NAIZ
Sestao

Langile bat hil da Sestaon, Arcelor Mittalen lantegian

Sestaoko Arcelor lantegian azpikontratatutako langile bat hil da lanean ari zela istripu bat pairatu eta gero, LABek jakinarazi duenez. Zendutakoa Barakaldoko 47 urteko gizonezko bat da.

Ezbeharra Arcelorrek Sestaon duen lantegian izan da. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Ezbeharra Arcelorrek Sestaon duen lantegian izan da. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Sestaoko Arcelor Mittal lantegian lanean ari zen langile bat zendu da gaur goizez, lan istripu bat izan ostean, LABek jakinarazi duenez. «Prekarietateak hildakoa» dela salatu du LAB Industriak bere twitter kontuaren bidez.

Zendutakoa Barakaldoko 47 urteko gizon bat da. Goizeko 8.40 aldera makina batek harrapatu duela adierazi du Lakuako Segurtasun Sailak. Montajes Jauregi enpresarentzat lan egiten zuen, Arcelor Mittalek azpikontratatua.

Langile honen heriotza salatzeko ekoizpena geratu dute eta 24 orduko lanuztea hasi dute Arcelorren. Astelehen arratsaldean (16.30) elkarretaratzea egingo dute lantegiaren atarian.

Azken lau urteetan Arcelor Mittalek Euskal Herrian dituen lantegietan hildako bosgarren pertsona dela gogoratu dute, azkenekoa duela astebete Zumarragan. Guztira lau dira egun gutxitan hildako langileak, iragan ekainaren 25ean Areson pertsona bat zendu zen traktorearekin istripua izan eta gero, eta pasa den ostiralean beste bat Lakuntzan, altueratik erorita.

Nervaceron lan istripu larria

LABek berri eman duenez, atzo beste lan istripu bat izan zen Nervaceron. Azpikontratatutako 48 urteko behargin bat larri zauritu zen eta Gurutzetako ospitalean ingresatu zuten. Eskuineko besoa moztu diote eta traumatismo eta bestelako zauriak ditu.