Apirilaren 9an indarkeria matxistaren aurkako manifestazio nazionala egingo dute Gasteizen

Euskal Herriko mugimendu feministak indarkeria matxista gaitzesteko manifestazio nazional baterako deia egin du. Apirilaren 9an jarri dute hitzordua, Gasteizen. Erasoak salatzeaz gain, mugimendu feministaren kriminalizazioa arbuiatu eta bortizkeriaren inguruko hausnarketa bat sustatu nahi dute.

NAIZ|GASTEIZ|12/02/2016 12:40|0 comentarios
Cbamyoqwaaaan2t
Apirilaren 9ko manifestazioa aurkezteko agerraldia. (@FeministokPrest)

«11 eraso, 12 erantzun, feministok prest. Vuestras violencias tendrán respuesta» lelopean, indarkeria matxistaren aurkako manifestazio nazionala deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak. Apirilaren 9an izango da mobilizazioa, Gasteizen.

Hitzordua aurkezteko egin duten agerraldian, nabarmendu dute hiru helburu dituela manifestazioak: «alde batetik, eraso matxistak salatzea; bestetik, azkenaldian ematen ari den mugimendu feministaren kriminalizazioa salatzea; eta bukatzeko, bortizkeria zer den, bere modu anitzak eta nola identifikatu, tratatuko dituen hausnarketa bat eta debate sozial bat sustatu».

Azpimarratu dute bortizkeriatzat ulertzen dena «birplanteatzeko» bearra. «Bortizkeria matxistak ez dira kolpeak eta hilketak soilik; kontu estrukturala da eta sistema batean oinarritzen da», aldarrikatu dute, feminismoak egoera hori agerian utzi eta aurre egiteko erantzukizuna daukala gaineratuz.

«Arazoaren muinari heltzeko ordua da, konpromisoak hartzeko ordua, bortizkeria matxistak ekidin eta emakumeak menpekotasun espazioan ezartzen dituen sistema eraldatzeko garaia. Badakogu bere jatorriak zeintzuk diren eta aurre egiteko prest gaude», adierazi dute.

Apirilaren 9ko zita horri begirako atxikimendu kanpaina bati ere eman diote hasiera, sare sozialetan #FeministokPrest traola erabiliz argazkiak ateratzeko proposamena eginez.