NAIZ
BRUSELA

Hodei Egiluzen gurasoek «ahalegin handiagoa» eskatu diete europar erakundeei

Hodei Egiluzen gurasoak Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Barne komisarioarekin bildu dira gaur eta beren semearen bilaketan «ahalegin handiagoa» egiteko eskatu diote.

Hodei Egiluzen gurasoak Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Barne komisarioarekin bildu dira gaur goizean Bruselan eta ondoren Pablo Egiluzek agerraldia egin du komunikabideen aurrean.

«Europako erakundeetara ate joka gatoz berriro erantzun, babes, laguntza eta ahalegin gehiago eskatzeko», adierazi du gazte galdakoztarraren aitak.

Azaldu duenez, Europako Batzordeko Barne komisarioak «erakundeen laguntza eta babesa, maila gorenean», eskaini dizkio Egiluzen familiari eta lantalde bat osatzeko konpromisoa hartu du, Pablo Egiluzek esan duenez.

Era berean, Malmstronek esan die desagertutako pertsonak bilatzeko «protokolo europarra eta integrala» bultzatzeko eskatuko diola osatzear dagoen Europako Batzordeko gobernu berriari, Hodei Egiluzen esperientzia oinarri hartuta.

Gaztearen aitak azaldu du ez dela izan berri aipagarririk azken asteotan eta iazko urriaren 19an Anberesko hirigunean egon zitezkeen balizko lekukoei laguntza eskatu die sema aurkitu ahal izateko.

Abuztuaren 18tik 30era bizikleta martxa egingo du Hodei Bila elkarteak Belgika eta Herbehereetan, Galdakaoko gaztearen desagerpenaren berri emateko.