Jon Garmendia
Udate

Ortografoak

Hizkien itsasoan ortografo bilakatu ohi zaretela erran dizu, eritasun bat sendatu ahal duen medikuaren gisako, eta zuk nora ezaren naufrago bazinate bezala hartu duzu aipamen hori, beti zerbaiten xerka, izan uharte eder, edo izan zurezko lema; baina erran duena pentsatzeko denbora baliatu ostean, hitzen oihanean galtzen diren arima bakartiak zaretela ulertu diozu, ortografiaren argia atzeman eta iman bat bailitzan bide zuzenera erakartzen zaituztetelako berak. Poesia ezarri behar baitiozu zure izateari, hobe hori kakingarri bat zarela pentsatzea baino. Nahiz eta, laburpen azkar eta zehatz bat egin behar bazenu, purista deitu dizula erranen zenukeen. Hizkuntza, zure, eta zu bezalakoen esku balego bezala portatzen zaretelako sarri, sarriegi. Uda, itsasbazterrean larruazala beltzatzen pasa edo barnetegi bateko ikasgelaren zokoan, bien tarte horretan diferentzia nabarmena baitago. Hori aitortu dizu azkenean, bere lan orduen pausa, burua estutu eta lanean jarraitzeko baliatzen duen bitartean, zuek, firin-faran zabiltzatela, berez jaso zenutelako hizkuntzaren trebezia, esfortzurik egin behar izan gabe. Ez legokeela gaizki, noizean behin, «hau ez da horrela erraten» edo «hau horrela erran behar da» adierazi ordez, gaizki hitz egiten duela leporatuko bazenio bezala, goxoagoa izan, eta bere meritua errekonozitzea lehenik eta behin. Baina zertaz ari den galdegin diozu orduan, eta zurekin eduki duen elkarrizketan lau aldiz hitza kendu eta akatsak zuzendu dizkiozula aitortu dizu, zuretzat, erraten zuenak baino nola erraten zuen garrantzitsuago balitz bezala. Adibidez, «etxean nintzen sartu eta ohartu ere zein bakarrik bizi naiz» kontatu dizunean. Ados, hitza moztu diozula onartu diozu azkenik, baina hori ez dela ortografo izatea, ez duela arrazoi, gramatika dela hor gaizki, beraz izatekotan gramatiko bat zarela.