Amets TXURRUKA
Caja Rural taldeko txirrindularia

Pinotxo

Gezurrak esan ahala sudurra hazten zitzaion egurrezko panpina denok daukazue gogoan, ezta? Bada, gaur, ipuin horretan oinarrituko naiz, txirrindularitzaren munduan ere, «Pinotxo» asko daudela uste baitut.

Nire gaitasun fisikoak mugatuak direla badakit, eta hori jakinda, prestakuntza arloan ahalegin handia egiten dut gorputzak eman diezadakeen mailarik altuenera iristeko. Lan guztiak ahalik eta txukunen eginda eta sasoirik onenean iritsita ere, lanak izaten ditut lasterketaren aurrealdean borrokan ibiltzeko. Horregatik, sarritan amorrarazi egiten nau entrenatu gabe eta sasoi onenetik oso urrun datozela esaten duten horiek eguna joan eta eguna etorri etapak lehiatzen eta sailkapenaren aurrealdean ikusteak.

Honekin ez dut esan nahi dauden lekuan egon behar ez luketenik, are gehiago, meritu izugarria dela deritzot aurrean egotea. Kirol maila ikaragarria dutela ere ez du inork zalantzan jartzen, baina, aizu, ez dezatela esan entrenatu gabe iritsi direnik edota arazo fisikoek mugak jartzen dizkietenik, gutako asko gutxiesten baitituzte halako komentarioek.

Adibiderik garbiena, madrildarra da. Alberto Contador hiru asteko itzulietan egungo txirrindularirik onena da zalantzarik gabe, eta, nire ustez, aurtengo edizio hau irabazteko hautagai nagusia. Tourreko erorikoaren ondoren, meritu ikaragarria du Vuelta prestatu eta egiten ari denak. Baina denok dakigu, Vuelta prestatu, prestatu duela, baita maila onean iritsi dela ere. Beraz, ez du zertan kontrakorik esan behar. Baina, dirudienez, ondo prestatu gabe iritsi eta mailarik onena emanaz aurkariak zapaltzeak meritu gehiago du.

Antzeko zerbait gertatu ohi da gaurkoa [atzo] bezalako erlojuz aurkako lehietan. Lehen sailkatuen artean agian ez, baina atzerago dauden txirrindulari askoren elkarrizketak honelakoak izan ohi dira: «estutu gabe egin dut kronoa», «paseoan atera naiz», «indarrak gordetzeagatik ez dut estutu», «ez dut arriskatu»... Baina, denborak begiratuz gero, hainbestean denak ere!

Bi ondorio atera ditzaket: edo neu naiz oso-oso txarra eta ez dut honetarako balio, edo bestela, gezurtero askotxo daukat inguruan eta denak ere neure antzean ahalegin betean badabiltza ere, kontrakoa erakutsi nahi izaten dute.

Agian neu naiz oker nabilena eta hilabete pasa altueran kontzentratuta entrenatzen pasa beharrean, Karraspioko hondartzan tripaz gora egotea hobe litzateke. Antzeko planean egon ondoren irabazi omen zuen 2008ko Giro hura madrildarrak. Eta, honen taldekide Majkak ere, aurtengo Tourrera oporretatik zuzenean joanda irabazi ditu bi etapa eta mendiko sailkapen orokorra. Egunotan jakingo dugu datorren urterako prestakuntza aldatu behar dudan edo, Pinotxori modura, sudurra haziko zaien bati baino gehiagori gezurrak esatearren.

Bukatzeko, Vuelta honetako egunik garrantzitsuena iritsi zaigu guri. Iruñean hasi eta Aralarko Santutegian bukatzen den etapa. Ez dizuet esango urduri ez nagoenik, bestela sudurra hasiko zait. Ondo entrenatuta eta ilusioz beteta nagoela eta protagonista izateko ahalegin denak egingo ditugula diotsuet. Gero, agian, azken talde handian iritsiko gara, baina nahiago dut benetan sentitzen dudana esan eta egiten saiatu. Helburuak bete ez arren eta maila eman ez arren ere, zaletuon maitasuna jasoko dugun bermea daukagu, beraz, edozer gertatuta ere, asko gozatuko dugun dudarik ez daukat! Aldez aurretik, eskerrik asko!