01/04/2017

KATTALIN MINER
IDAZLEA, KAZETARIA ETA MILITANTE FEMINISTA

«Nola heldu naiz ni honaino» (Elkar) galdera moduan planteatuta badago ere, erantzunak bilatzen baino, erabakien gurutze-bideak zeharkatzen aritu da Kattalin Miner (Hernani, 1988) bere estreinako nobelan Jezabelekin, anestesikorik gabeko sexu eszenak alboratu gabe.

«Erabaki behar hori bada gurutzatzen gaituen zerbait»
Ariane KAMIO|HERNANI
0401_kul_kattalin

Hernaniko Ezkien plazan (Tilosetan), udaberri atarian...

Ez dut elkarrizketa prestatzeko denbora askorik izan. Baina liburua irakurri dut, eta gustora aritu naiz.

Bai?

Bai.

Esango didazu erraz irakurtzen dela edo horrelako zerbait?

Bai, erraz irakurtzen da.

Hori da-eta jendeak esaten didan lehenengo gauza.

Zamatsuagoa espero nuen.

Baina aurreiritzi batzuengatik edo zergatik?

Bakarrizketa bat da, elkarrizketa gutxi ditu. Osagaiak biltzen ditu horretarako.

Hori bazen helburu bat. Laburra izatea eta idazkera soila izatea. Kapitulu osoak kendu ditut.

Zergatik? Ez duzu izan tentaziorik kontakizuna gehiago luzatzeko?

Ez, kontrakoa. Enpatia bat da nire irakurzaletasunarekin. Ez naiz liburu lodien zalea, ezta kapitulu luzeen aldekoa ere. Uste dut gehiago pentsatu dudala nik nola irakurriko nukeen gustura. Gauza asko esan daitezke motzean eta niri hori gustatzen zait.

Ez da ohiko nobela bat.

Ja… Zer da bada nobela bat? Akzioa ez da fuertea, ez dago akzio handirik, eszena aldaketak daude hausnarketen barruan. Baina ez nuke esango saiakera bat denik ere. Asko irakurri dut zalantza eta erabakitzearen inguruan, zoriontasunaren inguruan, baina ez daukat argi teoria desberdinen gurutzaketa bat denik ere.

Diot pentsamendura gehiago gerturatzen delako fikzio hutsera baino.

Bai, baina pertsonaia bati eutsita. Bestela beste modu batera planteatuko nuke. Galdetzen didatenean “zertaz doa liburua?”, beti duzu muletilla hori, “erabakiei buruzko hausnarketa bat dauka”, baina gehiago ere badaude. Ez zen nire helburua pertsonaia bat hartu eta horren aitzakiaz erabakien inguruan pentsatzea bere horretan. Gehiago zen pertsonaia bat hartu eta gaur egungo testuinguru jakin batean kokatzea.

Erabakien ataka bada aitzakia bat beste gauza batzuetara jotzeko.

Bai. Hasieran bere onetik atera dezake irakurlea protagonistak sukaldeko tresneria eta telebistaren artean dituen zalantzekin. Nahita eraman dut muturrera absurdo hori. Ni neu inkomodatzen ninduen. Hori da krisi baten detonante bat, baina dituen kezkak beste era batekoak dira, nahiz eta pentsatzen dudan oraindik erabaki behar hori badela gurutzatzen gaituen kontu bat.

Nik kritika bat bezala ikusten dut. Familiari, adibidez.

Onartu behar dut disfrutatu dudala pertsonaiaren azalean jarri eta arratsalde batean pentsa dezakezun zerbait pertsonaia bati identitario gisa jarriz. Bere ikuspegitik bizitzen.

Jendartean badaude espazio pila bat naturaltzat ematen direnak baina ez direnak normatibizatzaileak besterik. Eta izan daitezke lana, espazio publikoa, eta abar. Hor barruan kokatzen den jendeak edo arazorik ez duenak normalitate horretan sartzeko ez du ikusten zein normatiboa den, eta zein biolentoa beste pertsona batzuentzako. Eta nola arautzen diren espazio horiek ad hoc normalitatea betetzen dutenentzako. Lanean ematen diren konbertsazioetan, ez du esan nahi jende hori denik dibertigarria, baina badaude espazio batzuk ludikotzat hartzen direnak eta non badauden elkarrizketa batzuk badirenak zilegizkoak eta normalak eta besteak lekuz kanpo daudenak edo anekdotikoak diren. Nik bulego lanak egin ditudanetan oso argi ikusi dut hori eta oso zaila egin zait, ni neu ere lesbiana eta militante feminista izanda, jakinda jendeak nor naizen publikoki, hor toki bat topatzea.

Gero, bestalde, familiak daude. Familiek espazio publiko pila bat hartzen dituzte –behar den bezala gainera–, ez da inbasio bat, zilegi da duten lekua, baina beste batzuentzat izan daitezke ulertu ezin ditugun espazio, egoera, jarrera, pila bat. Hala ere, pertsonaia muturrera eramanda dago.

