NAIZ+

Altsasuko epaiketaren atarian, elkartasuna borborka

Altsasuko gazteen epaiketaren bezperetan,  protesta eta elkartasuna biderkatzen ari da kalean eta sarean.

Astelehenean abiatuko da Altsasuko gazteen aurkako epaiketa. 2016ko urriaren 15 goizaldeko gertakariak epaituko dituzte Auzitegi Nazional espainolean. Gaueko ordu txikitan taberna batean kalez jantzitako bi guardia zibilekin eta eta beren bikotekideekin izandako liskarra «terrorismo» delitutzat jo zuen Instrukzioko 3. epaitegiko epaile Carmen Lamelak, eta hark aginduta atzeman zituzten gazteak.

Orain, urte eta erdi beranduago, zortzi gaztek eseri beharko dute epailearen aurrean, eta fiskalak berrogeita hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen die seiri, 62 urtekoa beste bati, eta 12 urtekoa beste bati. Guztira 374 urteko espetxe zigorra.

Protesta eta elkartasun soka luzea eragin du auziak. Kalean eta sarean presente izan da etengabe gazte hauekiko babesa. Orain, alabaina, epaiketa hurbiltzearekin bat, sostengua biderkatu egin da. Horren lekuko, Altsasuko gazte auziperatuen gurasoek egin eta eskuz esku indarra hartzen ari den bideoa dugu. Bertan, 2016ko urriaren 15 hartatik gaur arte gertatutakoa azaltzen dute.

Altsasuko gazteekiko eta euren senideekiko enpatia agertzera animatzen du WhatsAppez zabaldu den beste bideo honek, datorren larunbatean Iruñea zeharkatuko duen manifestaldira gonbidatzeaz gainera.

Bien bitartean espetxean jarraitzen dute Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz altsasuarrek. Egunero legez, @ContadordeAltsasu ezizena duen Twitter kontuak preso daramaten egunak zenbatzen dihardu. Gaurkoarekin 512 egun, eta gau.

Epaituko dituzten gazteek eta euren gurasoek babes zabala jaso dute azken hilabeteetan. Azken asteotan adibidez, justizia aldarriak Nafarroa zeharkatu du, norbanako eta eragile anitzen atxikimendua bilduz. Asteburuan izan du azken etapa martxak, seigarrena, eta Sakanan amaitu dute, etxetik gertu. Herritarren erantzuna «apartekoa» izan dela nabarmendu dute gurasoek eta orotara 12.000 pertsonatik gora lagunek parte hartu dutela baieztatu dute.

Nafarroakoa mugak zeharkatu ditu Altsasuko gazteekiko elkartasunak eta Gasteizen edo Bilbon manifestazio jendetsuak izan dira. Aste honetan ere babesa erakutsiko diete Baiona zein Donibane Garazin.

Altsasuko auzia gertutik ezagutzeko egindako erakusketak ere bere bidea jarraitzen du, Tuteratik Gipuzkoara egin du salto azken orduetan, izan ere ostirala bitarte Oñatiko Kultur etxean izango da ikusgai.

Edonon ikusi ahal izan da Altsasuko auziaren aurkako protestak. Boliviara joandako Askapenako Brigadak bertako presidente Evo Moralesekin egoteko aukera izan zuen eta Altsasuko gazteen aldeko aldarriarekin argazkia atera zuen.

Igandean, Bizkaia frontoian jokatu zen Binakako Txapelketako finalean ere ikusi ahal izan ziren Altsasuko auzian auzipetutakoen aldeko banderak.

Babes erakustaldi indartsuena, baina, larunbatean izango da. 17.30ean eta Iruñeko Golem zinema aretotik manifestazio bat abiatuko da «bidegabekeriari planto» egiteko bokazioz. Altsasuko auzian inputatuta dauden gazteen gurasoek deitu dute protesta, baina hamaika atxikimendu jaso ditu. Tartean, Nafarroako Foru Parlamentuarena. Ganberak, lauko gobernua osatzen duten alderdien botoekin, adierazpen instituzionala onartu du eta herritarrei martxan parte hartzeko deia egin die