekin gogoratzen denik. Horietako bat da Manoj (Manotx) Dhungana, eta arrazoi bikoitza du hartarako, bera nepaldarra izanda.

Datorren igandean, hilak 6, bermut solidario bat antolatu du berak gobernatzen duen tabernan, Gasteizko Triskarin, hain zuzen. 12:00etatik 15:00ak arte kontsumizioen eta donazioen bidez jasotzen duen dirua Nepalera bidaliko du. 

Abuztuaren 26an, Nepalgo uholdeen berri iritsi zenean, momentu larrigarriak igaro zituen Manojek, bere familia herrialde hartan bizi baita. Kostata, haiekin hitz egitea lortu zuen halako batean. Zorionez, onik zeuden denak. Haien herritik oso hurbilera iritsi ziren hondamendiaren arrastoak; esate baterako, hildakoak, dozenaka, ibaiak eramanak, baina han ez zen kalte nabarmenik izan. 

Familia ondo zegoela jakinda lasaitua hartu zuen, baina ezin zuen burutik kendu bere herrialdeko hainbeste jende pairatzen ari zena, are gutxiago irudiak ikusita. Hala, bere esku zegoena egin behar zuela pentsatu zuen. «Zerbait egiteko nahi izan behar da, baita ahal izan ere», dio Manojek. Eta nahi zuen, zalantzarik gabe, baita ahal izan ere, bere neurrian.

Gasteizen bizi da bere emaztearekin eta alabatxoarekin. 2018an iritsi zen, baina lehendik ezagutzen zuen Euskal Herria, aurreko sei urteetan Ordizian bizi izan baitzen, ostalaritzan lan eginez. Coviden pandemiaren ostean hartu zuen Triskari taberna, bezerorik falta izaten ez duena. Lagun arteko giroa sortu du Manojek bertan, eta aproposa iruditu zitzaion ekimen solidario bat egiteko. Beraz, uste izatekoa da igandean ohi baino jendetsuago egongo dela taberna.

Alavesen eta Osasunaren arteko partidaren egunean

Larunbatean egitea pentsatu zuen, baina gogoratu zitzaion igandean Alavesen eta Osasunaren arteko futbol partidua dagoela Mendizorrotzan; hortaz, egun horretara aldatu zuen, talde bion zaleek sortzen duten giro apartaren jakitun.

Erantzun ona espero du Manojek. Dioenez, egunotan zenbait bezero tabernara joan dira igandean ezingo direla agertu esatera eta, bide batez, beren ekarpena uztera. Ekimena iragartzeko kartelean, gainera, Bizum bidez ekarpenak egiteko zenbaki bat jarri du.

Bizum bidez eta ohiko prezioan salduko diren kontsumizioen truke jasotzen duen diru guztia Nepalera bidaliko du, beraz, hango Gobernuak laguntzak zentralizatzeko antolatu duen funtsera, Lehen Ministroaren Hondamenetarako Laguntza Funtsera, hain zuzen. Manojek NAIZi esan dionez, informatu egin da kontu horren fidagarritasunaz, eta badaki Nepaldik bertatik ere funts horretara bidaltzen dituztela laguntzak.