Jon GARMENDIA
XILABA BERTSULARI XAPELKETA

Sustrai Colinak eraman zuen Baigorriko finalerdia

Ariketa guztietan agertu zuen Colinak bere trebezia, eta saio on bat eginda eskuratu zuen lehen postua 388,5 punturekin. Odei Barroso izan zen bigarren 361 bilduta, eta hirugarren Miren Artetxe, 358,5ekin. Xumai Muruak 333, Egoitz Zelaiak 331,5 eta Aitor Servierrek 306.

Odei Barrosok agurreko bertsoan aurkeztu zituen bere intentzioak eta Baigorriko seikotea: «Egoitzen poesia Egoitzen ibilera/ Mirenen hitz zuzenak ta bere kantaera/ Aitorren oinek harritzen dute Amuriza bera/ Xumairen lehen puntuak dirudi bukaera/ Sustraik erantzuna prest egin aitzin galdera/ baina ni ere enator isilik egotera». Eta isilik gelditu ez, eta erranak dotore eta txukun egin zituen Barrosok, horrek ekarri zion bukaerako bigarren postua. Baita Miren Artetxek ere, ideia fresko eta bikain jositako bertsoekin finalerako hautagai sendoa dela erakutsi zuelako. Sustrai Colinak, halere, bere maisutasuna agertu zuen saio osoan, eta koska bat gorago bukatu zuen Baigorriko Plaza Xokon 200 bertsozaleren aitzinean.

Heldu den larunbatean Izturitzen jokatuko da bigarren finalerdia.

 

Saio ona

Lehen ariketatik landa erritmo bizi eta gozoa eraman zuen bertso saioak. Zortziko handian Xumai eta Odei nabarmendu ziren. Gurasoak biak, alabak nehoiz bere intimitatearen berri eman gabe, kalean ikusi dute neska bat musukatzen: Murua hasi zen: «Nerabe batek etxean gauza guti kontatu ohi ditu/ galderak egin ta isiltasunez ohi du sarritan segitu/ ongi badakit homosexual izaitea ez da delitu/ baina alaba gaur ikusteak istant batez nau harritu»; eta Barrosok: «Lasai maitea ez zaitez hasi harridurari tiraka/ gure etxeko erregina da bilakatua pirata/ neskato bati muxu ematea ulertu nezake alta/ ez dut ulertzen zergatik duen gugan konfiantza falta»; «urteak doaz aitzina eta hain da alaba ederra/ nahiz tarteka zenbait pataskaz etxean eskaini gerra/ egia duzu hartu duena ez dela bide okerra/ ea etxerat ekar dezakeen kalean duen plazerra»; «etxean duen plazerra haurrak gaur ez du bazter utzia/ azaleratuz zoin den argia baduela zuhurtzia/ gure husteak hausteko hau da abidide nagusia/ haurrak ez duela beti egiten gurasoei ikusia»; «orai artean gurean dira lehengo ohiturak nagusi/ baina alabari aske izaten baitiogu erakutsi/ helduko bada noizbait etxera neskalagun eta guzi/ aitatxik jartzen duen burua nahiko nuke ikusi»; «denek pentsatzen baldin baginu gure aitatxik bezela/ jakin gizarte atzerakoia izanen ginukeela/ ni beregana hurbilduko naiz ta erranen diot horrela/ bere bidea egin dezala ta oso harro gaudela» erranda borobildu zuen saioa Barrosok. Txikian dotore jardun zen Colina, baita bakarka ere: «Baigorriarra zira, azken errefuxiatua Baigorritik joan da, eta irriño batekin agurtu zaitu» gaiari honela heldu zion, «Damaskotik ihes egina gerraren erdi-erdian/ nunbait lur hartu behar zenuen ta Baigorri alderdian/ nere eltze ta nere amantal/ bihotza eta eskuak zabal/ hartua behin abegian/ orain euskaraz hitz batzuk daude zure aho ta hiztegian/ aritu gara biok musean aritu mozkorkerian/ ta azken eguna heldu da jada/ muxu batekin agurtu gara/ zuk irria aurpegian/ ta nik malko bat begian», osatu zuen lehena, eta emozioz bigarrengoa: «Etorri eta dena zenuen bronkitisa ta eztula/ eltzekaria prestatzen nizun babak, patata, tipula/ zure irrifar ta nere malko/ ezagutzea omen delako / bizikidetzan formula/ gu zoriontsu izandu gara ta hargatik bejondeigula/ mehe-mehea etorri zinen ta zoaz mardul-mardula/ ene Mohamed bihotzekoa/ maiz baztertua maiz ertzekoa/ etzazu ahantzi sekula/ hemen etxe bat duzula». Miren Artetxe haurdun ote zen jakiteko proba egin eta emaitzaren zain zegoen neskatoaren paperean jarri zuen gaiak, eta lan ona egin zuen. Hona bere lehena: «Mutil gazte bat ezagutu dut errexki pasa den udan/ dena hain errex dena hain ongi sartu nintzen abenturan/ hilabeteko gabe bi aste jadanik sartu naiz mugan/ izerdi usainak kezka gorria senti ditzaket arduran/ marra arrosa irten ala ez hemen jarria naiz dudan/ ta okerrena da ez dakidala benetan nik zer nahi dudan».