@belastegi
Donostia

Pedro Subijana sukaldariak jaso du Urrezko Danborra sorpresaz betetako ekitaldi batean

Pedro Subijana sukaldaria izan da aurtengo Urrezko Danborra. Oroigarria eguerdian jaso du Juan Karlos Izagirre alkatearen eskutik. Sari hau Donostiaren izen ona munduan zehar zabaltzen dituzten donostiarrei ematen diete. Subijanari babesa ematen, familiaz gain, sukaldari ugari izan dira.

Juan Karlos Izagirre alkatea Pedro Subijanari Urrezko Danborra ematen. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)
Juan Karlos Izagirre alkatea Pedro Subijanari Urrezko Danborra ematen. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Urrezko Danborra banatu diote gaur Pedro Subijana sukaldariari sorpresaz beteriko ekitaldi hunkigarri batean kalean haurren danborradaren danbor hotsak ozen entzuten ziren bitartean. Berari buruzko bideo bat proiektatu dute, non argitzen zuten zein izan zen euskal sukaldaritza berriaren jatorria. «Ez zen erraza izan baina bizitzen ari ginen bizitza zen. Batzuek esaten ziguten tradizioarekin amaituko genuela, hiru egun iraungo genuela, baina beste batzuek babesa eskaini ziguten», aipatu du saridunak berak.

Kreatibitatea plateretara eraman zuen Subijanak beste sukaldari askorekin batera eta egun ezagutzen dugun goi mailako sukaldaritzaren lehen pausoak eman zituzten. Ada Pinter emaztea ere agertu da bideoan eta bere ustez Urrezko Danborra Nobel Saria baino garrantzitsuagoa da donostiar batentzat, «jaso dezaken saririk handiena». Bideoaren ostean Iñaki Gabilondo kazetariak hartu du hitza eta ezagutzen dutenek gehien azpimarratzen duten hitza aipatu du: umiltasuna. «Urrezko Danborra eman behar izan dizute Danborrada zer den ohartzeko, beti lanean igaro izan duzulako eguna».

Sorpresa ugari izan dira ekitaldian. Lehenik, sukaldari asko gerturatu dira eskenatokira eta abesti bat kantatu diote omenduari. Bertsoak bota dituzte eta Karlos Argiñanok txiste bat kontatu du. Ondoren, Juan Karlos Izagirrek hartu du hitza oroigarria emateko. Jon Maya dantzariak agurra egin die eta, ekitaldia borobiltzeko, Ainhoa Arteta sopranoak ‘Donostiako Martxa’ eskaini dio Subijanari. Omenduak eskerrak eman dizkie guztiei, batez ere bere familiari eta Akelarre jatetxeko kideei, baita bere maisua izan zen Luis Irizarri ere. «Polita da jendea poztu dezaken lanbide bat izatea. Besteengandik zerbait egin dezakezula pentsatzeak bihotza puzten dizu», esan du. Ekitaldia amaitzeko bertaratutako guztiek Union Artesana danborradako eta Udal Txistulari Bandako kideekin batera ‘Donostiako martxa’ kantatu dute, atzoko Hiritar Merezimenduaren Dominak banatzeko ekitaldia bezalaxe.