Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Herritarren Baztan» bildu du Prat Urzainkik azken eleberrian

Aroztegiko makroproiektuari erreferentzia zuzena egiten dion nobela beltza da Ernesto Prat Urzainkiren «Telleria eta gero zer?». Lurra izeneko protagonistaren begietatik, Baztan bukolikoaren irudiaren aurrean «herritarren Baztan» erakutsi nahi izan du idazle nafarrak.

“Aroztegia eta gero zer?”; izen hori du Lekarozen egin nahi duten makroproiektuaren aurkako plataformak eta, hain zuzen, Baztango errealitate sozioekonomikoa eraldatuko lukeen proiektu horren aurkako eskuorri batetik sortu zitzaion Ernesto Prat Urzainkiri “Telleria eta gero zer?” eleberria idazteko ideia. «Ihesean nintzela, 2009an, iritsi zitzaidan esku artera eskuorria eta, nengoen egoeran haren aurka ezer egin ez nezakeenez, hartaz idazteko beharra sentitu nuen», kontatu zuen Berriozarren sortu eta Baztanen bizitzen hamabost urtetik gora daramatzan idazleak. Eskuorriko datuak eta prentsako artikuluak izan zituen eleberri baterako zirriborroa idazteko iturri eta, hainbat urtez tiraderan egon ostean, 2014an berrartu zuen zirriborroari nobela beltzaren forma emateko ideia, Joseba Otondoren bultzadari esker lehendabizi eta Jon Alonsoren gomendioen ondotik geroago, baina betiere (H)ilbeltza Baztango euskal nobela beltzaren astearen itzalpean.

Izan ere, jaialdiaren testuinguruan sortutako elkarrizketek eta bertan entzundako hitzaldiek eragina izan dute Prat Urzainkiren nobelan. Hala erabaki zuen, adibidez, nobela beltzean emakumeek duten presentzia indartzeko Lurra sortzea. «Neska bizizalea da Lurra, ganorabako samarra bere eguneroko bizitzan, ganberroa eta boterearen aurka posizionatzen dena», aurkeztu zuen Elkarreko editore Xabier Mendigurenek “Telleria eta gero zer?” nobelako protagonista. Lurrak, Sarako Gaztetxean egindako kontzertu batetik bueltan dela, giza hezur batzuk eta pakete arraro bat aurkituko ditu obra-hondakin batzuen artean. Aurkikuntza Baztanen egiten ari diren plan urbanistiko batekin nahasiko da eta tartean izango dira ere momia egiptoarrak, sekta ultrakatolikoak, rock kontzertuak... Guztia, literaturan eman izan den irudiaz gaindiko bestelako Baztan bat badela erakusteko: «Trama Baztanen gertatzen da, baina ez lainoen azpiko Baztan turistiko eta bukolikoan, baizik eta herritarren Baztanen. Baztanen euria egiten duelako, baina baita eguzkia ere, jende xumea eta handi-mandiak daude, emakumeekiko errespetua dutenak eta ez dutenak... Baztan aunitz daude eta nik agertu nahi nuen herritarren Baztan hori», azaldu zuen Prat Urzainkik.

Musikaren deskripzioak

Lurra-ri eskutik helduta, irakurleak Baztango leku ezberdinak, paisaiak, festak eta ostatuak ezagutu ahalko ditu eta, kontakizun horretan, toki berezia beteko du musikak. «Leku batean sartzen zarenean dagoen musikak asko erraten du tokiari buruz. Musikarik ez eta telebista jarria badago ere, asko erran nahi du», azaldu zuen idazleak. Eleberrian zehar «kamiseta erreibindikatiboen galeria» ere agertuko dela gaineratu zuen Mendigurenek: «Xehetasunez betetako nobela da».

Nobela beltza idaztea aurreko bi lanak –“Hiru ilargi laurden” (Metaziri, 2013) eta “Orpoz orpo” (Txalaparta, 2014)– baino korapilatsuagoa suertatu zaiola ere azaldu zuen Prat Urzainkik. Bereziki editatzeko orduan: «Kentzearen ariketa mingarria arras aberasgarria izan da», onartu zuen, eta orokorrean eleberriei sobera dituzten pasarte, deskribapen edo bestelako elementuak kentzeak mesede egiten badie, nobela beltzean ariketa hau are garrantzitsua dela esan zuen. «Nobela beltzeko irakurlea arras konspiratzailea da eta ez diozu debaldeko informazioa eman behar», ziurtatu zuen.

Amaitzeko, berea «nobela beltza» dela aldarrikatu zuen, ez «nobela poliziakoa»: «Beltzean gakoa ez da nor izan den hiltzailea, baizik eta zergatik gertatu den eta gizarte baten erradiografia eta kritika soziala egiteko aukera ematen dizu. Poliziakoak ‘nork’ galderari erantzuten dio eta ikerketa poliziakoa da oinarria. Poliziak, gainera, bertsio ofiziala babestea bilatzen du; ikertzaileak egia bilatzen du. Nire protagonistak ere egia bilatzen du, bertsio ofizialaren gainetik dagoen egia».