Iñigo EXPOSITO
ELANTXOBE

Elantxobeko arrantzaleen egoera jaso dute «Makuesak» argazki liburuan

Iñigo Azkona argazkilariak eta Xabier Enbeitia bertsolariak ekoitzitako proiektua da «Makuesak» argazki liburua. Duela bi urte hasi ziren egitasmoarekin lanean eta «oso gustura» gelditu dira egindako lanarekin. Elantxobeko arrantzaleen egoera jaso dute, bertako herritarrekin sotoetan elkartuta. Liburua aurkeztearekin batera tamaina ezberdinetako argazkiak biltzen dituen erakusketa ireki dute, eta beste euskal herri batzuetara ere zabalduko dute.

Elantxobeko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Iñigo Azkona argazkilariaren eta Xabier Enbeitia bertsolariaren “Makuesak” liburua argitaratu dute.

Elantxoben hainbat hamarkadatan herriko ekonomiaren zutabe nagusia izan dena desagertu egin da, eta arrantza munduari agur esan behar izan diote. Egoera hori abiapuntu hartuta, Azkonak eta Enbeitiak garai horiek jasotzen dituen argazki liburua egin dute.

“Makuesak” liburua orain dela bi urte hasi zuten proiektua da. «Elantxobeko arrantzaleen egoera jasotzen duen zerbait egiteko ideia aspalditik daukat buruan. Betidanik ikusi izan ditut itsasoa eta arrantza mundua. 2012. urtean azken baxurako itsasontzia hondoratu eta portua hutsik gelditu zenean, bururatu zitzaidan pertsona horiei argazkiak egiten hastea», adierazi du argazkilariak.

Elantxobeko historia aldatu egin da, momentu berezia bizi du herriak eta herritarrek, etorkizunak zer ekarriko dien zain. Artxibo historiko moduko bat egitea du helburu proiektuak, etorkizuneko elantxobetarrek jakin dezaten Elantxobe arrantzale herria izan dela.

Azkonak hasi zuen egitasmoa, baina Enbeitia eta biek eman diote jarraipena. «Arrantzan jardundako ezagunekin argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta proiektua pisua hartzen hasi zen. Momentu horretan Xabierrekin hitz egin eta pertsona bakoitzari argazki oin antzeko bat jartzea pentsatu genuen, liburua osatuago gelditzeko. Norberak arrantza mundu horretan bizitako pasadizoak kontatzen ditu eta guk hura jaso», azaldu du.

Argazki guztiak eszenografia berean egin dituzte, arrantzaleen sotoetan. Bertan elkartzen ziren argazkia atera eta solas egiteko. «Proiektuaren hasieran gure gertukoak ziren arrantzaleetara jotzen genuen. Gerora, ordea, lana sendotzen ari zela ikusita, herriko pertsona interesgarrien bila jo genuen, beren izaera kontuan izanda. Argazkietan, bakoitzak bere izaerarekin bat datorren imintzioa egiten du», berretsi du Azkonak.

Bertako herritarrei erreferentzia egiten dion kontzeptua hartu dute izenburu gisa. «Elantxobetarrei ‘makuesak’ deitzen diete. Duela hiru mendetik datorren izena da. Antza denez, Mundakak eta Bermeok estropada bat jokatu zuten, irla bategatik, eta Elantxobe epaile izan zen. Norgehiagoka horretan mundakarrak galtzaile atera ziren eta ‘makues’, gaztelaniako ‘epaile txar’ esamoldez, deitzen hasi ziren. Herria barne hartzen duen zerbait jarri nahi genion izenburutzat », esan du.

Herri ezberdinetan erakusketa

Liburua aurkeztearekin batera proiektu horretarako prestatutako argazki erakusketa jarriko da abian, hilabetez, Elantxoben. «Erakusketa liburua bera da. Liburuan dauden argazki guztiak daude ikusgai bertan. Eszenografia guztia bera denez, tamaina txikiko, ertaineko eta handiko argazkiak jarri ditugu ikusgai, dinamikoagoa egiteko», azaldu du argazkilariak.

Erakusketa herri ezberdinetan ikusi ahal izango da, batez ere kostaldean. «Guk proposatzen duguna ez da espresuki herri horretan soilik gertatzen, baizik eta kostalde osoan izaten ari den fenomenoa da. Horregatik, uste dugu egokia dela guk jasotako irudi hauek beste herrietara eramatea, bertan gertatzen denaren isla izan daitekeelako», argitu du.

Pozik daude herritarren artean proiektua hartzen ari den harrerarekin. «Jendeak duen interesa eta erantzuna ikusita oso gustura gaude. Elantxoberentzat zerbait garrantzitsua dela ikusteak benetan pozten gaituen zerbait da», adierazi du Azkonak.

Erakusketa Elantxobeko Makues jatetxean eta herriko kofradian egongo da ikusgai irailaren 7ra arte. Ondoren, Euskal Herriko herrietara zabalduko dute.