Idoia ERASO
BAIONAKO

SüJETAREN ALDE ILUNAK ERE KONTATZEN DITUZTEN AHOTS GOXOEN ARRAKASTA

KATALINA ERAUSO BAZEN ERE PASTORALEKO S&BS;üJETA, PROTAGONISTAK BAIONA ETA EMAKUME DONOSTIARRAREN HISTORIAK EGUNDIK IKUSITA AGERIAN UZTEN DITUEN GAIAK IZAN ZIREN. PASTORALETAN OHIKOA EZ DEN EMAKUMEAREN ESKUBIDEEN DEFENTSA, ETA AMERIKETAKO KONKISTAREN SALAKETA NABARMENDU ZIREN.

Lauga aretoa guztiz bete ez bazen ere, anitz ez zuen falta izan, eta bertaratutako milaka lagunen artean giroa bero egon zen, ekaineko tenperaturekin bat eginez. Hiru orduko ikuskizunean ikusleriaren parte hartzea etengabe sentitu zen, emozioak eta jakin-minak eramanda. Horretan asko lagundu zuen Maite Berrogain idazleak jositako kontakizunak, XVII. mendean komentutik ihes egin eta urteak gizonez jantzita eman zuen emakumearen bizitzak askorako ematen baitu: «Istoria da egiazkoa/Münduan da ezagüna». Kantu ederrek eta arizaleen ahots politek giroa berotzen lagundu zuten.

Katalina munduan zehar ibili zen, Donostiatik aterata, Espainia aldera, handik Panama, Peru, Txilera, Andeetako basamortuan ibili zen. Ihesi eman zuen bere bizitza «libertate nahiak» eramanda, eta Erromara Aita Saindua ikustera joan zelarik hamabost urte zeramatzan emazte gisa, eta hogeita bost gizon bezala bizitzen, eta hori dela-eta horrela segitzeko eskubidea eskatu zion, baita lortu ere.

Süjetaren bizitza ikusirik testuan ez ziren falta emazteen eskubideen aldeko aldarrikapenak, eta ikusleriak bat egin zuen horiekin, batzuetan uhuka hartuz eta beste batzuetan txalotuz. Beste pasarte batzuen artean, nabarmentzekoak izan ziren gaur egungo gizartean ere badauden sexuen arteko ezberdintasunak azaleratzen dituzten gaiak. Esaterako, protagonistak Felipe IV.aren erregeak emango dion pentsioa zenbatekoa den jakitean erraten diona: «Jauna emaiten düzüna/Segür arrunt güti dela/ Emazte bat nizalakoz/ Tratatzen naüzüa hola?»

Protagonista erreferente bezala ezagutua da AEBetako LGBT mugimenduaren baitan, eta horren aldarrikapena ere agertzen zen Guillaume Irigoyenek idatzitako kantu batean: «Zure pereka emeez naiz gose eta egarri/ Bainan jendeak harrikatzen du amodio mota hori».

Euskal Herriaren aldeko maitasuna eta kolonialismoaren kontrako salaketa ere agertzen dira. Azken hau zentzu ezberdinetan gelditu zen agerian, bai Atahualpa amerindiarraren hitzetan, “Kundur” kantuan. Baina salaketa nagusi eta nabarmenena Katalinaren pertsonaiaren trataeran ikusten zen. Pastoralaren ezaugarri nabarmenetako bat den ongiaren eta txarraren arteko dualismoa hautsi baitu Berrogainek pastorala idaztean. Katalinak alferez postua lortzeko konkistan izan zuen parte hartzea kontatzen den pasarteetan ate gorritik atera eta sartzen da, süjeta “onari” dagokion ate urdinetik beharrean.

Katalinak eta bere aldekoek Laugan uluatuak izan ziren mezu arrazistak eta erresuma espainiarraren aldekoak egin zituzten. Pastoralaren irakurketa berri bat uzten digu, egitura dual bat. Protagonista ausart eta miresgarrienek ere alde ilunak ere badituztelako. Irakurketa mota honek jarraipenik baduen ikusi beharko da.

Süjeta zuri-beltz edo urdin-gorri hori Laida Abadie Lafitte, Miren Elkegaray eta Graxiana Castillonek egin zuten adin ezberdinetan. Haien ahots ederrek txalo zaparrada bat baino gehiago jaso zituzten Sophie Larrandabururen gidaritzapean egindako lanari esker. Lauga emozioz bete zen hiru “Katalinak” elkarrekin eta txandakatuz abestu zuten “Humantesa” kantuarekin. Bertan Erausok berak idatzitako hitzak abestu zituzten: «Humantesa izaiteko jayo nintzan/ Bainan galdu nintzan bide gaizetan».

Baiona

Zuberoako herri batean beharrean, kostaldean, Lapurdiko hiriburuan egin zen beste alde batzuetatik begiratuta ezaugarri klasikoak bete dituen antzezlana. Kokagune aldaketak eragin ezberdinak izan zituen, alde batetik Lauga gelan egin zen, hau da barnean, eta horrek ikusleriaren baitan eragina izan zuen, hartu-emanak zuzenago sentitzen ziren.

Barreak, uluak, zurrumurruak, txaloak... ugariak izan ziren, baina arrazoia bakarra izan ote zen zehaztea zaila da. Horrelako ikuskizunik egiteko ohitura ez dago Lapurdin, eta parte hartzaileen familia, lagun eta hurbileko anitz ikus zitezkeen. Horren seinale ziren ohi baino askoz haur gehiago zeudela inguruan, eta argazki kamera eta telefono mugikorrak normalean baino aktiboago ari zirela. Horiei pastoral maitaleak, euskal kulturaren munduko pertsona ezagunak eta Baiona inguruko politikariak gehitu zitzaizkien.

«Xiberotarrak»

Bukatzeko, baionarrek “Xiberotarren kantorean” ekialdeko “üskaldunei” keinua egin nahi izan zieten: «Anaitarzünean bizitzeko/ Izan gitean eüskalzale!». Zuberoa aldean izan diren kritikak baretu nahian bidali zuten mezua pastoral femenino eta hiritarreko sortzaileek: «Xibero, Lapurdi eta Gipuzko/Hiruak hor pastoralzale/Bena ez dügü ez ahatzeko/ Xiberoa dela sortzale!».

Atzokoan Baionara hurbildu ezin izan zirenentzat hitzorduak ez dira falta, “Jean Pitreau” pastoral “ofiziala” Atharratzen eskainiko baita uztailaren 24an eta agorrilaren 7an, eta Otsagabian ere aurkeztuko dute abuztuaren 15ean. Irailaren 4an Erausoren bizitza kontatzen duen obrak Baionatik Donostiara eginen du salto.