Bizitzak kondenatzen gaitu ikasketak izan, lana aurkitu, bikotekidea izan eta haurrak izatera. Zirkulu horretatik kanpo bizi den jendeak errazago ikusiko du halako gogoeta bat.

Noski, eragin egiten dizulako nahita edo ez. Gero ikusten da krisi horretan Jezabelek zenbateraino erabaki duen bere bizitza horrelakoa izatea. Errazago ikusten du besteengan arauak jarraitzea edo inertziaz egin duten arauen konkatenazio bat dela haien bizitza eta berea ez dela horrelakoa. Besteak gaizki egiten ari direla sinestaraztea zure buruari bada zure tokia berresteko modu bat, zure erabakiak berresteko modu bat. Batzuetan ez ote den besteak kritikatzea norberak bere tokia berresteko modu bat. Nola gaude ziur egiten dugunaz? Denok egingo bagenu arau izango zen, beraz, badaukazu alternatiba sentsazio hori, baina bestea gorroto duzu, hori da zure intuizio bakarra.

Eta nola iritsi garen gauden tokiraino, norberak erabakita edo besteek zenbat erabaki duten gure ordez, ezta? Zenbat jendek galdetzen dio bere buruari nola iritsi den dagoen tokiraino, eta zenbatetan egiten den sintzeroki edo beldurretik?

Zure buruari hori galdetzeak beldurra ematen badizu, galdetu egin beharko zenioke are gehiago.

Askori pasa dakioke hori.

Galdera hau bizitzan askotan errepikatzen da, ez behin bakarrik; eta arretaz aztertzeko kontu bat da. Beste gauza bat da zenbateko traszendentzia edo dramatikotasuna emango diogun.

Galdera beranduegi egitea ere ez da ona izango…

Ez. Atzera bueltak denbora pasa ahala gero eta zailagoak izaten dira. Baina pelikuletan esaten dute ez dela inoiz berandu…

Baina hau ez da pelikula bat.

…. [Barreak].

Gustatu zaizkit pertsonaiatik gauza batzuk. Nahiz eta krisi egoera batean egon, oso determinantea ere bada eta badu ziurtasuna bere bizitzako hainbat alderditan.

Badu egoskorkeria puntu hori eta pertsonaia horrela aurkeztu nuen nahita. Gauzak argi ditu alde batetik eta argi ere izan nahi ditu beste gauza askotan, eta horretarako kontran joatea ezinbestekoa du. Demostratzen dizkio gauza batzuk bere buruari. Lagunarte bat badu, baina kanpotik nola ikusten duten inguruko kezka ere badu. Ez dakit kanpotik amablea dirudien eta barrutik ilunegia. Ez dakit oso ondo nola jasotzen den.

Ez du iluntasun berezirik. Pertsonarik normalena izan daiteke. Bakoitzak bere bizitzan izan ditzake krisi egoerak, edo krisi egoera permanente batean bizi, nahiz publikoki ez esan.

Gorrotoa du, edo haserrea. Retaila internoan hasten da, baina kanpora begira ez du ezer esaten.

Eta nork ez du inoiz halakorik egin?

Horregatik esan dizut oso askatzailea izan dela hau idaztea.

Igartza saria irabazi zenuenean argi zeneukan nola egin nahi zenituen gauzak?

Nahiko argi neukan. Lagina eta proiektua aurkeztu nituenean hain eroso sentitu nintzen idazten, erabaki nuela irabazi edo ez idazten jarraituko nuela. Eta uda hartan horixe egin nuen. Irabazi nuela esan zidatenerako nahikoa aurreratua nuen.

Zergatik eraman duzu Erromara bigarren zatia? Kontakizuna askatzaileagoa da han.

Banekien nobela agertokiz aldatu behar nuela, bestela oso astuna izango baitzen. Haustura bat behar zuen. Logikoa izango zen nire kasuan Parisera eramatea –Paris oso ondo ezagutzen dudalako, tamalez–, baina, egia esan behar baldin badut, saria emango zidatela komunikatu zidaten unea Erromara hegazkin bat hartu baino ordu erdi lehenago izan zen.

Primeran etorri zitzaizun orduan.

Egia esan, bai. Oso arraroa izan zen. Ez zen publiko egin oraindik, ezin nion inori esan eta ez neukan norekin ospatu, bakarrik nindoalako bidaian. Han aprobetxatu nuen hiriari buruzko datuak hartzeko.

Sexu eszenen inguruan galdetuko dizut.

Ondo! Bota lehenengoa! Gustatu zaizkizu? Emadazu zigarro bat…

Hartu. Espero daiteke zu bezalako idazle batengatik halako eszenak idaztea, eta orain topikoetan eroriko naiz, militante feminista, lesbiana… Baina esplizituki azaldu duzu dena. Oso. Halakorik, euskal literaturan, gutxi.

Argi dago historian sexu esplizitua sartzeak baduela hautu politikotik. Pertsonaia lesbikoak ditugu lau, betikoak, Itxaro Borda aipatu behar genuke… Orain hasiko banintz harreman heterosexual bat deskribatzen ziurrenik dokumentatu egin beharko nintzateke, eta, gainera, oso leku kritiko batetik egingo nuke.

