Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 7. liburukia aurkeztu dute Bilbon

Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasa aurkeztu du Bilbon, kontzeptu kultural eta lexikalekin batera, euskararen gramatikari dagozkion zenbait kategoria ere aztergai dituena.‘Euskara Ibiltaria’ erakusketa ere aurkeztu dute Bizkaiko hiriburuan.

NAIZ|BILBO|03/05/2016 11:24
Int20160503004159
Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren aurkezpena Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

Bilboko Zabalgune eraikinean egin dute gaur Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) eta ‘Euskara Ibiltaria’ erakusketaren aurkezpena.

Atlasaren zuzendari akademiko den Adolfo Arejitak azaldu duenez, zazpigarren liburukiak «gure gizarte tradizionalaren bizimodu zabalaren partetxo bat jasotzen du: etxea, etxe-barrua, etxe ingurua, sukaldeko tresneria, uraren fenomenoa, nezakaritza lanabesak, gurdia, idi-buztarria eta, oro har, gaur egun, mundu hori ezagutu ez duenak haien erreferentzia ere galdu samar duen mundu bitxia islatzen du».

Horrez gain, euskararen gramatikari dagozkion zenbait kategoria ere aztergai ditu liburukiak: izen, izenordain, zenbatzaile, galdetzaile, zehaztugabe eta graduatzaileak, besteak beste.

Egitasmoa lagundu duen Bizkaiko Aldundiaren izenean Ana Castrok azpimarratu duenez, Atlasa «etorkizuneko hizkuntzaren oinarrietako bat izango da».

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren lehen eta bigarren liburukiak 2010. urtean aurkeztu ziren –orotara hamabik osatzen dute egitasmoa–, eta geroztik Euskaltzaindiak ia urtero argitaratu du berri bat.

‘Euskara Ibiltaria’

Euskaltzaindiak, Bilboko Udalak eta Laboral Kutxak antolatutako ‘Euskara ibiltaria’ erakusketa Bilboko Zabalgune eraikineko areto nagusian ikusi ahal izango da astearte honetatik, hilaren 27ra bitartean. Akademiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa du oinarri eta bere xedea euskalki eta hizkera desberdinek duten aberastasuna modu grafikoan erakustea da.

Euskaltzaindiak gogorarazi duenez, hainbat komunikabide dira erakusketaren babesle: GARA, ‘Berria’, Bizkaia Irratia, ‘Deia’, EiTB, ‘El Correo’, Onda Vasca eta SER (Radio Bilbao).

Erakusketaren jendaurreko aurkezpen ekitaldia arratsaldeko 19.00etan izango da. Bertan erakusketaren nondik norakoak azaldu eta aurkezteaz gain, EHHA egitasmoko euskaltzain arduradunek zenbait mapa eta kontzeptu erakutsiko dituzte.

Bestalde, erakusketa ikusgai dagoen bitartean, Euskaltzaindiak euskalkiei, herri hizkerei eta atlas linguistikoari buruzko hitzaldiak eskainiko dizkie Bilboko hezkuntza zentroei eta euskaltegiei. Hitzaldion helburuak honako hauek dira: batxilergoko ikasleei gure hizkuntzaren aberastasuna ezagutzera ematea; hizkuntzaren eboluzioa modu grafikoan erakustea; eta atlas linguistikoen nondik norakoak azaltzea.

Hala bada, hezkuntza zentroek eta euskaltegiek Euskaltzaindiarengana jo dezakete, hitzaldi hauei buruzko informazio eske. Izan ere, Akademiak egutegi zein ordutegi aldetik eskaintza zabala jarriko du zentro horien eskura. Erakusketa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizeko 8.00etatik iluntzeko 20.00etara.