Miren Azkarate

Larrialdietara

Sarri pentsatu izan dut niri ez dagokidan garai batean jaio naizela; adibidez, nire gurasoak jaio ziren hamarkadan sortu izan banintz, uste dut askoz hobeto egokituko nintzatekeela bizitzara. Akaso, aitona-amonen garaian ere gehiago ikusten dut nire burua suertatu zaizkidan hamarkada hauetan baino.

Zertan oinarritzen naizen hau esateko? Ba adibide batean baino gehiagotan; badela musika aldetik, garai politikoa, harremanetan… Eta batez ere hemen egingo dut geldialdia: harremantzeko moduetan. Lehen kolektiboagoa eta gertukoagoa zena gaur egun indibidualista eta hotza bihurtu da. Urte batzuk atzera eginda Mari Karmen, Isidro eta Pierre ziren garrantzitsuak, gaur egun, aldiz, Huawei, Samsung eta Apple bezalako izenak gailendu dira.

Urteak dira mugikorrari begira bizi garela. Nik saltoa espetxetik atera nintzenean ikusi nuen nabarmen. Ordura arte deiak eta SMSak bidaltzeko erabiltzen genituen gailu horiek, eta, gainera, ez zegoen guztion eskura horrelako bat izatea. Urte batzuk kartzelan eman eta handik ateratzean, ukipen pantailadun segapotoak zituen mundu guztiak. Facebooken sorrera eta horrelakoak ere garai hartakoak dira. Denak edozein lekutan mugikorrei begira edo haietatik hizketan; autobusetan, merkatuan, liburutegian, lagun artean... lagunekin zeudenak ere euren artean hitz egin beharrean aparatuari begira!!!

Teknologia berrien tren azkar hura hartu behar izan nuen nire lanagatik, hala moduz eta ez gustuz, beldurgarria iruditzen zaidan zerbait delako. Izutzen nau nora goazen eta gure ondorengoek zer-nolako mundua biziko duten. Eta gehiago duela bi aste ikusi nuen adibidea ikusi ondoren.

Donostiako Ospitaleko Larrialdietan nengoela, itxarongelan zain zeuden guztiak ari ziren mugikorretik hitz egiten edo Whatsappetik elkarrizketak izaten edo Facebooka eta horrelakoak begiratzen… Eta ez bakarrik gaizki zegoena laguntzera zihoana, baita gaizki zegoena bera ere! «Aizue! Larrialdi gela batean zaudete!».

Ospitaletako Larrialdietako itxarongelak beteko nituzke nik, baina mugikorraren mendekotasuna tratatzeko. Oraindik ez dago gaixotasun bezala katalogatua, baina, nire uste apalean, beharko luke. Larria gainera! •