GARA DONOSTIA

Erakusketa salaketa soziala egiten duelako zentsuratu diotela adierazi du Ausin Sainz artistak

Ausin Sainz artista espainiarrak Salamancako areto batean jasandako zentsura salatu du. Rajoy zein Cristina infantaren buru gainean marraztutako kaka mokordoak dira, itxuraz, erakusketa galarazteko arrazoiak.

«No apta para todos los públicos» erakusketa, gaur inauguratzekoa zena, zabaldu aurretik desmuntatu diotela salatu du Ausin Sainz artista espainiarrak. Bere blogean (ausinsainz.blogspot.com.es) argitaratutako komunikatu batean aipatzen duenez, asteartean dagoeneko ipinita zeukan erakusketa kentzera derrigortu zuten, «arduradunarekin aurretik hitzartutako baldintzak» ez betetzeagatik. Sainzen esanetan, Salamancako Julian Sanchez el Charro aretoko arduradunarekin aurretik ez zuen obraren inguruan ezer adostu.

Salaketa soziala jorratzen duten gaiak izan ohi ditu hizpide Ausin Sainzen lanak. Erakusketa honetarako, Mariano Rajoy eta Luis Barcenas patataren dantza eginez jarri ditu, presidente espainiarrak buru gainean kaka mokordo bat duela. Elementu berbera jarri dio Cristina infantari. «Pentsatzen dut hor egongo dela arazoa», dio komunikatuan. Kalez jantzitako bi poliziak identifikatu eta enpresa batek bere obra nola desmuntatzen zuen grabatzea ere debekatu egin diotela salatzen du. Obrak atzeko atetik atera omen zituzten kalera eta kartoi batzuen gainean euripean egon ziren ordubete inguru. «Gaizkile baten moduan sentiarazi naute», gaineratzen du Sainzek.