Imanol CARRILLO
DONOSTIA

Abian da langileek euskara erabiltzeko dituzten oztopoak salatzeko kanpaina

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta LAB sindikatuak elkarlanean «Euskara zure ESKUbidea» kanpaina jarri dute abian, lan munduan euskararen erabileran gertatzen diren hizkuntza eskubideen urraketak identifikatu eta hauei aurre egiteko irtenbideak bilatzeko.

Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko kideak eta Edurne Larrañaga eta Izaskun Garcia LABeko euskara eta zehar lerroko idazkariek, hurrenez hurren, bat egin zuten atzo aurkeztutako kanpainaren helburuak aipatzerakoan. Haien hitzetan, «euskaraz lan egiteko eskubidea bultzatzeko» eta «lantokia euskararen normalizazioaren aldeko borroka esparrua bilakatzeko» abian ipini dute “Euskara zure ESKUbidea”.

Horretarako, kanpainak bi fase izango dituela adierazi zuten. Udara aurretik lantoki guztietan informazioa eta propaganda zabalduko dute, baina «bereziki langileekin egin beharreko aurrez aurreko lanketari eman nahi diogu garrantzia», azpimarratu zuten prentsaurrekoan.

Bestalde, irailetik aurrera, oporretatik bueltan eta ikasturte hasierarekin batera, egunerokoan «pairatzen ditugun urraketak salatzeko» dinamika sozial ezberdinak sortuko dituzte lantokietan, herri zein eskualdeetan ere isla izango dutenak.

Bigarren fase honetarako, Behatokiaren salaketarako telefonoa (948 14 61 72) zein “Sartu kexa kutxan!” leloa eramango duen postontzia lagun izango dituzte langileek. «Buzoi hauek ikur sinboliko bat izango badira ere, praktikoak eta komunikatiboak ere izango dira», adierazi eta, Euskararen Telefonoaren aukeraz gain, «buzoi hauek ere langileek salaketak bideratzeko instrumentuak izango dira», gehitu zuen Edurne Larrañagak.

Euskara, «ur tanta bat»

Petriatik aipatu zuenez, jasotako kasuekin ohiko prozedura erabiliko du Behatokiak. Hau da, «langileen konfidentzialtasuna mantenduz», hartzaileari helaraziko zaio dagokion lantokian euskara erabiltzeko dagoen oztopoa. Nahiz eta sektore batzuetan euskara eguneroko jardunean egon, «euskararen presentzia lan munduan oraindik ur tanta bat dela» azpimarratu zuen.

Behatokiaren eta LABen arteko elkarlanak ahalbidetu duen kanpaina hau iragan urtarrilean sindikatuak Donostiako Aquariumen aditzera eman zuen lan mundua euskalduntzeko estrategia berrituaren parte da.