Maitane ALDANONDO

«Txuletazaleen etxea izatea gura dugu, negozioa baino»

Gustuko okela aurkitzeko zituzten arazoek bultzatuta, bi ekintzailek Internet bidezko elikagai-denda bat sortzea erabaki dute. Helburu argi batekin: kalitatezko txuleta prezio onenean saltzea. Duela aste gutxi jarri zuten abian, espero baino harrera hobearekin.

Asier Larrañaga durangarra eta Alberto Gomez de Segura gasteiztarra txuletazale amorratuak dira eta okelarekiko pasioak bultzatuta, Txuletamaitea.com on line denda sortu dute. Klik bakarrean, kalitatezko okela prezio onenean eskaintzen dute bertan. Ataria hori baino gehiago izatea dute jomuga, ordea. «Txuletazaleen etxea izatea gura dugu, negozioa baino».

Durangon du egoitza orain hilabete eskas sortu duten sozietate mugatuak. Onartu arren hobby gisa sortu dutela, martxa ona izatea nahi dute, negozioa den aldetik. Hala ere, «irabaziak bilatu barik, jendeari bermatu nahi diogu hemen kalitatezko txuletak merkatuko prezio onenean lortuko dituela», zehaztu du Larrañagak. Bien poltsikotik ordaindu dute dena, eta kopururik ematen ez badu ere, beraientzat inbertsio handia dela dio kideak. «Ez da oso potentea izango, baina dirua da. Gauza asko ordaintzen joan gara eta ez dakigu zenbat jarri dugun».

Larrañaga Haur Hezkuntzako maisua da, baina lanpostu finkorik ez duenez, jatetxeei okela saltzen lan egiten du. Gomez de Segurak, aldiz, hainbat enpresa sortu ditu, besteak beste, marketin digitalari eta komunikazioari loturiko bat. Orain dela bost bat urte ezagutu zuten elkar eta lagun minak dira. Janaria da lotzen dituen zaletasun handiena, eta horren barruan, nola ez, txuleta. Ez zitzaien batere erraza suertatzen dirutza ordaindu gabe eta kalitatea mantenduz behi zahar eta gizenenak topatzea; beraz, irtenbide bat bururatu zitzaien: eurek saltzea. On line erosteko joera gero eta zabalduago dagoela ikusita, bi gauzak lotu zituzten helburu argi batekin; «klik bakarrean kalitate oneko txuletak lortzea. Modu errazean eta prezio onean», laburbildu du arduradunak.

Izena hasieratik zuten, baina kosta egin zaie hornitzaile egokia aurkitzea. Urte eta erdiz ibili dira alde batera eta bestera, hainbat hornitzailerekin, txuletak probatzen, prezioa negoziatzen... Nafarroan hornitzaile batekin akordioa egin dute, bertara joan eta gustuko dituzten zintak aukeratu ahal izateko. Jatorriari baino ezaugarriei erreparatzen diete eta Europan nahiz Estatuan hazitako behienak dira, hamabi eta hamabost urte inguru dituztenenak. Moztu eta prestatu egiten ditu, berriz, Durangoko Kalebarria 42 harategiko Jose Luis Olabegogeaskoetxeak. Bertan, hutsean bildu, jatorriari buruzko informazio guztia biltzen duen etiketan jarri eta bidalketa kutxan sartzen dute.

Hautatua eta mugatua

Bi txuleta mota saltzen dituzte, kilo bateko piezetan. Batetik, Txuleta Maitea izenekoa. Ekintzailearen arabera, «izen hori jarri diogu hori delako enpresa honen helburua. Kalitatezko txuleta, prezio onean. Hori da gure jatorria». Bestetik, Premium Maitea. Behi handi, zahar eta gizenenak direnez, topatzen zailagoak eta garestiagoak izan ohi dira. «Produktu esklusiboa da, behi aukeratuena. Badago oso sibarita den jendea, okelaz asko dakiena eta aukera eman nahi genien». Salneurria 21,95 euro eta 32,95 euro dute, hurrenez hurren, BEZa barne. Horri bidalketa gastua gehitu behar zaio, baina 99 eurotik gorako erosketa eginda doan bidaltzen dute. Aurreikusi zutenaren kontra, bietatik antzera saltzen ari dira, premiuma gutxiago eskatuko zutelakoan baitziren. Eskaintza hautatua eta mugatua da. Hau da, urte sasoiaren arabera, kopurua murriztu ohi denez, ezingo dute eskaintza berdin mantendu. «Etorkizunean eskaera asko baditugu eta okelarik ez badago, ez dago. Nahiago dugu ez saldu, edozer saldu baino. Kalitatea mantendu behar dugu», ohartarazi du kideak.

Negozioari urtebeteko epea emateko asmoa zuten aurrera jarraitu ala ez erabakitzeko, jakin badakitelako Interneten bakarrik egonda saltzea zaila izan ohi dela sortu berri diren dendentzat. «Ez da toki fisiko bat; hori topatzea eta ikusaraztea zaila da». Uste zuten hasieran gutxiago salduko zutela, eta egun batetik bestera asko aldatzen bada ere, oso pozik daude. Espero bezala, Euskal Herrian saltzen dute gehien, baina harrituta daude Andaluziatik eskaera ugari jaso dituztelako. Kidearen hitzetan: «Pila bat eskatzen dute, nik ez dakit zer gertatu den! Oso bitxia da. Hogei bat erosketa izan ditugu».

Sare sozialek badute zeresana emaitza on horretan, baina bestela ere lagungarri izaten ari zaizkie. Izan ere, komunitatea sortzeko duten helbururako tresna ere badira. Erosleek argazkiak partekatzen dituzte prestatutako txuletekin, baita beren trukoak ere. Bi arduradunek hori nahi dute, jendeak galdetu eta iritzia ematea, haiengandik ere ikasteko. Bidea urratuz, bideoak ikusgai jarri dituzte webgunean zartaginean edo parrilan txuleta egoki nola prestatzen duten erakutsiz. Webgunea bera bezala, ez da komeni gose denak ikustea, ahogozoa eragiten baitute.