Xan IDIAR | MEDIABASK
OSASUNA ETA IKERKETA

Afasia maila neurtzeko CAT testa euskaraz izateko bidean

Pertsona baten afasia maila neurtzeko erabiltzen den CAT testa euskaraz izanen da datozen urteetan. Lan horretan dihardute neuropsikolinguistikan ikerlariak diren Marie Pourquie eta Amaia Munarriz Ibarrolak. Afasia esaten zaio traumatismo baten ondorioz mintzaira edota hizkuntza galtzeari.

Euskarak ere ukanen du bere CAT testa. CATek, Comprehensive Aphasia Test erran nahi du ingelesez eta norbaiten afasia maila neurtzeko erabiltzen den testa da. Kate Swinburn, Gillian Porter eta David Howardek sortu zuten 2005ean ingelesa mintzo zutenentzat. Zehazki, buruko odol kolpe bat ukan ondoren ager daitekeen mintzamenerako gaitasun falta edo galtzea da afasia.

CAT testa euskarara egokitzeko lanean ari direnak Marie Pourquie eta Amaia Munarriz Ibarrola ikerlari euskaldunak dira. Biak neuropsikolinguistikan adituak dira. Nazioarte mailako Collaboration of Aphasia Trialists (Cats) sareko kideak dira. «Hizkuntza guztietan aurkitzen da afasia. Test estandarizatu baten beharra zegoen afasiaren maila manera berean neurtzeko herri guztietan, baina, betiere, hizkuntza bakoitzari egokituta», azaldu dute. Eta behar hori asetzeko ari dira lanean bi ikerlariak.

Hain zuzen ere, ingelesarentzat eginiko testak ez du bortxaz balio euskararentzat. Ulermena neurtzeko, adibidez, soinu hurbilekoak diren hitzak erabiltzen dira eta pertsona afasiadunak erakutsi behar du aitzinean dituen argazkien artean zein hitz entzun duen. Ingelesez goat eta coat antzekoak baldin badira ere, euskaraz “ahuntza” eta “paltoa” ez. Euskaraz, horrenbestez, “argia” eta “ardia” hitzak hobetsiko dira adibidez, edo “ardoa” eta “artoa”.

2020. urtera arte lanean

Marie Pourquie eta Amaia Munarriz Ibarrola 2020 arte ariko dira testa euskarara egokitzeko lanean. «Berri ona» dela diote, diru laguntzaren luzapena lortu berri dutelako. Hain zuzen ere, biziki garrantzitsua iruditzen zaie test hori euskaraz izatea, afasia egoeran diren euskaldunek testa eta terapia erdaraz segitu behar baitituzte kasurik gehienetan. Eta horrek, bistan denez, prozesua korapilatu egiten du.

Bestalde, afasiari dagokionez adinean aurreratuak diren pertsonak dira hunkienak. CAT testa euskaraz izan ondoren, pazienteek zein ortofonistek, horiek bakarrik aipatzeko, afasiadunaren ama hizkuntza izan daitekeen euskara erabiltzen ahalko lukete.

Baina terapia hasi baino lehen, oraindik afasia gizarteratu egin behar dela dio Marie Pourquiek. «Norbaitek hitzak nahasten edo ahazten hasi orduko, Alzheimer eritasuna duela edo zoro bilakatzen ari dela uste ohi dugu, baina beti ez da horrela izaten. Buruko odol kolpe baten ondorioa dela ulertarazi behar da benetan».

Afasia burmuinean gertatutako traumatismo edo shock baten ondorioz mintzaira edota hizkuntza idatzia galtzeari esaten zaio. Normalean ez du adimena kaltetzen baina pertsonarentzat ondorio larriak ditu.