I.B.
BILBO

Etxeratek gaixo dauden presoen egoerari berehala erantzuteko eskatu du

Joseba Borde ugaotarra gaixotasun larriak dituzten presoen zerrendan sartu berria da, iragan apirilean koloneko minbizia aurkitu baitzioten, eta, horren harira, Etxeratek age- rraldia egin zuen atzo, Bilbon, euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespen politikaren «ondorio ankerrenetarikoa» gaixo daudenen egoera dela gogorarazi eta egoera horrek «presazko erantzuna» behar duela nabarmentzeko.

Pertsona guztien eskubideekin konprometituta dauden eragileei zuzendu zitzaien senideen elkartea, eta adierazi zuen euskal gizarteak ezin duela «oinarrizkoenak diren eskubideen urraketa etsipenez edo ohituraz onartu».

Urtzi Errazkinek eta Patrizia Velezek hartu zuten hitza, ondoan Borderen senideak zituztela, eta adierazi zuten salbuespen neurriek larri gaixo dauden presoen askatasun bideak «blokeatzen» dituztela. «Euren osasun eskubidea blokeatuta dute, beren oinazean eragina dute eta gurea areagotzen dute. Egungo espetxe politikaren helburu bakarra oinazea da, eta krudelkeria, berau lortzeko bitartekoa», salatu zuten. «Guk ezin dugu besoak gurutzaturik egon», aipatu zuten, gaineratuz «pertsona guztien Giza Eskubideen errespetuak» ezin duela «salbuespenik onartu».

Agerraldian, halaber, Bagoazek Ibon Fernandez Iradiren askatasuna eskatzeko Baionan gaurko deitua duen manifestazioan parte hartzera deitu zuten. Bestalde, ostegunean presoen aldeko mobilizazioak izan ziren Antsoainen (25 lagun), Burlatan (73) eta Txantrean (55), eta atzo Gasteizen (510), Ondarroan (146), Bergaran (45), Deban (40), Mundakan (20), Irunberrin (60), Oreretan (114), Galdakaon (102), Iruñean (225), Arbizun (47), Beran (18), Antzuolan (32), Mutrikun (55), Añorgan (25), Lekeition (72), Oñatin (55), Lizarran (31), Getarian (32), Andoainen (50), Zarautzen (131), Agurainen (34), Ugaon (45), Lazkaon (96), Algortan (49), Zizurren (15), Tafallan (50), Donostian (107) eta Legorretan (42), hemen Altsasuko herritarrei babesa adierazi zieten.