24/01/2017

Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria
Izar

«Mendian zeru izartsuari begira nengoela, izar batzuek zerua zeharkatzen zuten. Izar iheslariak dira horiek. Ni printzesa iheslaria naiz». Eta alabak: «Orduan amatxo, ni ere Izar iheslaria naiz».

Ama, zergatik jarri zenidan Izar izena?», galdetu dio alabatxoak ahots ahulez ohe ondoan dagoen amari. «Maite dudalako izen hori. Izarrak zeruan libre daude eta berezko argia dute. Behin mendian nengoen zeru izartsuari begira; orduan erabaki nuen nire alabari Izar jarriko niola. Zeru izartsuari begira askatasun sentimendu batek hartzen zaitu, imajinazioa pizten da eta orduan sentitzen duzu dena posible dela». «Ni ez naiz inoiz mendira joan, eta ez ditut izarrak ikusi –erantzun dio ohetik–. Egun batean mendira joango gara elkarrekin eta izarrak erakutsiko dizkidazu?». Amak, irribarre apal batekin, baietz dio buruarekin. Alaba beso artean lehengo aldiz hartutakoan sentitu zuen askatasun bozkarioa etorri zaio gogora. Zeru izartsua ikus zezakeen, hego haizearen ufada arina, basoaren isiltasuna.

«Zure izena ere polita da eta dibertigarria –jarraitu zuen alabatxoak–. Zu Sara zara» –eta barre ahul batek argitu zuen–. Zure izenak zer esan nahi du?». «Nire izenak printzesa esan nahi du». «Printzesa! –esan zuen alabak–, ipuinetako printzesa zara, Sara?». «Ez, alaba, ni zure printzesa naiz». «Baina ipuin batzuetako printzesak bezala, dorre batean zaude giltzapeturik», esan zion triste Izarrek. «Alabatxo, ez hori pentsatu. Mendian zeru izartsuari begira nengoela, izar batzuek zerua zeharkatzen zuten. Izar iheslariak dira horiek. Ni printzesa iheslaria naiz». «Orduan amatxo, ni ere Izar iheslaria naiz». Eta elkarri begira sentitu zuten ez dagoela munduan imajinazioa eta askatasun nahia giltzapetuko duen harresirik.