Jon GARMENDIA Idazlea
Udate

Eurikor

Zabal edo estu izanagatik, luze edo labur, historiaren zati bat gordetzen dutenak dira karrikak, labirinto formako liburutegia osatzen dutenak. Eta Donibane Lohizunetik promenatzerakoan, nongotasunari beha historia hori zeinen desberdina izan daitekeen ulertzeko parada izan duzu.

Ez da falta Manuel Sein «Xanpun» bertsolariaren karrika, ez eta Martin Guilbeau lapurtar politikari euskaltzalearena ere, baina hauek, besteak baino gordeago daude. Gaur hala ere, «Rue de la Republique» da izar nagusia, hark ukanen du distirarik handiena frantsesen egun nazionalean, horregatik agian ez du euskaraz idatzitako azalpenik. Handik metro gutira ordea «Rue du 17 Pluviôse» dago, euskaraz «Eurikorraren 17ko karrika», 1794ko otsailaren 5a oroitzeko, Konbentzioko armaden garaipena.

Horrek ekarri dizu gogora, garai batez egutegi desberdin bat izan zuela Frantziak, errepublikarra, elizak agindutako santurik onartzen ez zuena, eta urtea irailaren 22an hasten zela haren gidaritzapean, udazkeneko ekinoziarekin batera, asteak 10 egun zituela, eta hilabeteak 30.

Mauleko udal kontseiluko kide bati esker euskara itzuli zen «Çaspigerren ourtheko Qhoundaderra» izenarekin, eta naturarekin zerikusia zuten izenekin ezagutzen ziren urtaroetako hilabeteak. Udazkenekoak Mahaxte, Lainote eta Izozte ziren, Negukoak Elurkor, Eurikor eta Haizekor, Udaberrikoak Sapadun, Lilidun eta Belardun, eta udakoak Bihilis, Berolis eta Frutilis; azken hau bukatu ondotik 5 eguneko jai nazionala ospatzen zen.

1806ko urtarrilaren 1ean baliorik gabe utzi zuen Napoleonek egutegi hura, metafora bailitzan, kontatu dizutenez errepublikak lortutako demokrazia izpi guztiak egunez egun desagertzen joan baitira geroztik.

Eta gaur, karrika horri beha, nahiago duzu benetako garaipena egun bat lehenago izan zela pentsatzea, 1794ko otsailaren 4an esklabotza debekatu zuelako konbentzio frantsesak bere kolonia guztietan.

Aurrerantzean gizaki guztiak berdin izan zitezen, ez behinik behin koloreak desberdinduak, nahiz eta koloreak desberdinago egin dituen ondorengo mendeetan, diruarenak.