Jon GARMENDIA
Idazlea
Udate

Itzalkina

Udako goiza miraila bat da, ispilu bat, itsasbazter bakar batek eskaintzen dituen aukera desberdinak ikusteko talaia parekorik gabea; bai behintzat zeru gain eguzkia jaun eta jabe delarik. Eta nire itsasbazterrean anitz dira harat-honat dabiltzanak goizaren abaroan: autotik trasteak atera eta hondartzara abiatu den familia adibidez, saltoka eta irribarretsu, aita salbu, itzalkinaren xerka itzuli behar izan baitu mekauendioska; edo bi mutiko gazte bestela, surf taula eskuetan hartu, neoprenozko jantzi beltza gerriaren bueltan bildu, eta heien gorputzaren ederra kresalari eskainiaz; amu anitzeko koraina erakusgai dakarren arrantzalea ere igaro da nire begipetik, ordu ilunak txibien xerka aritu ostean deskantsua hartzeko bidean, eta, azkenik, ondoko aulkian, liburu bat irakurtzera eseri den 50 bat urteko emakumea. Erdi eguzki, erdi itzal, plazer betean dago, harik eta musua gorri-gorri eta kopeta izerdi patsetan duela, ur ondoko muinotik korrika jardun den gizon bat hitz egitera heldu zaion arte:

-Bonjour Madame, vous avez l'air heureux avec ce beau temps (Egunon emakumea, zoriontsu dirudizu eguraldi eder honekin).

-Oui mais j'ai entendu dire que ce soir cela va changer (Bai, baina gauerako aldatu egingo dela entzun dut).

-Ah pourtant moi j'ai entendu qu'il ferait beau toute la semaine (A, ba, aste osoan eguraldi ona izango dugula entzun dut nik).

-Pourvu que vous ayez raison, passez une bonne journée (Ea hala den eta arrazoi duzun, pasa egun on bat).

Gizonak ere agur erran dio, eta bere bidetik joan da, pozik, arima bakarti bati konpainia pixka bat eskaini diola pentsatuko balu bezala, «mission accomplie»; ni ere pentsakor gelditu naiz, ederra delako bizilagunak elkarrekin solasean ikustea, elkarri egun on bat desiratzen, adeitasunez, eta eguraldia gure zorionaren zatien jabe dela pentsatzen dudalako bestalde; baina, une horretan, emakumeak hitz egin dit: Porquoi certains éprouvent le besoin de venir parler de la pluie et du beau temps? Alegia, ez duela ulertzen eguraldiaz hitz egitera hurbiltzen diren horien beharra. Buruarekin baietz erran diot, baina isilik gelditu naiz, ez baitakit nola agurtu uda eguzkitsu bat opa gabe.