Batez ere lehenengo sexu eszena ez nuen narratu sexu eszena soil bat bezala, beste zerbait kontatzen du ere. Balio zidan sexuaren bitartez beste zerbaitez hitz egiteko. Idazten ari nintzenean ez nintzen kontziente sexu eszenaz, eta, gainera, uste dut ohea badela leku esplizitu bat beste gauza batzuk negoziatzen direna, jatetxe bateko platerak konpartitzea bezala. Nahiko tristea da sexu eszena hori. Beraz, argi neukan bigarren eszena dibertigarriagoa izango zela. Baina egon da ardura hori errepresentazio anitz bat egon dadin. Bi txortaldi desberdin dira nire ustez, motibo desberdinekin.

Kuriosoa dena da, ez dakit den jendeak ez dakielako nola aurre egin edo igual nire ibilbide feminista publikoagatik ez direlako ausartzen edo ez dakit zer, inork ez didala galdetu sexu eszenen inguruan!

Ez?

Ezetz bada!

Eszena horiek indar handia dute, bada.

Bai. Eta pertsonaiarentzako klabeak dira. Ikusi dut beste idazle gazte batzuei egin dietena sexuaren gaiarekin, hau da, galdera batzuk, edo zure sexualitatea den galdetuz zuzenean. Prestatua nago horretarako, arrazoiketa bat badut esateko zergatik dauden eszena horiek. Deserosotasun bat sentitu dut.

Sexu harreman lesbikoak orokorrean ere ez dira oso aipatuak inguru publiko batean, edo kuadrilla batean, adibidez.

Ez, eta euskal literaturan gabezia handia dagoen esparru bat dela esango nuke. Hala ere, ez da forzatuki atera zaidan zerbait. Lehenagotik ditudan zirriborro hainbatetan ere imajinario sexuala asko azaltzen da. Nire ariketa literarioan oso erraz egin ditudan narrazioak dira.

Nire iritziz eszena horietan dago aldarrikapen feministarik handiena.

Zein zentzutan?

Pertsonaiak duen askatasunean, batez ere bigarren eszenan, sexu ordaindua dagoenean.

Bai. Gainera interesgarria da ligatzearen inguruan dituen hausnarketak ere. Zein paper antzeztuko dut, horretara atera naiz… Hor badago zientzia fikzio bat, ez dut uste hain erraza denik ligatzea, niri behintzat ez zait pasatzen! [Barreak].

Heteroaraua hausten da une batez.

Bai, ados. Ez nuen nahi lesbianismoaren inguruko hausnarketa bat izaterik, ni neu ere erabat estereotipatuta geratuko nintzakeelako, baina argi neukan horri buruz hitz egin nahi nuela. Beste nolakotasun bat du.

Ikusten da hau idatzita idatzi duzula nahi izan duzuna.

Nahi izan dudana eta nahiko maila altuan nahi izan dudan bezala. Edizio lanak izan ditut, noski –zuzenketak dira nire tortura handiena–, baina gauza batzuk egon daitezke zabarrago eta badakit beste editore batzuek agian zigortuta izango ninduketela, baina horrela joatea nahi nuen. Bota bezala daude gauza asko. Eta erreflexioak eta pentsamenduak askoz hobeak dira brutoan.

Historia hau nola sortzen da?

Ez daukat argi. Gauza suelto asko idatzi ohi ditut eta Igartzara aurkezterakoan zalantza batzuk nituen, eta jabetu nintzen gauzak argi edukitzea gezur handi bat zela. Bizitza horixe da, erabakitzea. Eta krisi bat ere erakutsi nahi nuen. Ez modu ilunean. Ez nuen depresio bat nahi edo pertsonaia iluntasunera kondenatu, nahiago nuen drama gehiegirik gabe krisi bat bizitzea eta bizitza aurrera doala, ez dela ezer pasatzen eta bihar igual beste bat datorrela.

Azalean, kafetan igerian dagoen arraina, kikara batean preso. Katilu horren barruan jende asko sartu duzu.

Jende asko Jezabelekin identifikatu da, eta jende asko Luciarekin edo osabarekin. Bakoitzak bere katiluak ditu eta liburuak jende askori pentsarazi dio zein ote den bere katilua. Norberari galdetzea nola heldu den iritsi den tokiraino izan daiteke krisi baten hasiera edo lasaitu bat hartzeko momentua.

KATILUA


«Bakoitzak bere katiluak ditu. Norberak galdetzea nola heldu den iritsi den tokiraino izan daiteke krisi baten hasiera edo lasaitu bat hartzeko momentua»

IMA

 

J

 

INARIOA


«Lehenagotik ditudan zirriborro hainbatetan ere imajinario sexuala asko azaltzen da. Nire ariketa literarioan oso erraz egin ditudan narrazioak dira»

GEZUR HANDI BAT


«Gauza suelto asko idatzi ohi ditut eta Igartzara aurkezterakoan zalantza batzuk nituen, eta jabetu nintzen gauzak argi edukitzea gezur handi bat zela. Bizitza horixe da, erabakitzea»