Aizkorak zorroztu!
MUGURUZA FM 40 TOUR
Euskal Herria, 2026. 103’. Zuzend.: Ander Merino, Fermin Muguruza. Gidoia: Laia Urtizberea. Argaz.: Julen Arregi. Musika: Fermin Muguruza.
Oholtzara lehen aldiz igo zela lau hamarkada betetzen zirela eta, Fermin Muguruzak bere azken bira handia abiatu zuen iaz: musika, konpromisoa eta kultur erresistentziaren 40 urte ospatzen dituen bidaia kolektiboa. Iñigo Muguruza zenak 60 urte beteko zituen egunean egindako omenaldi-kontzertuan abiatu zuten bira, eta ia urtebete eman zuten munduan barrena. Bidean, hortzak erakutsi zizkioten faxismoari eta han-hemenka pairatutako zentsurari, 40 urteko ibilbidea ospatzearekin batera.
Muguruzak berak eta Ander Merino Etxebestek zuzendutako ‘Muguruza FM 40 Tour’ dokumentalak ibilbide horren taupadak jasoko ditu: jendez gainezka dauden kontzertuak, errepidean egindako kilometroak, bidean izandako topaketak eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den energia partekatua, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik gaur egungo bere ibilbideraino. Oholtza gainean zein haren atzealde intimoenean, filmak une erabakigarri baten intentsitatea harrapatzen du: tamaina honetako bere azken biraren arnasa.
Musikaren, irudien eta memoriaren bidez, dokumentalak bere abestiak borrokarako, nortasuna eraikitzeko eta komunitate ospakizunerako tresna bihurtu dituen sortzaile baten erretratu zinematografikoa osatzen du, ezinbesteko artista baten azken dantza handiarekin batera.
Hain berea duen aizkoraren sinbologiaz egituratu dute lana. Oihana Barrena aizkolariak darama filmaren haria, eta aizkora bera bihurtzen da kontakizunaren ardatz eta metafora: moztu, hautsi, ireki, bidea egin.
Anoetako Belodromoan estreinaldia
3.000 lagun elkartu ziren pasa den Donostia Zinemaldiaren testuinguruan Anoetako Belodromoan filmaren mundu mailako estreinaldian. Gau hunkigarri eta kolektiboa izan zen, eta filmaren lehen proiekzio publikoa lau hamarkadako musika, memoria eta konpromisoaren ospakizun bihurtu zen. «Dokumental beroa» egin zuela aurreratu zion GARAri emandako elkarrizketan, eta horretan ere bete; egun beroa izan zen, eguraldia eta Muguruza zaleak tarteko. Kaleko Afari Solidarioetako erosketa orgak alderik alde, beraien atzetik abiatu ziren Broken Brothers Brass Band taldekoak, eta jarraian jendetza.