GARA
PILOTA

Goikoetxearen jokoaz gozatzeko aukera izango da Bilboko festetan

Iñaki Osa Goikoetxea, Buruz Buruko Munduko Txapelketa hamaika aldiz irabazi duen zumaiarra, Hego Euskal Herriko zesta-punta lehiaketa nagusietatik kanpo utzi dute aurten. Arrazoi ofiziala aurrelariak Red Bull markarekin duen hitzarmena izan da, nahiz eta pentsatzekoa den besteren bat egongo zela publikoki esan ez dutena.

Egoera horri aurre eginez, Jai Alai Events ekimenak jaialdi berezi bat antolatu du Bilbon, Club Deportivon, irailaren 25erako. Bertan, eta La Gota de Leche irabazi asmorik gabeko elkarteari laguntzeko asmoz, Goikoetxeak Lardizabal mexikarrarekin jokatuko du Hormaetxearen eta Madarietaren aurka.

Jaialdia 19.30ean hasiko da, eta partida nagusiaren aurretik kinielak jokatuko dituzte. Sarrera 10 euro kostako da, musika emanaldiak eta zozketak ere izango dira, eta diru laguntzak jasotzeko kontu zenbaki bat ere ireki dute antolatzaileek.

Urriza, agertokira

Berriki izandako lesioa gaindituta –asteartean egin zuen 45 minutuko azken proba Iñigo Lekunberrirekin–, Javier Urriza gaur sartuko da lehian erremonteko Buruz Buruko Txapelketan. Egungo txapeldunak Ezkurra II.aren aurka neurtuko ditu indarrak Galarretan.