NAIZ
GASTEIZ

Lau orduko ekitaldia egin dute Gasteizen «terrorismoaren biktimen» alde

Lakuako Gobernuak deituta, lau ordoko ekimena egin dute Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, «terrorismoaren biktimak» omendu asmoz. Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio hasiera ekitaldiari.

«Terrorismoaren biktimen» alde Gasteizen egiten ari diren ekimena. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
«Terrorismoaren biktimen» alde Gasteizen egiten ari diren ekimena. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Bihar, martxoak 11, Europako «Terrorismoaren Biktimen Eguna» dela-eta, gaur, Lakuak, lau orduko ekimena antolatu du Gasteizen. 09:00etatik hasita, arabar hiriburuko Andra Mari Zuriaren plazan erakunde desberdinetako ordezkariak eta «terrorismoaren biktimen» hainbat erakunde izan dira elkarretaratzearen buruan.

Lehena Lakuako Gobernua izan da. Iñigo Urkullu buruan zuela eta ondoan AVTko presidente Alfonso Sanchez eta APAVTko presidente Miguel Folguera zituelarik. Hasierako ordu laurden horretan izan dira ere Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez.

Lehen errelebo horri lekua hartu diote EAEko unibertsitateek, Nekane Balluerka EHUko errektorea buru zutela.

Haien ondotik, 15 minutuero aldatu dira elkarretaratzearen lehen lerroan zeuden ordezkariak. Alboetan, bi mezu irakurri zitezkeen: ‘Memoria eta etorkizuna’ eta ‘Elkarrekin eraiki’. Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartu dute ekitaldian, txandaka, baita Javier de Andres Gobernu espainolaren ordezkariak eta hezkuntza, kultura, ekonomia, gizarte eta arlo judizialeko ordezkariak ere.

Guztien eskuetatik mezu bat igaro da, amaieran Jose Luis de la Cuesta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidenteak irakurri duena. Mezu horretan, Lakuako Gobernuak egungo eta etorkizuneko bidea «elkarrekin egiteko» deia egin du eta biktimek «pairatu duten sufrimendu handiarekiko» gizartearen eta erakundeen begirunea adierazi dute.